Dokumentuaren akzioak
«Venice Beachen, palmondo artean dantzatzen aritu ginen»
Jose Manuel Mendiola - Dantza irakaslea
1990. urtean joan zen lehen aldiz Jose Manuel Mendiola añorgatarra
Amerikako Estatu Batuetara dantzara, Argia taldearekin; beste bitan
Añorgako dantzariekin egon zen, 1995 eta 2000. urteetan. Orain, Arkaitz
Añorgako dantzarien zuzendari eta dantza-maisu urte luzez izandakoa, bi
astez egon berri da Estatu Batuetan Rosa Mari emaztearekin batera,
ikastaroak ematen, NABO (North American Basque Organizations) elkarteko
John Ysursa dinamizatzaileak antolatutako bira batean.
Aste pare bat egin duzu Amerikako Estatu Batuetan. Zehazki, non ibili zara?
San Franciscora joan ginen lehenik. Lau egun egin genituen han,
Valerie Etcharren, euskal etxeko koordinatzailearen etxean. Iritsi eta
egun berean eman nuen lehen eskola. Ondoren Boisera joan ginen. Han,
egunero, goizetik izaten genuen norbait zain dantzak ikasteko.
Arratsaldetan, Oinkari eta Boiseko Gazteak taldeetako dantzariak
etortzen ziren. Homedale herriko Txoko Ona euskal etxean ere izan ginen
arratsalde batean, Gloria Garaterekin. Azkenik, Los Angeles ondoan
dagoen Chino herrira joan ginen, bidaia antolatu duen John Ysursa bizi
den herrira eta han, egurra! Egun osoa pasatzen genuen dantzan.
Zer dantza irakatsi dituzu? Nori irakatsi diezu?
Denetarik egin dugu. Kontuan izan behar da adin guztietako
jendea etorri dela ikastaroetara, batzuk dantzari zailduak eta beste
batzuk hutsetik hasten zirenak. Denekin aritu naiz. Fandango eta
arin-arinak ikasi nahi zituzten gehienek. Adibidez, San Francisco
hirian nafar jatorrikoak dira asko, Baigorri ingurukoak hain zuzen ere,
eta haiek mutil-dantzak ikasi nahi zituzten.
Hau da hara zoazen laugarren aldia. Aldaketarik sumatu al duzu aurreko bidaiekin alderatuta?
Bai, denak zaharrago daude! (kar, kar). Euskal komunitatearen
garrantzia hazi egin da, nabariagoa da hiri batzuetan, Boisen
bereiziki. Euskal etxea dagoen kaleak Basque block izena du.
Han daude, museoa, taberna, frontoia... eta lurrean lauburu handi
batzuk. San Franciscoko euskal etxea handia da eta Homedalen frontoi
bat egiteko asmoa dute. Horrez gain, gutxienez hilero biltzen dira
pic-nic eta antzekoak egiteko.
Zein garrantzia dauka dantzak euskal diasporan?
Euskaraz ez dakite denek. Dantzak, beraz, funtzio bikoitza du.
Batetik, euskal etxeetan sozialiazio funtzio handia betetzen du,
edonork egin baitezake dantzan. Bestetik, Amerikako Estatu Batuetan
hain ohikoak diren desfile eta antzekoetan, euskal komunitatearen
erakusgarri egokia da. Euskal etxe bakoitzak, gutxienez, dantza talde
bat dauka eta bertako gehienak dantza aritutakoak dira. Dantzaren
garrantzia ondo azaltzen duen adibide bat emango dizut, bitxia dena:
Homedalen egon nintzenean Wyomingetik etorri zen neska bat, kotxez 12
orduko bidea egin ondoren, bi orduko eskola hartzera. Eskola ondoren,
han joan zen bueltan, «gaua pasako dut nonbait!», esanda.
Pasa berriak dira hauteskundeak. Hangoek jarraitzen dute hemengo egunerokoa?
Galdera asko egiten zituzten. Baina zaila da azalpenetan
sakontzea. Ez da ahaztu behar euskaldunak diren neurrian direla
estatubatuarrak, edo, zehatzago esanda, lehenik bertakoak direla,
normala denez. Nire iritzia eman nien, denek egiten dugun antzera.
Jendearekin harreman asko izan dugu. Zaharrenek nahi izaten zituzten
istorioak entzun eta kontatu eta niri hitz egitea asko gustatzen
zaidanez... (kar, kar). Nire emaztea Gardekoa da eta lehengusuren bat
ere topatu zuen.
Hizkuntza hesi bat izan da dantzak irakasteko?
Euskaraz egiten nuen nik, baina beti zegoen euskaraz zekien
norbait, nik esandakoa kontatzeko. Urratsak begiratu eta azkar hartzen
zuten. Beste batzuek bideoak hartzeko baliatzen zuten aukera.
Bidaiatik duela gutxi bueltatu zara. Pasadizorik izango duzu kontatzeko.
Bada Johni bururatu zitzaion, Venice Beachen ginela, dantza bat
ikasi behar zuela. Eta hantxe aritu ginen, telebistako
polizia-txirrindulariak ibiltzen diren tokian, palmondo artean
Xoxuarena dantzatzen. Hori argazki piloa atera zigutena!
Ondo ibili zarela bistakoa da. Errepikatuko zenuke?
(Isilunea) Bidaia luzea egiten da eta dudan arazo nagusia
hizkuntza da. Baina bestela pozik joango nintzateke berriz. Uste dut
motz geratu naizela, toki bakoitzean astebete egonez gero, etekin askoz
handiagoa aterako genion.
Dokumentuaren akzioak