Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oteizaren hitzak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Oteizaren hitzak dantzan

Jorge Oteizak bere obra garatzean mamitu zituen gogoetak dantzen, musikaren eta bideoen bidez taularatuko dituzte, Mireia Gabilondok zuzendurik eta Jon Maiaren koreografien bidez

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/01/05

Jakin-minak Oteizaren poemak eta hausnarketak irakurtzera eraman du Gabilondo. «Gizona aurkitu nuenean gauza oso interesgarriak aurkitu nituen: bai hitzak nola elkartzen zituen, eta baita, noski, jorratzen zituen gaiak ere». Behin Gabilondo Oteizaren ideietara gerturatu zenean, Jon Maiarengana jo zuen, aurretik 1937, gogoaren bidezidorretatik obran egin zuten bezala, dantza ikuskizun bat taularatzeko. «Jon, badaukat hurrengorako gaia: Oteiza», esan zion. Ordutik, gidoia, koreografiak eta musika ondu ondoren, Otehitzari biraka obra entseatzen ari dira orain, urtarrilaren 27tik 30era Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatzeko.



Kukai dantza taldeak eta Tanttakak elkarrekin egin zuten lehen lana izan zelako, eta hemen nahiz kanpoan erdietsi zuen kritika bikainagatik eta arrakastagatik, ezinbestekoa da Otehitzari biraka eta 1937, gogoaren bidezidorretatik hura alderatzea. Oinarria eta lehengaia berdina izan arren dantza, bideo proiekzioa eta musika, prozesua erabat bestelakoa izan da oraingoan, Jon Maiaren esanetan: «1937-n musika bat genuen, eta hori izan zen iturria, bai dantzarako baita gidoirako ere. Kasu honetan ez genuen musikarik, hutsetik hasi gara. Ikuskizuna bera ere askoz ere abstraktuagoa da, sentimenduei eta gauza metafisikoei buruz hitz egiten da».



Oteizaren gogoetan barrena



Jorge Oteizak hainbat gairen inguruan egin zituen hausnarketen gainean egin du Mireia Gabilondok gidoia. Eskultura zergatik utzi zuen, edo poesiara nola eta zergatik iritsi zen azalduko da ikuskizunarekin, «poesia berarentzat inkomunikazio hizkuntza zelako gerturatu zen poesiara», aurreratu du Gabilondok. Horrez gain, hezkuntzaren inguruko hausnarketak, Itziar Carreño bere emaztea hiltzean sentitu zuena, edo heriotza bera dira gidoiaren oinarriak.



Eta hausnarketa horiek lengoaia desberdinen bidez taularatuko dituzte: batetik, Oteizaren beraren bideo eta argazkiak ikusi ahal izango dira, artista bere gogoetak egiten; bestetik, Mikel Urdangarinek, Bingen Mendizabalek, Mikel Fernandezek eta Rafa Ruedak propio ikuskizunerako sorturiko musikarekin, eta hirugarrenik, dantzarekin. Oinarrian euskal dantza tradizionalak dituen koreografia ikusi ahal izango da, Oteizaren gogoetekin tartekaturik eta horiek azalduz. «Euskal dantzak bere hartan ez dira ikusiko, ez da horretarako foroa. Dantzen gainean moldaketak egin ditugu». Bada zati bat dantza nahiko puruak ikus daitezkeena, Gipuzkoako soinu zaharrekin, eta Durangaldeko erregelekin osatua. Bestean, musikariek sortutako erritmoak daude. Dena den, dantza eta Oteizaren gogoetak elkarloturik joango dira: «Ikuskizunean aurreskua hiru modutara dantzatzen da, Oteizaren bizitzako hiru momentu desberdinetan: Oteiza sasoi betean dagoen unean, Itziar emaztea bere besoetan hiltzen zaionean eta hirugarrena, zahartzaro bete-betean». Dantzaren antzera, musikak sentimendu desberdinak islatuko ditu. Hasiera Iñaki Salvadorrek eta Mikel Laboak egindako kantu eta olerki baten gainean dago egituraturik, eta bukaera, Antton Valverdek eta Xabier Letek egindako baten gainean. Fernando Bernuesek egin du Kukai eta Tanttakaren ikuskizun berriaren eszenografia. Maiak azaldu duenez, bi elementu nagusi ditu eszenografiak: arbela eta tiza. «Oholtza arbela erraldoi bat izango da, dantzariek arbel horretan sartze bat sinbolizatuko dute. Oteizak berak bulegoan frontoi moduko arbela bat zuen, azalpen guztiak horra eramaten zituen. Dantzariak, bere ideiak oinekin azaltzen ditu. Bestetik, tizari eman diogu garrantzia, edozein proiektu tizan lantzen baitzuen». Tizekin pantaila handi bat osatu dute, eta bertan azalduko da Oteiza.



Ikuskizun abstraktu samarra izan arren, ez da inondik inora zaila, egileen arabera. Horren erakusle da estreinatu aurretik jaso duen babesa da. Izan ere, Donostia Antzerki Sariko diru laguntzaz gain, Biarritz Balletaren Accueil Studio programaren laguntza du obrak. Gainera, kantuetan eta poesia grabaketetan, Mikel Laboaren, Nestor Basterretxearen, Pello Zabalaren, Xabier Leteren eta Joxe Angel Irigarairen laguntza izan dute.



z 'Otehitzari biraka'@:Gidoia eta zuzendaritza: Mireia Gabilondo



Koreografia: Jon Maia



Dantzariak: Jon Maia, Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño.



Musika: Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Mikel Fernandez eta Rafa Rueda.



Eszenografia: Fernando Bernues



Argiztapena: Xabier Lozano



Jantziak: Claude Iruretagoiena



Ekoizpena: Kukai eta Tanttaka.

Dokumentuaren akzioak