Dokumentuaren akzioak
Otsagabiko dantzak: Oi zein herri bitxia zurea...
Belaunaldiz belaunaldi, zarait zuarrek gordetzen jakin duten bitxi handi baten jabe da gaur egun Pirinioek babesturiko Nafarroa: Otsagabiko dantzak.
Hiru mendetako tradizioan errotuta dagoen ohiturari jarraituz, zortzi dantzarik, «bobo» delakoa aurrean dutelarik, irailaren 8an sinbolismoz beteriko liturgia ospatzen dute urtero Muskildako baselizaren aurrean. Ohiturak agintzen duenari jarraituz, atzo, bezperan, taldeko kideek zaraitzuarren jantzi zibila soinean zutelarik, bete beharreko protokoloa hasi zuten Patronatuko Etxezainaren etxea bisitatuz. Dantza eta kalejira guztiak dantzatzen dituzte ospakizun horretan, eta gaurko egunerako prestakuntza saio bezala erabiltzen dute.
Otsagabiko Muskildako Amaren egunean helduek egiten dute dantzan, baina haurrak ere urtero ateratzen dira herriko jaietan dantza bera eskainiz. Argazkiotan bi emanaldi desberdinetako une berdina agertzen da. Goikoan, helduak; behekoan, haurrak. Plazara hurbiltzean, «bobo»-aren zeregina, besteak beste, jendea zirikatzea da. Idoia ZABALETA | ARGAZKI PRESS
Lau makil dantza –"Enperador", "Katxutxa", "Danza" eta "Modorro"–, zapi dantza –"el Pañuelo"– eta izenak berak dioenez "Jota" izenekoa dira Otsagabiko dantzak osatzen dituzten koreografiak.
Dantza hauen jatorria denboraren tuneleko ibilbidean gordetzen bada ere, gaurko egunera arte iraun dute eta, haurrengan duten lotura ikusita, transmisioa gauza segurua da Otsagabian, urtero gazteak trebatzen baitira festetako Haur Egunean egiten den ikuskizunean.
Muskildako irudiaren aurrean zortzi dantzariek eta boboak dantzan egin zuteneko lehen dokumentua 1695ekoa da. Rosa Villafrancak eta Angel Aldaiak egindako ikerkuntzari zor zaio data honen finkatzea, herriko dantzen historian murgildu baitziren “Danzas de Ochagavia. 300 años de historia” izeneko liburua argitaratzeko.
Otsagabiko dantzen historiaren korapiloak askatu zituzten lan honetan. Izan ere, ordura arte ezer gutxi zegoen idatzia Nafarroako folklorearen dantzarik esanguratsuenetakoak biltzen dituen tradizio kultural honi buruz, Julio Caro Barojak eginikoaz aparte.
Bobo-aren simetria
Boboaren jantzi gorri-berde ikusgarriek plaza osoa betetzen dute. Denen begiak harengana doaz, hain da handia figura honen indarra. Inauteriekin lotzen da pertsonaia honen sorrera, baina bi aurpegiko mozorroa daramanik ez dago gure folklorean.
Ikusmena boboak betetzen du, bera da dantza taldearen buru, arlekinen antzeko jantzi gorri-berdea daramana. Bere jantziak bi kolore hauekin jokatzen du, gorputzaren simetria azpimarratuz: galtzerdi bat berdea eta bestea gorria eramanez, edo mauka bat gorria eta bestea berdea.
Dantza zikloa sei dantzak osatzen dute, horietako lau makil dantzak direlarik.
Azken dantzan, bi aurpegiko mozorroa erabiltzen du boboak, bata beltza eta bestea zuria. Txirikorda gorri-berdea ere eramaten du.
Gaur, jaietako lehen egunean, irailaren 8an alegia, meza baino lehen Muskildako ermitan egingo dute dantza, eta arratsaldean, berriz, Blankoa plazan izango da emanaldia.
Dokumentuaren akzioak