Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pas de Basque

Dokumentuaren akzioak

Pas de Basque

Komunikabidea
LauhaizetaraNet
Mota
Albistea
Data
2004/02/10

Euskal dantzen ikuskizuna



Pas de Basque mundu guztiko dantzariek ezagutu eta erabiltzen duten urrats baten izena da, dantzaren garai preklasikoetatik iragan ginenaren lekukoa.



Pas de Basque da, halaber, euskal dantzen ikuskizun honen izena; ikusentzulegoarentzat, garai bateko herri dantzak berraurkitu nahi dituen proposamen artistikoa. Bertan, norgehiagoka aritzeko dantzak –desafiozkoak, inauteriak eta Bizitzaren Arbolaren inguruko patu-dantzak aurkituko dira.



Desafio dantzak



Bakarkako trebetasunaren bila jo dute oraingo honetan. Dantzari tradizional eredu berri batek hartuko du dantzatokia, erritmoaz jabetu eta bere iaiotasuna erakutsiko du. Horretarako, metafora eta errealitatea bat eginez, gariaren antzinako neurriak –almuteak- erabili ditu dantzariak bere abileziaren “neurria” emateko.



Patuaren dantzak



Eztietako, jaietako eta herri ospakizunetako dantzetan, lurra laztanduz, arrastaka, dantzatzen ditugu oinak. Zinta-dantza “bizitzaren arbola” da, eta ardatz horretako lotzen dira dantzariak zintaren bidez (zilbor hestea). Dantza zirkularra da, bizitza bezalakoa, eta dantzariak etengabe elkarrekin gurutzatzera behartzen ditu. Zintak zutabearen inguruan lotuz patuaren alegoria ehuten da.



Inauteria



Inauteriak, nekazal antzerkiaren bidez Europako folklorearen metafora sakratu handiak mahairatzen ditu. Bere pertsonaia nagusien mozorro enigmatikoak (Txerreroa, Gateroa, Zamalzaina, Kantiniersa eta Entseinaria) eta kalderero ilun eta buhame zalapartatsuak aurrez-aurre ageri zaizkigu. Erokeria eta desorden soziala parodiaren zati banaezina dira. Horren aurrean, herri inspirazioz garatutako arte barrokoaren espresio gardenaren erakusgarri, dantzarien urratsek eta doinuek parekorik ez duten dantza dotoreak osatzen dituzte.



Juan A. Urbeltzen zuzendaritzapean, Argia, Arkaitz, Haritz eta Kezka dantza taldeak arituko dira Pas de Basque ikuskizunean. Sarrerak 10 euro balio du (haurrek 6 euro), eta besteak beste Xenpelar kultur dendan eta Arkaitza taberna daude salgai gure herrian.

Dokumentuaren akzioak