Dokumentuaren akzioak
Panderoa, lagun hori
Aupa Aritz! Folklore jale baten an-dantzak
Goizean -ni erraldoien konpartsarekin nengoen bitartean-, dantza taldeko zaharrak atera ziren dantzara. Lehen, halako egunean, Otsagabiako dantzak egiten zituzten. Baina, beteranoen artean, bakarrik bederatzik dantzatzen ahal dute. Gainera, ez daude oso sasoiko eta nekatzen dira asko. Beraz, erabaki zuten aurten Nafarroa Behereko dantzak eginen zituztela, lasaiagoak direlako, eta jende gehiagok parte hartzen ahal duelako. Baita neskek ere. Bi orduz egon ziren dantzan, Alde Zaharreko karriketan barna.
Gero, bazkaria egin genuen, dantza taldearen lokaleko plazan, Barquilleros plazan. 50 bat lagun bildu ginen, Eibarko dantza taldeko lagun batzuk eta lehengo Xut fanfarrekoak barne. Barañaingo jatetxe batek duen sagardotegi ibiltaria kontratatu genuen bazkarirako. Hala, sagardotegiko menua izan genuen. Oso ona.
Bazkalostean, dantzan aritu ginen, hantxe bertan, plazan. Eta lehia izan genuen oraingo dantzarien eta dantzari ohien artean. Banango dantzatu genuen. Beraz, bi zortzikote jarri ziren aurrez aurre, eta banaka atera ginen dantzatzera, zangoa nork goratzen zuen gehiago ikusteko.
Oraingo dantzariok goratu genuen gehiago, noski. Dantzari ohietako askok ez zuten zangoa altxatzen. Batzuek burua gora botatzen zuten, zangoari begira baleude bezala, baina zangoa lurrari itsasita uzten zuten. Eta egon zen oinetakoa eskuan sartu eta besoa jasotzen ibili zenik ere.
Ni, dantzatzen ez nengoenean, panderoa eta dunbala jotzen aritu nintzen. Zaldiko Maldikon, urteroko atun jana zuten, eta hara joateko asmoa genuen, bazkalostea alaitzera. Baina gure bazkalosteak luze jo zuen, eta berandu ailegatu ginen, mahaiak jada kenduak zituztelarik. Hala ere, jo genuen zerbait. Eta parrandarekin segitu genuen. Nik nire panderoarekin. Etxeratu zen azken musika tresna izan zen.
Dokumentuaren akzioak