Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pasaiako euskaldun bat Suitzako dantza klasikoko konpainia garrantzitsuenean

Dokumentuaren akzioak

Pasaiako euskaldun bat Suitzako dantza klasikoko konpainia garrantzitsuenean

«Euskal dantzak ala klasikoa?». Bien artean bakarra aukera zezakeela esan zioten oso gazte zela.

Mota
Albistea
Data
2003/03/23

Iker Murillo Pasai Antxon sortu zen duela hogeita bost urte. Gaztea da, baina dantzari gisa nabarmentzeko moduko ibilbidea egina du honezkero.



Mentxu Medelen akademian, Donostian, hasi zen baletaren alorrean. Hamabi urte besterik ez zituen orduan. Hamasei urterekin Madrilera abiatu zen eta Carmen Rocherekin jarraitu zituen ikasketak.



Hala ere, hiri horretan ez zituen bi urte ere egingo, Alemaniara joateko aukera eskaini baitzioten, Stuttgartera. John Cranko Schulen bi urteko karrera egin zuen pasaitarrak.



Ikasketak bukatu eta Alemanian jarraitu zuen Iker Murillok, Saarbrücken, hango konpainia batean. Lau urteko esperientziaren ondotik, Zuricheko Balletak zabaldu zizkion ateak eta bertoko kide da orain eta denbora luzez, hori espero du behintzat.



Gaur egun Europan dauden dantza-taldeen artean ospetsuenetako bat da Heinz Spoerlik zuzentzen duena. Mundu osoko berrogei bat profesionalez osatuta dago Zuricheko Balleta. «Pieza klasiko eta neoklasikoak egiten ditugu; oinarrian klasikoa, baina errepertorio zabala dugu», Iker Murillok azaldu duenez.



Gustura dago konpainian eta berarekin mundua ezagutzen dabil. «Bira ugari egiten ditugu: aurrekoan etxera etorri ginen, Biarritzera; Moskun ere izan gara eta Japonen, hiru astez. Bilbokoak denboraldi honetako azken emanaldiak izango dira, egingo dugun hurrengo ikuskizuna opera bat izango baita Zurichen, baletarekin, koruarekin, orkestrarekin, muntai garrantzitsua da. Saio asko egingo ditugu, eta, horregatik, ez goaz orain bira bat egitera, baina geroago bai, Txinara joango gara, Ameriketara».



Orain artean, Japonia eta Moskuko esperientziek utzi dituzte irudi onenak bere oroimenean. Batez ere azkena, «dantzari baten ametsa Bolshoien dantzatzea delako», gogoratu du.



Hemezortzi urte zituenetik profesional da Iker Murillo. «Oso ondo doakit ­dio­. Mutilentzako errazagoa da Euskal Herrian nabarmentzea, gutxiago garelako. Hori bai, Alemanian, Frantzian emakume beste gizonezko jardun da dantzan». Tamalez, baletean zeregin gutxi dago Euskal Herrian, Iker Murilloren hitzetan. «Hemen ez dago ezer ere ez eta kanpora jo behar duzu. Tristea da, baina hala da. Aukera duzu Madrilera joateko, han bi konpainia dira Duatorena eta Ullaterena, baina zerbait desberdina ikusi behar duzu eta karrera egiteko ere errazagoa da kanpoan», jarraitu du.



Dantza ulertzeko moduan ikusi du alde gehien Euskal Herriaren eta Europako beste herrialde batzuen artean. «Kultura desberdina da: Zurichen dantzari bat hemen futbolaria izan daitekeenaren parekoa da. Saio ugari ditugu, antzokiak beteta daude. Zurichen baleta eta opera bakarrik izaten dira. Batzuetan astean hiru edo lau saio ditugu eta sarrerak salduta daude, den-denak».



Ikuslearen jarrera ere oso desberdina da. «Esaten didatenean Maiatza Dantzan dela Donostian eta antzokia ez dela betetzen pena handia sentitzen dut, urtean hilabete bat delako».



Pozik da gustuko duena egiten duelako, baina lanbide gogorra ere bada. Zortzi ordu egiten dituzte egunean eta estreinaldi baten aurretik hiru astez egoten dira egun librerik izan gabe.

Dokumentuaren akzioak