Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Palm Beacheko konexioa

Dokumentuaren akzioak

Palm Beacheko konexioa

Ballet Floridak Thierry Malandain miarriztarraren ‘Harrizko Lorea’ estreinatuko du gaur, Maitaldiaren hasieran

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
miarritze
Mota
Bat
Data
2001/09/07

Ballet Florida Palm Beach mendebaldeko taldeak hasiko du Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdia, gau honetan. Talde horrek gaueko 09:00 orenetan Gare du Midi gelan La Fleur de Pierre (Harrizko Lorea) deitu ikusgarria aurkeztuko du, zeina Thierry Malandain koreografo miarriztarraren obra baita. Harrizko Lorea-ren istorioa Pavel Bajoven ipuinean oinarritzen da eta ideal lortezinaren bilketa artistikoa tratatzen du. Eszena hori Oural eskualdean iragaiten da, eta Danilo deitu protagonistaren ametsa lilirik eder eta perfektuena harrian zizelkatzea da. Baletaren musikari dagokionez, Serge Prokofievek zendu aitzin egin zuen azken lana da, eta Leonide Lawrosky koreografoak 1954an erabili zuen lehen aldikotz, izen bereko baleta baten muntatzeko. Lehen aldia izanen da obra horren bertsio berria ikusten ahalko dela Ballet Floridak emanik. Bihar arratsean beste emanaldi bat eskainiko du, toki eta ordu berean.

Ondoko egunetan, gauza franko desberdinak ikusten ahalko dira: dantza garaikidea, karrikako dantza, hip-hop dantza, Choream talde frantsesak emanik, dantza barrokoa, flamenkoa, baita Patxi Perez eta Batbiru taldearen euskal dantzak ere. Arte horrek Miarritzeko bazter guztiak inarrosiko ditu, hilaren 22a arte ikusgarriak hiriko gela askotan eskainiak izanen direlako eta talde batzuk karrika, hondartza eta auzoetara jautsiko direlako beren lanen aurkeztera.



Hitzaldiak eta ikastaroak, dantza emanaldien osagarri



Gainera, bihar, Richard Flahaut adituak hitzaldia eskainiko du arratsaldeko zazpietan, Gare du Midi gelan, Prokofiev eta dantza gaiaren inguruan. Bestalde, Maitaldiaren garai guzian, Philgi artistaren dantzari buruzko obraren erakusketa Colisée antzokian ikusten ahalko da.

Urte guziz bezala, dantza ikastaroak ere izango dira, dantzan sakondu nahi duten orori zuzendua. Maitaldian ordezkaturik diren dantza mota guztiak lantzeko parada izanen da. Maitaldia festibala kari, Garazikus elkarteak gau berezi bat antolatu irailaren 15erako, Donibane Garazin.

Dokumentuaren akzioak