Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pantxika Urruty, pastoralen arima sortzailea

Dokumentuaren akzioak

Pantxika Urruty, pastoralen arima sortzailea

Inesa de Gaxen lanarekin, Barkoxeko errejenteak bere bosgarren pastorala zuzendu du. 2016. urteaz geroztik, neurrigabeko pasioarekin diseinatzen du bere sorkuntzen ezaugarri bakoitza.
Egilea
Iker Lagrenade
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Bastida, Bardoze
Mota
Albistea
Data
2024/05/24
Lotura
Kazeta

Pantxika Urrutyk Xiberotik kanpo pastorala garatzen lagundu du.

Pantxika Urrutyk Xiberotik kanpo pastorala garatzen lagundu du. (Guillaume FAUVEAU)

Emanaldi egunean ez da eszenatokian jantzirik agertzen, baina gibelean da erakusten den guziaren diseinatzailea. Pantxika Urrutyk garapen artistikoan jarraitzen du. Egunerokoan lanean da etengabe, bere hurrengo sorkuntza ahalbait hobekien prestatzeko. Inesa de Gaxen pastorala du ondoko maisulan, epemuga geroz eta hurbilago duena, ekainaren 15 eta 16an Bastidan eta irailaren 21 eta 22an Bardozen jokatuko baita.

Baxe Nafarroako herrian egiten ditu jantzi anitzen joste saioak. Hori egitea ere badagokio errejent gisa. Azken hau da eszena zuzendaria izendatzeko hitz xiberotarra. Pantxika Urruty da pastoral bat osatzen duten diziplina anitzen ardatz: testutik musikara, dantzatik jantzietara, deus ez da haren koordinazio xehetik libratzen. Baina bere talentua ez da hor bukatzen. Koreografiak diseinatzeaz eta eszenaratzeaz gain, aktore bakoitzari paper bat egokitzen dio: «haien sentiberatasuna, ahalmena eta bizitasuna begiratzen ditut dagozkien rolak aukeratzeko. Ez dut uste orain arte tronpatu naizenik».

Barkoxen sortua, Pantxika Urruty pastoralaren kulturan murgildu da gazte-gaztetatik. Lehenik ikusle soil gisa, eta ondotik, aktore gisa. «Emazteak ez ziren zertan oholtza gainean izan pastoraletan. 1980tik goiti aldatu da hori. Baina 1979an, pastoral femenino batean parte hartu nuen eta hor gustua hartu nion», oroitu du.

Xiberotik partitua, ez du «gehiago bortxaz herriko pastoralean parte hartzeko aukerarik» ukan denbora luze batez. 2013an «ezarri zituen berriz oinak» ingurunean, Baionako Gerezien denbora pastoralean paper bat onartuz. Hortik hiru urtera, 2016an onartu zuen errejent bilakatzeko erronka. Hastapenean kasik irreala iruditzen zitzaion proposamena: «Bilkura batean errejent bat atzeman behar genuen, horrela etorri zitzaidan: «emaztea izaten ahalko balitz? Eta zendako ez ni?» Gau hartan, biziki gaizki lo egin nuen. Norantz nindoan galdetzen nion neure buruari, ez bainekien errejent izateko trebetasunik izan nitzakeen», azaldu du.

Autodidakta

Orduan ziurgabetasuna zena fite bilakatu zen pasio, eta gaur egun bere bosgarren pastorala ekoizten ari da. Pantxika Urrutyk modu autodidaktan lortu du esperientzia, bereziki, Jean-Pierre Recalt errejent eskarmentudunaren lana behatuz. «Ez nintzen batere estresatua, parte hartzaile guziek eramaten baitute ikuskizunaren zama nirekin. Karga emozional hori partekatzea garrantzitsua da. Fidatzen naiz eta espero dudana ematen didate trukean», aitortu du.

Bere azken proiektuak, 2017tik buruan duena, Biarnoko mugan bizi izan zuen haurtzaroaren berri ematen du. «Muga bat erakusten duen zerbait egin nahi nuen. Inesa de Gaxen Bastidan sortu zen, mugako herri batean. Baina hemen ez da mugarik. Gaskoia eta euskara nahasten diren leku batean gara. Zerbait egin behar zela pentsatu nuen». Horrela sortu da lehen pastoral elebiduna, bi hizkuntzetako idazleen arteko elkarlanean. Itxaro Borda arduratu da euskarazko zatiaz eta Yvan Bareyrek, berriz, gaskoiezko parteaz. 

 

*Erredakzioan itzuli eta moldatua.

Dokumentuaren akzioak