Dokumentuaren akzioak
Pasioaren esklaboak
XX. mende hasieran Donostian dantzatu ziren Ballet Errusiarrak gogoraraziko dituzte
Zortedunak dira gustuko zereginetan arituta bizimodua aurrera ateratzen dutenak. Sakrifizio hitzaren
zentzurik txarrenak zentzua galdu ohi du horrelako pertsonentzat, eta
gozamen iturri bihurtzen zaie egunerokoa. Zortedunen multzo horretako
hiru dira Olivier Luzea (Baiona, 1972), Asier Uriagereka (Mungia, 1975)
eta Asier Edeso (Donostia, 1986). Pasioz bizi dira, eta pasioak bizi
ditu. Montecarloko Balleteko dantzariak dira, eta egunotan Donostian
dira, Musika Hamabostaldian dantza egitera etorri baitira. Atzoko
saioaren ondoren, gaur ariko dira bigarrengoz Kursaal auditoriumean,
20:00etan hasita. Ballet Errusiarrak, 1916an eta 1918an Donostian
aritutako inoizko dantza talderik ospetsuena, omendu nahi dituen
ikuskizuna taularatuko du Montecarloko Balletak. Igor Stravinskiren Udaberriaren sagaratzea eta Nikolai Rimsky-Korsakoven Scheherezade obrak
interpretatuko dituzte, Jean Christophe Maillot koreografoa buru
dutela. Uriagerekaren ustez, XX. mende hasierako lanari gaur egungo
ukitua eman dio zuzendariak, «askoz ere kontzeptualagoa».
Gorputzaren ezaugarrien arabera, pertsonaia bat ala bestea
egokitu ohi zaie dantzariei. «Asierrek [Edeso] eta biok ezaugarri
bertsuak ditugu, eta antzeko pertsonaiak interpretatu ohi ditugu»,
azaldu du Luzeak. Uriagerekak, altuagoa izaki, «printzeen erako
pertsonaia nobleagoak» antzezten ditu. Kursaaleko ikuskizunean, dena
den, esklaboak izango dira bera eta Edeso. «Istorioko sua pizten dugu.
Sultana anaiarekin gerratik itzultzen denean, ikusten du bere
emakumezko esklaborik gustukoena orgia erraldoi batean dagoela.
Konnotazio sexual handiko obra da». Buruzagiari emakumezko esklaboak
eramatea du betebehar Luzea, pertsonaia «gaiztoa» da, «batetik,
jabearen atentzioa eman nahi duelako, eta, bestetik, emakumeak
bereganatu nahi dituelako».
Mundu osoko 44 dantzari igoko dira agertokira, 20
herrialdetik gorakoak. Ingelesez mintzatzen dira gehienak, eta «oso
harreman ona» dute. «Hemen denok bat gara, badakigu guztiok garela
garrantzitsuak. Errespetu handiz jokatzen dugu gainerakoekin, haien
maila kontuan hartu gabe. Beste konpainietan egon daitekeen hierarkia
horrek ez du lekurik gurean». Edesok bi urte daramatza taldean, eta
ados dago bi beteranoekin. «Sartu nintzen unetik sentitu naiz
konpainiako zati. Jendea oso abegikorra da, eta pasioa sumatzen da
nonahi. Obraren osotasunari ematen zaio garrantzia, baina norberaren
indibidualismotik abiatuta, betiere». Zuzendariak «lan handia» egiten
du esparru horretan, koreografoa den heinean. Luzearen ustez,
koreografoekin sortzen den harremana «estuagoa» da beti, «intimoagoa».
Uriagerekak hamar urte igaro ditu Maillotekin lanean, eta harreman
sendoa duela aitortu du. «Badaude harengandik gertuago dauden batzuk,
eta beste batzuk ez daude hain gertu. Giza harreman guztietan bezala,
zenbat eta esperientzia handiagoa partekatu, orduan eta sendoagoa
bihurtzen da erlazioa. Hori, edo betirako banatzen zara».
Haritik tiraka
Diziplina eskatzen du dantzari profesional izateak,
jarraitasuna eta lana. Esfortzuak indibiduala behar du izan. «Beste
kirolariei erreparatu eta prestatzaile fisiko bat izan ohi dute
gehienek, une bakoitzean zer komeni zaien esaten diena. Guk ez dugu
horrelakorik, norberak ikusi behar du zer datorkion, eta horren arabera
prestatu». Baina ez dute kexurik, zortedun dira, eta badakite. Denboran
atzera egin, eta umetatik dantzari izan nahi zuela oroitu du Luzeak.
«Amaren ileordeak hartu, eta dantzan aritzen nintzen etxean, 7-8 urte
nituela. Birsortzea zen kontua, eta gurasoek hori ikustean, dantza
eskolan apuntatu ninduten». Edesaren hastapenak ez dira aspaldikoak,
eta garbi gogoratzen ditu. «Hasiera batean karate eskolan eman nuen
izena, baina lehen kolpeak jasotzean utzi egin nuen. Garai hartan
lehengusina bat dantzan aritzen zen, ikusi nituen bere dantzaldi
batzuk, eta pentsatu nuen hori egin nahi nuela». Uriagereka ere karate
klaseetan aritutakoa da, baina ez askorako. «Karatearen ondoren euskal
dantzetan hasi nintzen, baina ez ninduten asetzen. Mungiako dantza
klasikoaren eskolan sartu nintzen unean, aldiz, liluratuta geratu
nintzen».
Orduan hasi zen gurpila jiraka, eta gaurdaino iritsi dira.
Profesionalen mundurako jauzia ez da erraldoia, ordea. «Hari batetik
tiraka zoaz, eta erabakiak hartu behar dituzu. Batzuk izaten dira
egokiak, besteak ez. Denborarekin ikusten duzu aukerak sortzen
zaizkizula han-hemenka, eta ohartzen zara beti nahi izan duzun hori
errealitate bihur daitekeela». Luzeak bidean geratutakoak izan ditu
gogoan. «Eskolako azken mailan nengoela, konturatzen nintzen zorteduna
nintzela. Lana bilatu behar nuen, eta lehen entzunaldian hartu
ninduten. Nire lagun asko, ordea, jauzi hori eman ezinda geratu dira».
Dokumentuaren akzioak