Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Parrondotarrentzat Segurako txapela

Dokumentuaren akzioak

Parrondotarrentzat Segurako txapela

Puntu laurden baten aldea atera zien bigarrenei, Azkoitiko Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelderi

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2002/06/17

Atzoko Segurako txapeldunek, Hernaniko Parrando anai-arrebek, 362,45 puntu atera zituzten, eta bigarren geratu zirenek, berriz, Azkoitiko Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epeldek, 362,45. Epaimahaian bost kide zirela kontuan izanik eta kide bakoitzak 80 bat puntu banatu zituela jakinik, alde izugarri txikia da hori; horrek erakusten du eliteko dantzarien artean ez dagoela alde handirik.



«Adinari dagokionez ez da gorabeherarik izan urteotan, baina prestakuntza aldetik gero eta gorago ari dira jartzen maila, eta apaimahaikooi gero eta zailagoa ari zaigu bihurtzen lana», esan zuen Patxi Sarasola epaimahaiko kideak.



Hirugarren Asier Ena eta Maite Lazkano geratu ziren, 356,2 punturekin, inoiz txapela jantzitakoak hauek ere. Beraz, hiru txapeldunen artean jokatu zen atzoko finala, nahiz eta oso gertu, laugarren, Azkoitiko Azpitarte anaiak sailkatu ziren, 352, 4 punturekin. «Atzoko kanporaketa ikusi ondoren bagenekien gauzak holatsu gertatuko zirela, oso parean ikusi baikenituen lehen lauzpabost postuetan sailkatu diren bikoteak», jarraitu zuen Patxi Sarasola epaimahaiko kideak.



Parrondotarren meriturik aipagarrienak zein izan ziren galdetu-eta azkar erantzun zuen: «Punten gainean dantza egitea, desplazamenduak eta egiten dituzten koreografiak».



Orain bost urte geratu ziren txapeldun atzokoak. Sariak jaso ondoren arrebak adierazi zigunez, «lau urte egin ditu Aitorrek doktoretza egiten Britainia Handian, eta lau urte horietan ez dugu Segurakoan parte hartzerik izan. Biok aspaldidanik gabiltza Eskola dantza taldean, eta pare bat hilabete hartu ditugu txapelketa hau prestatzeko», esan zigun.



Hamar minutuko atzerapenarekin hasi zen atzoko finala Segurako Baratzen. Bezperan, leku horretan bertan, 22 bikotek jokatua zuten kanporaketa, eta 13 onenei eman zitzaien atzo dantza egiteko aukera. Ixilka Segurako Txistulari Taldeak fandangoak jo zituen, eta Joseba Iparragirre eta Ander San Jose trikitilariek arin-arinak. Hamahiru bikoteen jatorrietan, Azkoitia izan zen nagusi, eta Bergara, Errenteria eta Hernani ondoren.



Ekaitz Larrañaga eta Ainhoa Juaristi azkoitiarrek zabaldu zuten saioa. Asier Ena eta Maite Lazkano bergararrek egin zuten dantzan ondoren, eta publikoaren txalo zaparradak agerian utzi zuen txapela irabazteko aukera bazutela. Eneko Gil eta Nerea Vesga atera ziren hirugarren lekuan; Enekok egin zuen lehen laprasta, zorua erretxina hautsez igurtzita zegoen arren, irrist egiten baitzuten dantzariek. Jendeari uuuu! luze bat atera zitzaion, eta txaloekin animatu zuten mutila. Ibon Uharte eta Joana Telletxea errenteriarrak atera ziren, eta Eneko Valle eta Haizea Ormaetxea bizkaitarrak. Kimetz eta Eneritzek, hirutan segidan txapela jantzitako bikoteak, ibili ziren dantzan ondoren, eta oso garbi utzi zuten zertara etorri ziren: beste behin ere txapela janztera. Aurkezleek epaimahaiko bost kideak aurkeztu zituzten segidan, eta hauen lana erritmoa, berdintasuna eta osotasuna neurtzea zela esan zuten. Dantza egin berri zuen bikoteak bertute horiek eta gehiago erakutsiak zituen, eta jendeari sekulako txalo zaparrada aterea ere bai. Finala erdira iritsirik zegoen, eta dagoeneko txapeldungai garbi bat gutxienez bazegoen, hamaikagarren postuan Parrondotarrak oholtzaratu ziren arte. Horien aurretik Azpitarte anaiak, Joseba Apaolaza eta Irati Imaz, Aitzol Ena eta Miren Ilarreta, eta Xabier Azurmendi eta Janire Urbieta pasatuak ziren. Aitzolek eta Mirenek ere sekulako maila erakutsi zuten, baina mutila larri ibili zen irrista baten ondorioz. Jendeak honi ere txaloekin eman zizkion animoak. Alex Torre eta Josune Fernanez bergararrek, eta Mikel Mujika eta Nagore Narbartek eman zioten akabera saioari, eta Murumendiarazen Aukera taldea atera zen oholtzara epaimahaiak puntuak batu artean.



Asko dakien publikoa

J. A.



SEGURA



Urtea joan eta urtea etorri, Segurako pilotalekua leporaino betetzen duen publikoa aditu bihurtu da dantza kontuetan. Ez da izaten epaimahaiaren epaiaren zain egon beharrik txapeldunak zein izango diren jakiteko. Txaloekin lehenik, eta ingurukoen iruzkin eta esamesekin gero, enteratzen da ezjakinena ere zein doazen sailkapenaren goiko postuetan.



Atzo ere publiko horrek txaloka hartu zuen presoen aldeko ekintza, eta, aurreko urteetan bezala, ETBko kamerek eten egin zuten emanaldia. Errejidoreak txalo zaparrada berri bat eskatu zigun, emanaldiak protestarik egon ez balitz bezala aurrera jarrai zezan.

Dokumentuaren akzioak