Dokumentuaren akzioak
Oxkaxe altzotik datoz
Hogeita bi urteko epea egonda eta jakinez urtero maskaradak egin direla, Zuberoako inauteri berezien sendotasuna agerira ematen dute datu hauek. Izan ere, 1996. urtean egin ziren azken maskaradak Muskildi herrian (Zuberoa), aurrekoak, aldiz, 1987an gertatu zirelarik. Belaunaldi oso bat igaro da, beraz, horrek erran nahi duelarik 1996ko maskaradetako inor ez dela aurtengoetan parte hartzaile, non ez ziren kukuileroetan (dantza-jauzien ikasten ari diren umetxoak).
Kukuileroak zenbatu gabe, 38 gaztek jokatuko dituzte aurtengo maskaradak, kargu batzuetan; haatik, txandakatzeak egongo dira. Hala, jaun karguan arituko dira Jean-Marc Cachenaut, Peio Jauregi, Olivier Ximitx, Ximun Luku eta Xabi Fidelle; eta andere rolean, berriz, Maddi Burkudoi, Marie-Pierre Artur, Joan Jauregi eta Florence Miramont. Txandakatzearen hautu hori egitearekin, gazte gehiagok aukerarik badute maskaradetan parte hartzeko. Beste karguetan, ordea, joko egile bakarra egongo da, laborari eta laborarisatik haste; Johañe Caset eta Ximena Agergarai izango dira horiek.
Beltzerian… apaiz bat
Gizarte zokoratu eta mespretxatu baten isla diren Beltzeria taldekoen aipamenarekin jarraitzearren, kauteren buruzagi Kabana Handiren jokoan arituko da Guillaume Burkudoi. Galdaragile xelebre horietan, ikusleen artean erakargarritasun berezia lortzen duen Pitxu bromagilearena eginen du, aldiz, Iban Etxegoinberrik.
Maskaradetan, beste inauteri motetan bezala, gizartearen ohiko ibilmolde eta hierarkiaren uzkailtzearen sinbolo dira ere buhameak. Kauterekin batera, hauek dira kale eta plazen jaun eta jabe jartzen eta gizarte ondo antolatuak entzun nahi ez dituenak lau haizeetara botatzen dituztenak. Muskildiko maskaradetan buhameak badaude, jakina, baita buhamisak ere, zalaparta eta anabasa sortzen arituko direlarik, beraz, Gillen Agergarai buhame jauna eta Nicolas Berzaitz, Damien Ourthe, Joana Agergarai, Kattalin Eiherabarren, eta Maddalen Burkudoi buhame-buhamisak.
Jaunaren ezpata zorrozteaz gain, maskaradetako zati ezberdinen sarrera aipamena bertsotan egiten duten aurtengo Xorrotxak Emilie Ourthe (xorrotx-laguna) eta Xabi Elgart (xorrotx nagusia) dira. Pettarreko iazko maskaradetan ere mutil-neska bikote bat aritu zen kargu horretan. Azkenean, xorrotxen jokalarietan konfigurazio guztiak egon dira maskaraden historia luzean zehar: bi mutil, bi neska, mutil bat eta neska bat.
Zamaltzaina zikiratu aurretik biarnesez hitz egiten eta dantza arraro bat ematen duten kerestuen jokoan jardungo dutenak Allande Barreix eta Allande Oihenart dira, hauek kautere gisa ere arituko direlarik. Kargu bikoitz hori edukitzeak erran nahi luke kerestuen jokoa goiz partean egingo litzatekeela, Barrikada hausteekin batera.
Maskaradetan adituak berehala ohartuko dira, baina, aurtengoetan bitxikeria bat badagoela: karguen artean apaiz bat egotea… eta erlijio gizon hori Beltzeriakoekin ateratzea. Bixintzo Fidelle arituko da rol horretan, eta bai buhameen bai kauteren jokoan partaide izango da, eta azken horien agerraldian buhame baten sorbaldan egingo du sarrera. Bitxia bai, zeren eta erlijio katolikoak ahalegin guztiak egin baitzituen garaian maskaraden ohitura galarazteko… Orduko jarrera eta jokabide horien bromaz gogorarazteko nahikundea izango da nonbait…
Aitzindariak, neskak soilik
Gorrien taldeko ordezkari nagusi diren aitzindariak dantzarietan azpimarratzekoa da den-denak neskak izango direla. Hala, plazara sartzearen ordenean izendatuta, Txerreroak dira Klara Borthaire eta Lorea Mainhagiet, Gathuzaina Elena Mainhagiet, Kantiniersa Maialen Urrutiager, Zamaltzainak Caroline Miramont eta Maitena Oihenart, eta Entseinaria Aña Eiherabarren. Zamaltzaina ferratzen duten eta gaztetxoak diren marexalak ere neskak dira: Maiana Uhalt, Maialen Sallaberemborde, Elisa Borthaire, Kattin Barreix eta Aña Caset.
Maskaraden agerraldia 15:00etatik harat egin ohi bada, guztiz gomendagarria da goizean egiten diren barrikada hausteetara etortzea. Dantza-jauziak emate horietan, maskaradei harrera egiten dieten herriko dantzariek eta maskaradetakoek elkarri agurtzen diote. Antzinako garaietan, haatik, zinezko lehiaketak zeuden, harrera egile zen herriko jendeak benetako barrikadak eratzen zituelarik… zeinen gainetik salto egitera lortu behar zuten maskaradetako aitzindariek! Gaur egun, barrikaden ordez, janari eta edariz hornitutako mahaiak daude, baina dantzarien artean zein edo zein hoberena agertzea komeni da beti. Barrikada hauste horiek, gutxi gorabehera 10:00 inguruan hasten dira.
Dokumentuaren akzioak