Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «‘Pas de Basque’ dantza klasikoko urratsa gurea da, ez ahaztu»

Dokumentuaren akzioak

«‘Pas de Basque’ dantza klasikoko urratsa gurea da, ez ahaztu»

Juan Antonio Urbeltz, Koreografo eta pedagogoa

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Miarritze
Mota
Elkarrizketa
Data
2002/09/15
•Zergatik eman diozu Pas de Basque izena ikusgarriari?


Pas de Basque urrats berezi bat izendatzeko erabilia da dantza klasikoaren munduan. Munduko dozein herritan Pas de Basque erraten dute. Hori dela eta, urratsa erabiltzen dutenei hauxe adierazi nahi diet: «Egunero erabiltzen duzuen urrats hori gurea da, ez ahaztu».

•Zer da zuentzat Gare du Midi aretoan aritzea?


Errusiar baletak dira aurtengo Maitaldiaren gaia. Dantza konpainia asko daude; maila izugarri onekoak, gainera. Eta gu erdian. Gela horretan hartzea lehia bat balitz bezala ikusten dut: hara sartu eta ikusgarria ondo ematea dugu helburu.

•Euskal dantzak dantzatzeko eginak dira gehienbat. Zure ikusgarriak, aldiz, gehiago begientzat dira, ez?

Duela 150 urte igandero ziren dantzatzen euskal dantzak. Normala zen. Gaur egun ez gaude horrela, ez da normala. Gure asmoa da Euskal Herriko dantzek zer balio duten, nolakoak diren erakustea. Ahal bada, eredu batzuk finkatu nahi ditugu, herri kultura antzokira eramateko. Gure tartean egitea ez da nahikoa. Hiri gizarte batean gaude, antzokien kulturan. •Ikusgarriak zer ildo jorratzen du?

Hiru zati ditu. Lehengo zatiak lehia du aipagai, Bizkaiko dantzen bitartez. Horren barruan Almute dantza eginen dugu, besteak beste. Ez dugu, ohi den bezala, Aldapeko adarraren sagarraren doinuan eginen; Durangoko batekin. Bigarrena Patuaren dantzen inguruan kokatu dugu: zinta-dantza eta Nafarroako Ingurutxoa. Erdian bizia irudikatzen duen zuhaitza, eta dantzariak heriotzaz eta biziaz dabiltza. Azken zatiak inauteriek osatzen dute; Zuberoakoek, hain zuzen. Bertan, nire sorkuntza bat jarri dut: zamaltzainaren eta buhamexen arteko dantza. Dantza galdua zen, eta guk berreskuratu dugu. Europako zaldi guziak bezala, Zuberoakoa ere beti neskazale izan da. Horren inguruan kokatu dugu dantza.

•Zure azken ikusgarriak historio bat kontatzen zuen. Oraingoan zatien artean ez da loturarik?

Ikusgarriaren ardatza dantza indibiduala da. Sarrera pertsonalak begiratu ditugu bereziki. Horregatik, ez da hitzik, ez ipuinik. Soilik musikariak eta dantzariak daude. Orain arte dantza bere zentzu kolektiboan ikusten eta prestatzen pasatu ditut urte asko. Pas de Basque ikusgarrian dantzari bakoitzaren grazia eta trebetasuna erakustea hautatu dugu. Hori dela eta, bakarkako dantza gehiago izanen dira Pas de Basque ikusgarrian.

•Zergatik?

Zentzu kolektiboaren eta zentzu partikularraren artean oreka bat aurkitu behar da. Euskal Herrian, beste herri batzuetan bezala, abesbatza aparte, abeslari onak bazeuden. Dantzari onak ere badaude. Denek ezagutzen dute beren trebetasuna. Herrian erreferentzia bat izaten da. Herrixka batera dantza bat ikastera joaten zerenean, ardura, hauxe diote: «Zoaz haren etxera; oso ondo ezagutzen dut, oso dantzari ona da». Oro har, bakoitzak daukagu dantzan aritzeko trebetasuna. Onak badira ere, ez dira agertzen antzokian. 40 dantzarien artean, lan pertsonala ez da ikusten.

•Zuberoan dantzarien arteko lehiaketak antolatzen ziren. Gaur egun ere, noizbehinka egiten dira. Ildo beretik joan zarete?

Ez. Pas de Basque ez da lehiaketa hutsa. Baina badaude lehia bezalako gauzak, Zuberoa erreferentzian hartuta.

•Euskal Dantzarien Biltzarrak lehiaketa bat sortu nahiko luke sorkuntza sustatzeko. Zer iritzi duzu zuk?

Horrelako gauzek beldurra ematen didate. Konpontzen, lehiaketa batekin gauzak ez dira konpontzen. Lehiaketa batean lau sorkuntza txar sartzen badira, zer egin behar dugu? Onartu behar ditugu? Ideia ez da berria. Orain dela 35 bat urte horrelako lehiak antolatu zituzten Hegoaldean. Zer dantza ateratzen zen hortik...

•Zer egin behar da, beraz?

Nire ustez, sorkuntza bakoitzak daukagu barruan. Bakoitzak berea. Hori erabili behar dugu. Badauzkazu burua eta sensibilitatea zerbait egiteko; beraz, egin, arazorik gabe. Gero, gizarteari dagokio erne egotea, zure sorkuntza ona den ala ez ikustea. Lehia ez da konponbidea. Zerbait egiteko, zure kultura ondo ezagutu behar duzu. Horretarako, ohitura zaharrak ondo finkatu, ikertu behar dira. Ondotik gure sensibilitatea zorroztu behar dugu eta, azkenik, gauzak egin. Ez dut ikusten beste biderik gure ondarearen atxikitzeko.

•Bada 40 urte dantzaren munduan ikertzen, dantzak sortzen ari zarela. Nola gaude gaur egun?

Eboluzioa baikorra izan da. Hobeto gaude. Halere, digestioarentzat gehiegi egin dugu. Azkeneko 40 urteetan anitz ikertu dugu. 500 doinu, jantziak, tresnak, eredu orkestralak, teoriak, sinbolismoak, milaka gauza. Ororen buru, janari asko da. Jendea leporaino dago. Gorputzak ezin du gehiegi. Garbi da, hala ere, egin behar dugula. Bizi bat bakarrik daukagu. Nahi eta nahiez egin behar dugu. Baina orain ohartzen naiz daukagun materialarekin 100 urte lasai iragaiten ahal ditugula.

antzokiak

«Euskal dantzak gure artean egitea ez da nahikoa. Hiri gizarte batean gaude gaur egun, antzokien kulturan»

40 urteko ikerketa

«Dantza pila bat berreskuratu, ikertu dugu. 500 bat doinu artxibatu ditugu. Jantziak ere bai... Beharbada, gehiegi»

«Dantzak mugitzen diren sinboloak dira»

Nora Arbelbide/baiona

Dantzen inguruko ikerkuntzan eta pentsamenduan lan handia egina da Urbeltz. Lan hori guztia igarri egiten da harekin solasean.

Axuri Beltza dantza zuk duzu asmatu. Gaur egun plaza guzietan dantzatua da.

Emazteak eta biok asmatu genuen, Zaraitzuko Axuri Beltza doinua hartuta. Erritmoarekin, urratsak muntatu genituen, mutil-dantza moduan, neskentzat. Egun, tamalez, kasu batzuetan dantza ez da ondo hartua. Jestualitatea, grazia eskapatu egin da. Baina dantza kalean egiten badute, ba egiten dute. Ohiturak atxiki nahi ditugu, baina ez gara heltzen. Desberdintasun txikiak badira, horrek markatzen du eboluzioa.

•Aldatua bada ere, Axuri Beltza oraino dantzatzen da, beti bizi da. Aldatua izateak tradizioan sartu dela erakusten du.

Dantza bakoitzak hiru bizi ditu. Lehengoa ohitura bizi-bizia da: herritarrek beren herriko dantza dantzatzen dutelarik. Bigarren existentzia errepika da. Adibidez, zu Otsagira joan, dantza ikasi eta dantzak berriz ematen dituzularik, dantzak bigarren aldiz bizi dira, zuri esker. Hirugarren existentzia, Axuri Beltza-ri gertatu zaiona da. Datu batzuk banituen; hortik abiatu eta sorkuntza bat egin dut. Hori da hirugarren existentzia, sorkuntza. Hori jendeek onartzen badute, lehen existentzia bat ukanen du berriz. Dialektikoki hori da tradizioa. Edozein asmaketa ez da tradizio bat. Euskal Herriko markoan sartu behar da, baita Europakoan ere. Ez gara martzianoak, nonbaitetik heldu gara.

•40 urte eman dituzu dantzak ikertzen, dantzen sinboloak bilatzen... Dantzak ezin dira sinbolismotik at pentsatu?

Ez da posible; dantzak mugitzen diren sinboloak dira. Ez dago sinbolorik gabeko dantzarik. Ez dago sinbolorik gabeko keinu bat ere. Mundu sinboliko batean gaude denok. Ez da keinu bakoitza sinbolo berezi bat, ezin da erran zergatik hanka altxatzen den, baina osotasuna sinbolo bat da. Sormenak egiteko orduan, zure sinbolo indibidualak ateratzen dituzu. Ondoren sormena gizarteari aurkezten diozu. Gizartekoak berreskuratzen badu, sinbolismo kolektiboan sartzen delako da. Horixe da Axuri Beltza. Nire asmaketa da, baina gizartean sartu da. Dantzak mugitzen diren sinboloak dira.

•Batzuek diote Oteiza arte plastikoentzat dena zarela zu euskal dantzarentzat.

Nahiko nuke! Ohore handia da. 25 urte nituela ezagutu nuen. Eskultura garaikideak egiten zituen bitartean, horiei gure mundua herrikoian erantzun bat aurkitzeko eskatu zigun guri. Berak arte plastikoetan sinbolismoa landu duen bezala, nik dantzan landu dut.

Dokumentuaren akzioak