Dokumentuaren akzioak
Pas de Basque-k zamaltzain bihurtuko du Kursaala
Argia dantza taldearen ikuskizunak hiru koreografia urratzaile biltzen ditu bere baitan
Juan Antonio Urbeltzen eta Argia dantzari taldearen azken lana urrats berri bat da, ondare tradizionalaren sustraietatik abiatu eta, modu erabat garaikidean, euskal dantzaren eredu berrietara garamatzana.
Pas de Basque brikolaje lan xaloa da, eta bertan Juan. A. Urbeltzek dantza, emozioak, erritmoak, keinua, musika eta lilura bezalako lanabesak erabiltzen duen maisutasuna erakusten du berriz ere.
Ikuskizunak hiru koreografia biltzen ditu bere baitan, tradiziotik etorkizunera lotsagabeki begiratzen duten hiru proposamen: Almute eta ezpataren desafio dantzak, patuaren zinta dantzak («ezkontzetan eta dantzatzen ziren ezkonberriei zortea ekartzeko», azaldu zuen Urbeltzek) eta inauteria, non Zamaltzain eta buhameen figurak ariko diren.
Tokian tokiko tradizioei eusten ibilbide sendoa eta dantzarien formazioa zorroztasuna erakutsi duten zenbait dantza taldetatik hautatu 40 dantzarik osatzen dute taldea. Donostiako Argiakoez gain, dantzariak Añorgako Arkaitz, Elgoibarko Haritz eta Eibarko Kezka taldeetakoak dira. Ana Remiroren gidaritzapean formazio garaikidea duten hiru dantzarik biribiltzen dute dantzarien taldea.
Hala, musika moldaketak Marian Arregi eta Mikel Urbeltzenak direla, dantzak hegan egingo du musikari tradizionalen talde grinatsuak jotako doinu sorginduen erritmora.
Dokumentuaren akzioak