Dokumentuaren akzioak
Pasaiako Aurresku Txapelketak 24 urte beteko ditu hilaren 30ean
Iazko txapeldunak, Aiert Beobidek, dagoeneko eman du izena. Saria Jesus Jauregiren eskultura da
Hilaren 24ra arte dago izen emateko epea, eta dagoeneko parte hartzea erabaki dutenen artean iazko txapelduna dago, Aiert Beobide donostiarra.
Beti hogei-hogeita hamarren bat lagunek eman izan dute izena. Hamasei lagunek baino gehiagok emanez gero, datorren larunbatean kanporaketa jokatuko da, eta finalean hamar onenak jardungo dira, lan hauek egin beharko dutelarik: lehenengo partean, Agurra eta Alpargata; bigarrengoan, Zortzikoa.
Parte-hartzaileek bost zortziko desberdin prestatu beharko dituzte, eta jendaurrean bat bakarrik dantzatu beharko. «Azken unera arte ez du jakingo dantzariak zein pieza joko dion txistulariak. Era honetara, dantzariak trebetasun handiagoa erakutsi beharko du, bistan da», adierazi zuen atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako aurkezpenean Alkartasuna taldeko Ibon Irijoak.
Epaimahaia nortzuek osatuko duten adierazi zen baita ere atzoko agerraldian. Lagun hauek ariko dira epaitzen: Jose Luis Vallejo (Tolosa), Xabier Mendizabal (Donostia), Izaskun Emazabal (Hondarribia), Mónica Bañales (Donostia) eta Santi Bañales (Donostia). Euskal Dantzarien Biltzarrak aukeratuak dira.
Jesus Jauregik egindako eskultura emango zaio irabazleari. Dantzariak hiru urtez segidan edo bost urtez txandaka irabazten duenean eskubidea dauka eskultura hartu eta bere Udalari emateko behin betirako.
Txapelketaren 24 urte hauetan zehar bost eskultoreren lanak eman izan dira saritzat: Nestor Basterretxea, Ricardo Ugarte, Mikel Cristti, Antxon Mendizabal eta Jesus Jauregi.
1981. urtean, txapelketaren lehen aldian, Mikel Pontesta gertatu zen garaile, eta hurrengo urtean Xabier Mendizabal, aurten epai-mahaian jardungo dena. Ondorengo urteetan, zazpi aldiz gertatu zen garaile Mikel Sarriegi. 90ko hamarkadan, berriz, Edu Muruamendiaraz eta Jon Maya nabarmendu dira batik bat. Bergaran jaiotako dantzariak hiru aldiz jantzi du txapela, eta Maya errenteriarrak bost.
Alkartasuna dantza taldearekin batera, Pasaiako Udala aritzen da antolaketa lanean. Babesle nagusia, berriz, Kutxa da.
Dokumentuaren akzioak