Dokumentuaren akzioak
Pantailak eta egur
Kritika, 'ego-tik'
Hiru telebista pantailak eta adreilu itxurako 250 bat egur takok apaintzen dute Asier Zabaletaren azken sorkuntza. Hasiera batean pantailetako urdintasuna besterik ez dugu ikusten, baina apurka-apurka eta musika elektroniko ilun batek lagunduta Asier agertuko da albo batetik, egur takoek osaturiko azalera laukizuzenaren gainean.
Hasierako mugimendu horiek lasaiak eta geldoak dira, beraren gorputzaren inguruan eginak, iluntasunetik argitara jaiotzera doan zerbait irudikatu nahi izango balu bezala. Laster, baina, dorre bat eraikitzeari ekingo dio, egur takoak erabiliz eta beranduago behegainetik eboluzionatuko du egoera erdi deskontrolatu batean, non gorputzeko atal guztiak garrantzitsuak diren eta non mugimendu bakoitzari etekin positiboa ateratzen dion. Emanaldiaren erdialdean-edo galtzen dute hiru pantailek beren urdintasuna, eta horretan ere asmatzen du Zabaletak, guztiz esanguratsua baita dantzariaren irudiaren erabilera. Izan ere, bideo produkzio eta edizio sormentsuari esker, dantzariaren irudia hiru pantailen artean banatzen da, elkarrizketa guztiz aberasgarriak ahalbidetuz irudi katodikoen eta dantzariaren mugimendu perfektuen artean.
Baina pantailak eta egur takoak ez dira lan honetako elementu bakarrak, haietaz gain argiztapen delikatua, jantzi aldaketak guztiz jantzita, oinutsik, erdi biluzik..., norberaren mugei buruzko gogoetak eta musika pasarte ederrak erabiltzen baititu koreografoak bere buruaren barruko panorama trazatzeko. Barne ibilbide horretan pertsonaren hainbat txoko ilun azaleratzen dira, baina elkarren eskutik doaz inozentziarekin. Azken kontzeptu hori jasota dago umetxo batek abesturiko kanta zoragarrian, eta sorkuntza honetako alderik ederrenetako bat da Zabaletaren bilaketaren zintzotasunarekin batera.
Ibilbidearen azken aldian egurrezko dorrera bueltatzen da dantzaria, eta deseraikitzeari ekiten dio, dorrearen altuera murriztuz sendotasuna lortzearren, bizitzan bertan gertatzen den moduan. Dorrearen oinarria nahiko zabala denean, ordea, barruko gunea husten hasten da, kanpoko hormak garaiagoak izan daitezen, berriz ere bizitzan bertan gertatzen den moduan. Azken unean iluntasunera itzultzen gara eta dantzaria bere gotorlekuko hutsunean desagertzen da. Zinez diotsuet, lagunok, hilabeteak direla ez nuela ikusten hain ikuskizun sakon, esanguratsu eta hunkigarria.
Dokumentuaren akzioak