Dokumentuaren akzioak
Parekidetasunaren alde, beste pauso bat Alardean
"Nik gogoan dudanetik, emakumeak beti izan du lekua Antzuolako alardean, bai danbor jole, bai txistulari, esaterako. Aurten, baina, lehen aldiz izango du postu garrantzitsuenetako batean aritzeko aukera". Hala mintzo da, hain zuzen, kapitainaren postua hartuko duen lehenengo emakumea, Edurne Iturbe antzuolarra.
Duela hamar urte, eraldaketa prozesua bizi izan zuen Antzuolako Mairuaren Alardeak, "gizartearen balioetara egokitzeko asmotan". Hala, besteak beste, mairuaren eta bere segizioaren irudia duindu egin zen, eta, diskurtsoa leuntzeko, testuko hainbat hitz eta aipamen moldatu egin ziren, bi generoetara egokitu edota hizkuntza eta kultura aniztasuna islatzeko. Alarde berrituak bidea ireki zien emakumeei ere, eta postu ezberdinetara heltzeko aukera eman. Integrazioa hurrengo ur-eetan zehar garatuz joan zen eta 2011n buruzagiaren guardian edo 2012an kanoi eramaileen artean ere sartu ziren emakumeak. Aurten, pauso bat aurrera eman, eta emakume batek beteko du kapitainaren postua, lehenengo aldiz Alardea egiten denetik.
Bestelako berrikuntzen artean ere, Mikel Bargielak eramango du aurten mairuaren segizioaren estandartea, orain arte Antonio Deograciasek betetako postua. Proposamena iritsi zitzaionean "pixka bat pentsatu" zuela aitortu du, baina "pozik" dagoela. "Herriak duen ohitura eta tradizio polit bat da, mantendu beharrekoa", azaldu du Bargielak. Ondo pasatzen duelako parte hartzen du, "herriari errotutako bestelako edozein ekintzatan bezala".
Esperientzia handia du Alardean, 15 urte baino gehiago daramatza parte hartzen, eta postu ezberdinetatik pasatakoa ere bada: "Danbor jole ibili nintzen urtebete eta gainerako ia guztietan, artillero aritu izan naiz. Aurten, berriz, aldatzea tokatzen da".
Irunera bisita
Alardearen iraupenerako gakoa gizartera moldatzen joatea dela argi dute Alardearen Batzordekoek, eta hala zabaldu zuten pasa den ekainaren 30ean Irunera egindako bisitan ere. "Herri baten kultura-ondarea osatzen duten adierazpen eta ospakizun tradizionalak ez dira estatikoak eta aldaezinak; unean uneko gizonek eta emakumeek partekatzen dituzten balioen arabera bilakatu eta aberastu egiten dira". Bertan izan ziren Antzuolako Alardearen Elkarteko kideak eta udal ordezkariak.
Lander Dominguezek, Mairuaren Alardeko buruzagiak, zera azaldu zion GOIENAri: "Irungo errealitatea bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen. Bertakoekin harremana erein dugu eta helburuak beteta etorri gara". Antzuolako Alardea "nola aberastu den eta aldaketa horren natural gertatu izana" txalotu zuten Irungo ordezkariek, eta Antzuolatik prozesuaren nondik norakoak azaldu eta laguntzeko prest agertu ziren: "Azken batean, Irunen ere alarde parekidea izatea denbora kontua dela uste dugu".
Entseguetan hasita
Postu berrietan estreinatzeko aukera izan zuten eguaztenean Iturbek eta Bargielak. Lehen entsegua giro onean egin zuten antzuolarrek, uztailaren 20ko hitzordurako dena prest egon dadin. Datorren astean ere entsegua egingo dute, eguaztenean, arratsaldeko zazpietan.
Edurne Iturbe: "Antzuolar bezala, ohorea da Alardeko kapitain izatea"
Gaztetxoa zenean hasi zen Edurne Iturbe Alardean parte hartzen. Ordutik hona, postu ugari probatu ditu, eta aurten, lehen emakumezko kapitaina izateko "ohorea" izango du.
Nola hartu zenuen kapitain izateko proposamena?
Askorik pentsatu gabe eman nuen baiezkoa. Alardearen Batzordeak erabakitzen du nori eskaini zein postu, eta, Jose Angel Arbuluk iaz utzitako lekua betetzea proposatu zidatenean, oso pozik hartu nuen.
Kapitain izan aurretik, postu ugari probatu dituzu...
Bai, halaxe da. Izan ere, Alardean hasi nintzenean, 13 bat urterekin, danbor jole sartu nintzen. Orduan, Alardearen ostean egiten ziren dantzak, eta, hain zuzen, korrika aldatzen ginen udaletxean, gero dantza egiteko. Ostera ere fusilari aritu naiz.
Alarde berrituak eman zizun, hein batean, fusilari aritzeko aukera?
2009az geroztik gertatzen ari diren aldaketetako bat izan zen, baina ez hainbeste emakume izanagatik. Jaurtigairik gabeko eskopetetara aldatu zen, eta, ondorioz, edozeinek hartu zezakeen postu hori; lehen, arma lizentzia zutenek bakarrik.
Kapitain izateak badu orain arteko postuek izan ez duten ardura...
Orain arte, taldean ibili izan naiz, denak batera. Kapitaina, baina, Alardeko pertsonai garrantzitsu bat da. Buruzagiarekin batera, hitz egiten duten bakarrak dira, eta, hortaz, testua ikasi eta plaza betearen aurrean esan behar da.
Albistea jakin zenetik, gerturatu zaizkizu herritarrak?
Gerturatu zait baten bat, baina ziur nago iaz Landerri buruzagi postua hartzean ere gerturatu zitzaizkiola. Ez dut uste denik emakume naizelako; gehiago da postuak berak duen arduragatik.
Parekidetasuna lortzeko pauso garrantzitsua da?
Bada aurrerapauso bat. Antzuolako Alardean betidanik egon da emakumea, baina inoiz ez goiko postuetan. Gero eta alarde parekideagoa eraikitzen gabiltza.
Zer da Alardea, zuretzat?
Antzuolar bezala ohorea da eta barru-barrutik sentitzen dut. Gurean betidanik parte hartu izan dugu Alardean: aita gastadorea izan zen urte askoan eta osaba Alardeko buruzagi izandakoa da. Niretzat, trantsizio natural bat da Alardean parte hartu eta postu ezberdinetatik pasatzea. Jai hau nire izango balitz bezala sentitzen dut eta herritar bezala maite dudan zerbait da.
Egun handiari begira, nola zaude?
Orain arte, ez naiz urduri egon. Pixkanaka, banabil testua errepasatzen eta nire kabuz entseatzen, baina lasai nago. Eguna gerturatu ahala urduritzen joango naizela uste dut; ea zer moduz doazen entseguak.
Dokumentuaren akzioak