Dokumentuaren akzioak
Pastoral, tobera eta maskaradatik kultur erreferentzia berriak aurkeztuz
«West Ibarra Side Story» ikusgarria Bunuzen
Ondoko uztailaren 13an eta 17an aurkeztuko dute Bunuzen Oztibarreko 140 herritar elkartzen dituen «West Ibarra Side Story» ikusgarria. Bunuzeko Xoriak dantza taldearen 30. urteurrenaren karietara antolatu duten ikuskizun «erraldoi» horrek dantza, musika, antzerkia, bertsolaritza, bideoa eta abestiak elkartuko ditu. Mattin Irigoienek landu du antzerkia, eta Iñaki Etxelekuk aurkeztuko du. Euskal kulturaren bizitzeko eta ezin bizitzeko arrangurak aipatzen dituen obra hori pastoral formatuan agertuko badute ere, toberaren eta maskaradaren erreferentziak hartzen ditu, betiere, obra guztiz berritu bat eskaintzeko.
Dantza, musika, bideoa, antzerkia, bertsoak eta abestiak uztartzen ditu "West Ibarra Side Story" ikusgarriak, eta ondoko uztailaren 13an eta 17an, arratseko bederatzietan, emanen dute Bunuze herrian.
Pastoral erraldoi baten formatuan, Mattin Irigoienek asmatu duen ikusgarri hori, New Yorken filmatu zuten film baten ildotik dator, "West Side Story", baina Oztibarre eta, bereziki, Ipar Euskal Herriko arrangurei egokitua. Izan ere, «euskal kulturak bizitzeko eta ezin bizitzeko dituen arazoak» direla-eta, euskaldunok ditugun kezkak plazaratzen dituzte 140 herritar elkartzen dituen obra erraldoi horretan.
Zer da euskaldun izatea egun? Nola urrundu euskaldun izatearen estereotipotik? edo urrunago joateko, nola lotu, berriz, euskal kultura egungo bizimoduarekin, kultura folklorismo hutsa edo museoan eder azaltzen den zerbait ez izateko?, dira ikusgarrian planteatzen diren itaun nagusiak.
Izan ere, kulturaren eta euskalduntasunaren bilakaera eta bere egokipena egungo gizartearen errealitateari azaltzen ditu "West Ibarra Side Story"k.
«Ikusgarriak ez du morala egin nahi, baina lekuko errealitate baten ispilua izan nahi du», nabarmendu zuen Mattin Irigoienek. Atzo eta gaurko euskal gizartearen iritzi askotarikoak aurkezten ditu Irigoienek antzerkian, errealitate orokorra eman nahian.
Azken batean, Iñaki Etxelekuk aurkeztu duen ikusgarri horrek, batez ere, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aurki daitezkeen kultur erreferentzietatik harago joan nahi du. «Adierazpide ezberdinak nahasteko ideia ikusgarriaren ildotik doa. Nolabait, desegite prozesua sortzen da, forma berriro guztiz egiteko», gehitu zuen Irigoienek. Arrangura nagusi horiek adierazteko, "West Ibarra Side Story" lau zatitan eta lau galdera nagusitan banatu dute: Nongoak gara? Norenak gara? Nora abian gara? Zertan gara?. «Galderak oso existentzialak dira», zehaztu zuen Irigoienek.
"Nongoak gara?" zatian, Oztibarreko gizartea, hau da, Paristik datorren errienta, apaiza, bertsolaria edo Amaiurren gerran ibili den gudari ohia aurkeztuko dituzte. "Norenak gara?" zatian, berriz, herriaren errealitatearen iritzi ezberdinak azaltzen dituzte.
«Bada jendea pentsatzeko zer den ona herriarentzat, baina errealitatea ez da begi bakar batekin ikusten. Ikuspegi horiek guztiak kontuan hartzeak gure errealitatea ezagutzen laguntzen digu», argitu zuen egileak. Azken bi zatietan Bunuzeko Xoriak dantza taldearen sorrera eta denbora horre-tan izan den folklorizatze eta kultur desegitea landu dituzte.
Ikusgarriak Oztibarre haraneko errealitatea goraipatzen badu ere, irudien bidez, egoerak eremu zabalago batera hedatzen dira. «Gure arazoak azken batean, mundukoak dira», adierazi zuen azkenik.
Bunuzeko Xoriak dantza taldearen 30. urteurrena
A.B.
BUNUZE
"West Ibarra Side Story" ikusgarria egiteko ideia Bunuzeko Xoriak dantza taldearen 30. urteurrenaren kariaz abiatu zen. «30 urte pasatu zirela-eta, dantza taldearen bilakaera goraipatzen zuen ikusgarria egin nahi zuten, eta horretarako erreferentzia pastorala zuten», argitu zuen Mattin Irigoienek. 2003ko martxoan bildu ziren lehen aldiz ikusgarria antolatzeko. Halere, dantza taldearen bilakaerari lotu baino gehiago, ikuskizuna eremu zabalago batean murgiltzeko gogoa azaldu zuten. «Dantza taldearen bizitzatik abiatzen da, baina, azkenean, gure kulturaren bizitzeko edo ezin bizitzeko arrangurak aipatzen ditu ikuskizunak», gehitu zuen. Izan ere, taldea duela 30 urte sortu zelarik, lehenik haurrak, eta, ondotik, gurasoak lotu zitzaizkion taldeari. Hasieran, bereziki, turistentzat dantzatzen ziren, eta geroago abiatu zen dantza eskola. «Haurrak taldean sartzen baziren ere, beste hainbat dantza taldeetan gertatzen den bezala, nerabe zirela abiatzen ziren», burutu zuen. Oztibarreko zortzi herriak elkartuak proiektuan
"West Ibarra Side Story" ikuskizunerako Oztibarre haraneko zortzi herrietako herritarrak elkartu dira. Ibarla, Arantzuza, Bunuze, Hozta, Jutsi, Larzabale, Izura eta Donaixti dira zortzi herri horiek. Orotara, herri horietako 200 bat lagun elkartu dira ikuskizun horretan. Urtebetez, antolaketan dauden herritarretatik kanpo, 140 lagun bildu dira taula gainean. Izan ere, 25 dantzari, 100 antzezle inguru eta hamar musikari daude. Bunuzeko soroetara, gutxi gorabehera 2.000 ikusle joatea espero dute. -
Dokumentuaren akzioak