Dokumentuaren akzioak
Pas de Basque
Billy Elliot gazteak etxean aurkitzen du dantzari izateko bere nahiari uko egiten dion kontrario handiena, bere aita. Egia da Billy Elliot-ena ez dela oso istorio arrunta, jakina baita egungo mutilek futbolari izan nahi dutela eta ez dantzari. Baina ez-ohiko bokazio hori esnatuta, inguruko ur-korronte indartsuaren kontra borrokatzea lan nekagarria eta etsigarria da. Eta oraindik gehiago aurrera jarraitzeko etxea utzi eta atzerrira joatera behartuta egonez gero. Euskal Herrian dantza egin nahi duen gazteak ez dauka Billy Elliot-ek bezain aita atzerakoia izan beharrik hautatutako bidearen gordina probatzeko.
BI. Diskoa: "Pas de Basque". Josu Gallastegiren disko salduenetakoaren izenburua da "Pas de Basque". Dantzako klaseetan zuzeneko musika jartzen aparta da Josu Gallastegi. Bilbon jaiotako pianojoleak, dantza klaseak pianoarekin lagunduz erakutsi duen maisutasunarekin, nazioarteko dantzari eta koreografo handienak liluratu ditu. Mikhail Baryshnikov edo Rudolf Nureyev bezalako izarrekin, edota American Ballet Theater-en eta Dance Theater of Harlem-en egin du lan besteak beste. Eta denek lausengu hitzak dituzte bere lanaz hitz egiterakoan. Allegra Kent dantzari eta dantza irakasleak esate baterako: "Zorionekoa naiz Josuk jotzen duenean, dantza gelan banago. Goi mailako pianista da, umoretsua, hunkibera edo distiratsua izan baitaiteke".
HIRU. Izar berria. Julio Boccaren izarra oraindik distiratsu bada ere, Argentinan izar berri baten jaiotzarekin ari dira gozatzen dagoeneko. Teknika sendoa eta gihar indartsuak dira bere bertuteak. Maximiliano Guerra bezain trebea eta Julio Bocca bezain erromantikoa dela diote. Londresen, Royal Ballet-en egin dituen bost urteetan printze lanak eginez iritsi da gailurrera. Pas de deux eta demi-plie pirouette-ak zoragarri egiten dituela diote kritikariek. Pas de Basque-a egiten ere ez da makala izango. Izen-abizenek lagunduko al diote horretan zerbait. Iñaki Urlezaga dauka izena eta La Platan jaio zen orain 25 urte.
LAU. Pas de Basque berriz. Eskoziar dantza tradizionaletan bost pauso erabiltzen dira batez ere. Pas de basque izena du horietako batek, eta ez da betelanerako erabiltzen den horietakoa, zutabe lana egiten duenetakoa baizik. Mary, eskoziarren erreginak Frantzian pasatako urteetan Pariseko gorteko dantzak ikasteko aukera izan zuen. Bertan ikasi zituen besteak beste poussette, tourney eta pas de basque-a egiten, eta Eskoziara bueltan bertako dantza tradizioan txertatu zituen.
BOST. Dantza garaikideak ikusleak erakartzeko dituen zailtasunaz hitz egin du "Euskaldunon Egunkaria"n Nekane Santamaria dantzariak. Narrazio teknika arrunta edo ageriko sistema sinbolikorik ez darabilen edozein adierazpen motari primeran egokitzen zaio gogoeta. "Gure heziketa dela eta, guztiari zentzua bilatu nahi diogu. Ikusten duguna gure errealitatearekin lotzeko joera daukagu. Horregatik, zerbait ulertzen ez dugunean galduta sentitzen gara. Halako zerbait gertatzen da dantzarekin".
Dokumentuaren akzioak