Dokumentuaren akzioak
Papantlako hegalari mexikarrak Bilbaon izango dira martxoaren 18tik 21era
Martxoaren 18tik 21era sei gizonek -Francisco Hernandez, Cruz Ramirez Vega, Mario Ramirez Santes, Alejandro Garcia Morales, Francisco Garcia Santes eta Alejandro Contreras- ikuskizun paregabea ekarriko dute Bilbaora. Egingo duten dantzaren bidez, Eguzkia gurtuko dute eta lur emankorra eskatuko diote, euriak lagunduta.
Kosnien hegaldiak erlijioarekin du zerikusia eta gizartea natura-elementuekin harremanetan jartzea du helburu. Kosni hitzak hegalaria esan nahi du totonakarren hizkuntzan. Bilbaon egin ohi den Nazioarteko Arte Sakroari buruzko Jaialdian egingo dute ikuskizuna mexikarrek, eta Tibeteko zeremoniak, ohiturak, kantu gregorianoak, Koreako errituak eta Afrikako gurtzak ere izango dira ikusgai egun horietan.
"Emankortasunari eta gure aitari, Eguzki Jainkoari, lotuta dago gure dantza. Eguzkiak argitzen gaitu. Gure arropak zuriak dira eta jantzietan erantsitako loreek landaretza adierazten dute, zintek ortzadarra eta ispiluek, berriz, Eguzkia ", esan du Francisco Hernandez talde buruak erritu prehispanikoari buruz.
5 hegalari, 35 metrora
Papantlako hegalari mexikarrak Bilbaon izango dira martxoaren 18tik 21eraLehen-lehenik, makila hegalaria ezartzen dute, zuhaitza izango balitz moduan. Totonakarrek zeruaren euskarritzat dute zuhaitza, errealitatearen hiru aldeak konektatzen dituelako: euren aburuz, sustraiek azpiko mundua adierazten dute, enborra lurra da eta hostoak zerua. Makila jarri aurretik, loreak, tabakoa eta oilo beltz bat eskaintzen dituzte, enborrari jaten emateko.
Enborra ezarri ostean, bost hegalarik egiten dute erritua. Eguzkia gurtzen du batek makilaren goiko aldean -35 metrora- Erdialdeko Amerikako txilibitua eta danborra jota. Gainerako laurak toki garaienera igotzen dira. Enborraren inguruan dantzatu eta azkenik lau puntu kardinalak norabide hartuta salto egin eta hanketatik zintzilik geratzen dira.
Hegalari bakoitzak 13 bira ematen ditu. Lauren artean, 52 bira egiten dituzte beraz. Azteken Eguzkialdi batek 52 urte irauten du. 13 urteko denboraldi bakoitzari tlalpilli esaten diote.
Crea@ctives kultur erakundeak babestu ditu hegalariak azken urte eta erdian. Mexikoko Puerta de las Americas ekitaldiaren lehen edizioan eta Bartzelonan hartu dute parte, 2004ko Forumean. Bilbaon egunean lau aldiz egingo dute ikuskizuna, Eguzkia lurretik hurbilen dagoen orduan, hau da, eguerdian.
Dokumentuaren akzioak