Dokumentuaren akzioak
Oteizaren gogoetak, berriro plazara Kukai taldeko dantzarien bidez
Hil honen 27an, Donostian, estreinatuko da 'Otehitzari biraka' Musika berria da, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalek egina
Ez da Oteizaren bizitza kontatzen duen antzezlana, baizik eta haren pentsamendu eta gogoeten inguruan osatutako ikuskizuna. Antzezlanaren gidoiaz eta zuzendaritzaz arduratu den Mireia Gabilondok hau adierazi digu: «Orain dela ia urte bat, Joxerra Garziaren Itsasoan euri irakurtzen ari nintzela, hau irakurri nuen: 'Globalizazio hitza artean asmatzeko zegoela, inork baino lehenago aldarrikatu zuen Oteizak, gurea onartu, gurean sakontzea dugula unibertsal izateko bide bakarra'. Oteiza eta Jon Sarasua konparatzen zituen hor Garziak, biak Orion jaioak baitira eta biak neurri batean bere lanari utzitakoak, batak bertsolaritzari, besteak eskulturak egiteari». Jakin-minak bultzatuta, Oteizaren poemak eta gogoetak irakurtzeari ekin zion Gabilondok.
«Hau antzezlan abstraktuagoa da, aurreko 1937, gogoaren bidezidorretatik haren aldean, izan ere Oteizaren gogoeta eta sentimenduak dira gure gaia, eta batzuetan metafisikaren alorrean ere sartu zen Jorge. Antzezlan abstraktua da, baina ez konplikatua», azaldu digu Gabilondok.
Antzezlan berria nondik nora joan zitekeen buruan zuela, Mireia Gabilondok Jon Mayarengana jo zuen, aurreko 1937, gogoaren bidezidorretatik hartan egin zuen bezala. Bi antzezlan hauen artean badago alde nabarmen bat hala ere: 1937an erbestera joan ziren umeei buruzko antzezlan hartan bazegoen abiapuntu bat, Juan Mari Beltranen Arditurri diskoa, oraingo honetan ez dago horrelakorik.
Antzezlan berrian musikak garrantzi handia du, eta alderdi horretaz musikagile entzutetsu batzuk arduratu dira: Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Mikel Fernandez eta Rafa Rueda. Alegia, Kirmen Uribe olerkiarekin batera Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna burutu dutenak.
Musikariok doinu berriak konposatu dituzte antzezlanerako. Horiez gain, Iñaki Salvadorren musika bat erabili da, eta baita Xabier Lete eta Antton Valverderen kantu bat ere, Sinisten dut delakoa.
«Aurreko 1937, gogoaren bidezidorretatik harekin oso gustura gelditu gara Kukaiko lagunak, eta Tanttakakoek berriz ere elkarlana proposatu zigutenean segituan hartu genuen erabakia -adierazi digu Jon Maya dantzari eta koreografoak-. Gainera, Donostiako Udalak 1937... saritu zuenean, iaz, beste antzezlan bat egiteko laguntza eman zigun».
Euskal dantza tradizionaletan oinarritu izan dira Kukaiko lagunak, eta orain ere horiek dituzte elikagai. «Dantza tradizionala, hori da gure esparrua eta erosoen egiten duguna -jarraitzen du Mayak-. Baina gero saiatzen gara dantza tradizionala kontestu berrietara moldatzen. Oteizak berak esaten zuen formaren morroi bihurtu dela gaur egungo dantza, eta espiritua galduta dabilela. Otehitzari biraka honetan hiru modutara dantzatzen dugu aurreskua, Oteizaren bizitzako hiru aro-edo islatzeko: Oteiza sasoian dagoen garaia, Itziar bere emaztea hiltzen zaion unea eta zahartzaroa».
Pasarte bat Orfeo eta Euridize, Bluck alemaniarrak sortutako operan dago inspiratua.
Tizak eta arbelak
Tanttakako Fernando Bernuesek egin du eszenografia. Arbela eta tiza dira osagai printzipalak eta oholtza bera arbel handi bat izango da, dantzariek sartu-irtenak egingo dituztelarik. Gainera, tizen bidez arbela bat osatu da eta bertara proiektatuko dira irudiak. Jakina denez, Oteizak tizak erabiltzen zituen eskulturen bozetoak egiteko, eta arbela ere oso maitea izaten zuen bere gogoeta eta diseinuak garatzeko.
Antzezlaneko beste osagai bat bideo-proiekzioa da. Mireia Gabilondo arduratu da, makina bat ordu pasata, irudiak aukeratzeaz. «Tartean Juan Pablo Zabala, Irungo mediku baten bideo-irudiak daude. Jorgeren lagun handia zen eta irudi eta hitz politak lortu zituen. Artistaren alde intimoa ikus dezakegu hor», esan digu Gabilondok.
Noizbehinka eskultorearen olerkiak ageri dira. «Emaztea hiltzean idatzitakoak oso interesgarriak dira», dio zuzendariak.
«Oraindik ez dugu bukatutzat eman 1937, gogoaren bidezidorretatik -jarraitzen du Mayak- nahiz badakigun Euskal Herriko hainbat tokitara eraman dugula. Oraingoz 60 bat emanaldi egin ditugu, eta bi bira ere burutu ditugu, bata Hego Amerikan, bestea Ameriketako Estatu Batuetan. Eta hil honen 21 eta 23an Madrilgo antzoki batean jardungo gara».
'OTEHITZARI BIRAKA'
Ekoizpena: Tanttaka eta Kukai.
Gidoia eta zuzendaritza: Mireia Gabilondo.
Koreografia: Jon Maya.
Dantzariak: Vanesa Castaño, Ibon Huarte, Eneko Gil, Alain Maya, Jon Maya, Urko Mitxelena, Nerea Vesga.
Musika: Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Mikel Fernandez eta Rafa Rueda.
Eszenografia: Fernando Bernues.
Argiztapena: Xabier Lozano.
Jantziak: Claude Iruretagoiena.
Irudiak: Jorge Oteizaren irudi eta esanak hiru tokitatik hartu dira: Euskal Telebistaren erreportaje zabal bat; Jon Intxaustegik Artelekurako egindako beste bideo-lan zabal bat, non beste batzuek hartutako irudiak ere biltzen diren; eta Juan Pablo Zabala mediku irundarrak (artistaren lagun handiak) egindako bideo-lana.
Estreinaldia: Hil honen 27tik 30era bitartean izango dira lehen emanaldiak, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Dokumentuaren akzioak