Dokumentuaren akzioak
Parrondotarrak, zortzi pausorekin obsesionaturik bizi diren dantzariak
Fandango bat dantzatzeko 1,40 minutu behar dituzte, 800 metro lasterka egiten Wilsen Kipketerrek behar duen denbora baino segundo bat gutxiago. Ezin dira bi jardunak alderatu, baina ahalegina antzekoa izan daiteke. «Esprint luze bat bezala da fandango bat dantzatzea. Hasieran, guztiak hasten gara denak emanda, baina kostatu egiten da abiadura hori mantentzea. Geu ere uda bukaeran, txapelketa askotan parte hartu ondoren, iristen gara sasoirik onenera», esan zuen Aitorrek.
Anai-arrebak dira. Orain 18 urte hasi ziren dantzan, Aitorrek 10 urte eta Amaiak 6 zituztenean. «Sueltoan izena duten bikoteen artetik dozena bat baino gehiago dira Joanito Sarriegik zuzentzen zuen Hernaniko dantza taldetik edo San Joanetako haurren aurreskutik atera garenak. Orain hiru bikote hernaniar gabiltza, baina zortzi bat bikote ezagutu izan ditugu», esan zuen Amaiak.
Biek egiten du lan etxetik kanpo. Aitorrek kimika ikasketak egin zituen eta Beasaingo Hunolt-en egiten du lan. Amaia administraria da eta Joggers izeneko kirol arropen enpresan ari da. Arratsaldeko sei eta erdiak aldera iristen dira etxera, eta egongelako besaulkian etzan beharrean, udal areto batera joaten dira ordubete entrenatzera eta astean bi aldiz handik Donostiara Eskola dantza taldearekin dantza egitera. Martxa horri eusteko, yoga egiten hasi dira biak. «Guk indarrarekin lan asko egiten dugu eta giharrak lasaitzeko, luzatzeko eta kontzentrazioa lantzeko balio digu yogak», esan zuten.
Sueltoaren denboraldia Segurak zabaltzen du. Hiru hitzordu daude, hala ere, aurretik: Estibalitz, Lezo eta Beasain. Beasainen, esate baterako, Asier Ena eta Maite Lazkanok irabazi zuten, eta Parrondotarrak bigarren geratu ziren. Aurreko bietan Miren Illarreta eta Aitzol Ena geratu ziren garaile. «Guk Beasain aukeratu genuen Segurari begira genituen berrikuntzak probatzeko. Segurakoa da oihartzun gehien duena», esan zuen Aitorrek
Ondoren, hamar bat txapelketa egiten dira Gipuzkoan, eta Gipuzkoatik kanpo baten bat gutxiago. Atzo, Hernaniko txapelketan hartu zuten parte Parrondotarrek, eta Bilboko Errekaldera joango dira datorren larunbatean. Igandean, Orion izango dira, eta astelehenean, Asteasun.
«Hala ere, bikote gehienon helburua Segura izaten da, eta aurten berrikuntza dezenteekin joan ginen, fandangoak duen ohiko egitura aldatuta. Lehen pausoa bosgarrenera pasatu genuen, bigarrenaren ordez berria asmatu eta seigarrenaren lekuan jarri genuen», esan zuen Aitorrek.
Asmatu duten bigarren pausoaz galdetu genien. «Azken urteotan bueltaka ari ginen berrikuntzak sartzen, baina mugara iritsita geundela ikusi genuen eta egitura aldatzen hasi ginen. Bigarren pauso berri horretarako, Bizkaiko kostaldeko dantza egiteko modua kontuan izan, eta geurera moldatu genuen. Guk askotan erabili izan dugu Bizkaiko tradizioa», esan zuen Amaiak.
Berrikuntzak sartzeko orduan, Aitorri berotu ohi zaio burua. «Batzuetan aspertu ere egiten nau. Ostiralean bertan, Segurako kanporaketaren bezperan, pauso batean aldaketa batzuk egin nahi izan zituen eta nahikoa zela esan nion, nahikoa lan nuela azken aldiko aldaketa denak ondo egiten», kexatu zen Amaia.
«Aldaketena moda bihurtu da eta ondo dago, beti ere tradizioaren barruan egiten badira. Maiatzean mahainguru bat egin genuen Hernanin eta ondorio hau atera genuen: dantza sueltoan, tekniketan izugarrizko aurrerapenak egin direla, baina espresioa landu gabe daukagula, dantza ezer bada, espresioa baita. Guk beste arlo askorekin batean adierazpenarena lantzen ari gara eta horretan zer ikasi handia dugu zaharrengandik», esan zuen Aitorrek. -
Herri dantza ala balleta?
«Herri dantzak dira baina ez ditugu herri dantzak bezala dantzatzen. Balletizatu egin ditugu, nolabait esateko, perfektutasunaren bila», dio Aitorrek.
Zortzi pauso perfektutasunera eramateko, bizitza oso bat behar al den galdetu eta azkar erantzun zuen Aitorrek. «Zortzi pauso horietan gauza asko kabitzen da, zertzelada txiki asko eta zertzelada txiki askorekin osatzen da lan handi bat. Gezurra dirudi, baina ikusgarria da hain arautua dagoen jardun batean inprobisazioak zer leku izan dezaken. Guk 18 urte daramagu zortzi pauso horiek egiten, eta ez zaizkigu behin ere berdin ateratzen. Pauso horiek estilizatzen, dotoretzen ari gara, baina geure nortasuna ezarriz», jarraitu zuen Aitorrek.
Larunbateko kanporaketan gorputza lotua zuelako edo, ez omen zuen berea erakutsi. «Igandean berriz atsegin handiz egin nuen dantzan, eta hori transmititu egiten da eta ikusleek eskertu egiten dute», esan zuen dantzari txapeldunak.
Dokumentuaren akzioak