Jorge Oteizaz hitz egiten badugu, Euskal Herriak izan duen sortzaile handienetako batez hitz egiten ari gara. Orioko artistak, gaur egun oso ohikoa den, influencer etiketa inork baino hobeto eramango luke. Bere lan entzutetsuenak eskulturagintzan egin bazituen ere, bere nortasuna eta abilezia beste hainbat arlotan erakutsi zituen. Margolaritzan, olerkigintzan, zinean, antropologian eta politikan ere bai bere itzalpea utzi zuen. Hain da handia berak egindako lana, non bere heriotzatik hogei urte betetzear direnean, gaur egun oraindik beste sortzaile ba-tzuengan eragina daukan. Bere jakin nahiaren zentzu ugari Quousque Tandem Abutere izeneko liburuan idatzi zituen. Obra hori oinarri hartuta, Zuk Performing Arts konpainiak izen bereko emanaldi eszenikoa sortu zuen. Sortzailearen urteurrenaren harira, pasaden astean Oteiza Museoan egin zuten ekitaldi berezi bat, bere obra eta pentsamoldea pixka bat gehiago gerturatuz publikoari.
Proiektuaren atzean Itsaso Alvarez Cano eta Miguel Perez Garcia bikotea dago. Beraiek sortu zuten etxean obra berezi hau, Oteizaren inguruko zerbait egitea pentsatu zutenean eta ikerketa lan sakon baten ondoren. “Hasiera batean eskulturetan oinarritutako zerbait egitea pentsatu genuen, baina baztertua utzi genuen. Gero Federico Garcia Lorca oinarri zuen lan bat eratu eta lan honek sormen bide zehatz batetik eraman gintuen, Oteizaren ideia berreskuratuz. Ikuspegi berri bat eman genion lanari, kultura arloan murgilduz” Miguel Perezek azaldu duenaren arabera. Bera asturiarra da eta ez zuen Oteizaren obra asko ezagutzen, baina “behin deskubritzen hasita, txundituta gelditu nintzen”. Bikotea dantzariak dira biak ala biak, baina kasu honetan Perez-ek ikus-entzunaren arloa landu du eta Cano-k dantza sormena. “Miguelek Quosque Tandem Abutere liburua erosi zuenean, bertatik kontzeptu batzuk atera genituen, gero obra hau posible egin dutenak. Hainbat gauzek liluratu gintuen: egiten zituen atzera begiradek, flashback modukoak; edo liburuan zeuden zirriborroek, ez baitzuen ezabatzen txarto egindakoa edo gustatzen ez zitzaiona, baizik eta tatxoiak egiten zituen zuzenean.
Kontzeptu interesgarriak izan dira gero koreografia batean sartzeko” Cano-ren hitzetan. Oteizaren ikerkuntzan barneratzen zihoazela beste kontzeptu batzuk ere erakarri zieten, chromlech-ak, hau da, harri formazioak kultu leku zirenak, artzaintza edo oriotarrak zuen lotura hutsaren kontzeptuarekin. Are, berak egindako pieza batzuk hartu dituzte erreferente bezala: Arantzazuko apostoluak, zentauro euskalduna eta errukia, denak, era batera edo bestera, taularatzen saiatuz.
Obren garrantzia
Ez da lan erraza izan bikotearentzat Oteizaren lana dantza mugimendu edo bideo sorkuntza batean bihurtzea. Horretarako lehenengo lan asko egin behar izan dute. Perez-en arabera, “eskulturak bakarrik ikusten badituzu zaila da sormen lan hori nondik datorren ezagutzea. Liburuak, ordea, bere lanen haziaz hitz egiten dizu, kultura nola ulertzen zuen, bertsolarien ze ikuspegi zeukan, herriarena, etab. Kontzeptu hauek guztiak, bere lanez gain, liburutik atera ditugu. Horrez gain, edukia asko ikertu dugu. Oteiza museoarekin lanean izan gara bertako jendeari galdera asko eginez, artxibategian murgi duz, etab”. Lan horretatik hainbat gauza atera dituzte eszenatokira eramateko eta konturatu dira, hainbeste lanen ondoren, berak egiten zuen bezala lan egiten bukatu dutela. Asturiarrak dioenez, “ Oteiza-k 40.000 artxibo izango ditu, hortik hainbat eta hainbat aztertu ditugu eta azkenean dena sinplifikatzen saiatu gara. Lau edo bost ideiarekin geratu gara eta hortik aurrera sormen lanarekin hasi. Nire kasuan bere obra batzuk moldatzen saiatu naiz, artxiboko irudien bitartez, eskulturen testurekin eta hori guztia nire bideo lanekin batuz, bideoklip txiki bat sortuz”.
Eskultura iradokitzaileak Quosque Tandem Abutere emanaldi eszenikoaren dantzei dagokionez, Canok kontatzen duenez, “obraren eszena bakoitza gauza desberdin batean iradokita dago. Zati bat bertsoak dira, Ekhiñe Zapiain-ek eratuak eta Lidia Arrieta-k abestuak; grabazio batean agertzen dira eszenatokian eta hori guk gero gorputzera eraman ditugu break dance-aren bitartez. Oso eszena interesgarria iruditzen zait”. Obraren hitzak liburutik hartuta daude eta hainbat gai sakon jorratzen dituzte. Oteizak egindako eskulturak erreferente izan dira mugimenduak sortzerako orduan ere; “zentauro euskalduna, ikaragarria bera, indar handikoa da. Hori antzezteko arropa oso kontuan izan dugu, brontzezkoa den itxura lortzeko, argiarekin ere jokatuz. Beste bat lehen aipatutako apostoluena da eta, hirugarrena, errukia izango litzateke. Hauetan oinarritutako hiru eszenak eskultura hauek dituzte ardatz”.
Antzezlanean zehar momentu batean garrantzia hartzen du askotan itzaletan geratu izan den pertsona batek, Itziar Carreño-k, Oteizaren emaztea izandakoak. Bikoteak garrantzia eman nahi izan dio sortzaile euskaldunaren euskarri garrantzitsuenetariko bati. Lan honekin bere memoria ere omendu nahi izan dute nolabait. “Oteiza museoan dauden bideoak ikusten dituzunean beti daude batera eta azken egunera arte batera egon ziren. Ez zuten seme-alabarik izan eta dena izan ziren bata bestearentzat. Oso garrantzitsua da sortzaileentzat laguntza hori, alboan dagoena, eta kasu honetan gehiago Oteiza bezalako pertsona sutsu bat eusten. Ez zuen lan erraza izan behar. Lotura estu hori nabarmendu egiten da Itziar hiltzen denean. Oteizak momentu horretan bere sormena poesiarantz zuzentzen du. Guk olerki horietako batzuk aukeratu eta pantailetan erakusten ditugu irudi desberdinen bitartez”.
Itsaso Alvarez Cano eta Miguel Perez Garciak egindako lana duela bi urte estreinatu zen, baina, hala ere, bizirik dagoen sorkuntza bat da. Lehen emanalditik, pasa den astean Oteiza Museoan egin zutenera arte, gauzak aldatzen joan dira. Horren arrazoia bi izan dira: sortzaileen beraien lana eta ikusleen iritzia. “Garapena izugarria izan da, bideo lanean ere bai. Kontua da bideoa LED pantaila batzuen bidez erakusten dela. Aurrenekoz proiekzio moduko bat egin nahi genuen, baina gero ideia baztertu genuen argiarekin lan egitea zaila izaten baita” Perez-en azalpenen arabera. Lanerako izan zuen lehen ideietako bat dorre handi bat egitea zen eszenatoki erdian jartzeko eta horrekin zine pantaila bat eraiki nolabait. Ideia hau baztertua izan zen arriskutsua izan zitekeelako. “Behin musikaria sartu genuenean antzezlanean, argi geneukan bera erdian izan behar zela obraren konposizioagatik”. Publikoarekin duten gertutasunak ere pisu asko dauka. Emanaldi bakoitzaren bukaeran coloquio edo mahai inguru bat egiten dute bertaratu direnekin. Konpainiako zuzendariaren hitzetan, “nolabait antzezlanak publikoarekin daukan hartu emana osatzeko modu bat da. Jendeak zein iritzi daukan, zer sentitu duen, zerbait ulertu ez badu, etab. kontatzen dizu. Bi aldeentzat ona den zerbait da. Alde batetik, guk zer heltzen zaien ezagutzen dugu eta, bestetik, beraiek ere Oteizaren inguruko ezagutza hori jasotzen dute”.
Oteiza museoa
Pasa den astean egindako emanaldia berezia izan zen beraientzat. Alde batetik Oteiza Museoan egitea lortu zutelako eta bestetik oriotarraren urtebetetze egunean egin zutelako. “Denbora luzez nahi izan dugun zerbait da. Museoko arduradunek eskaini ziguten zerbait egitea Arantzazun 2017an, baina azkenean ezin izan genuen. Oteizak hainbat aurpegi zituen, baina bere artea iradokitzailea da”, Perez-en hitzetan. Ildo beretik mintzo da Cano: “21ean bere urtebetetzea izan zen eta horrek ospakizuna bere etxean egin izan bagenu bezala suposatzen du. Alde batetik errespetu asko sortzen zuen, asko miresten baitugu. Eta, bestetik, gure lanaren errekonozimendu bat dela esango nuke”.
Jorge Oteizaren garrantzia sortzaile bezala bere lanez haratago doa, baina hala ere, oraindik, ezezagun bat dela jende askorentzat esan daiteke. Alvarez Canok oso ondo azaltzen duen bezala, “Oteiza filosofo bat zen. Denbora guztian arte diziplina desberdinak lotzen zituen.
Horregatik miresten dut sortzaile bezala, erantzunak baino gehiago, galdera berriak eskaintzen dizkizulako. Gehiago sakontzera eramaten dizu, oztopoak gainditzera, imajinatu ez dituzun kontzeptuak lotzera”. Hortaz, oriotar artista apur bat gehiago ezagutu nahi duenak eta bide batez dantza emanaldi batez gozatu, hurrengo aukera azaroaren 9an izango du Museo Universidad de Navarra arte garaikidearen museoan.