Dokumentuaren akzioak
Oteizaren bizitzan oinarritutako ikuskizuna
Elgeta. Gaur, 22:30ean, Espaloia kafe antzokian.
Iazko urtarrilean estreinatu zuten obra, eta ordutik herriz herri dabiltza. Otehitzari biraka-k Jorge Oteiza du oinarri. Artista oriotarrak bizitzaren gainean jorratu zituen ikuspuntuak eta azaldutako iritziak erakusten ditu, eta horretarako dantzaz, musikaz eta bideo proiekzioaz baliatzen dira. Ikuskizuna Oteiza sasoi betean den garaian hasten d,a eta hortik aurrera une indartsuak, ederrak eta garratzak tartekatzen dira. Oteizak kulturaren, unibertsitatearen, unibertsaltasunaren eta beste hainbat gairen inguruan egin zituen gogoetak biltzen ditu. Jorge Oteiza bera ere azalduko da ikuskizunean, proiekzio batek haren hitzak ekarriko baititu ikuskizunera. Bereziki hunkigarria den memento bat ere badago: Itziar Carreño bere emazteari egiten dion agurra eta haren heriotza olerki baten azaltzeko modua, hain zuzen. Gidoia Mireia Gabilondok idatzi du. Horretarako, artistaren obra sakon aztertu behar izan du hainbat hilabetean, eta Oteizaren gertuko jendearekin ere bildu da. Hala, esparru askotako sortzaileak bildu dituzte. Besteak beste, Mikel Laboa, Iñaki Salvador, Josu Zabala, Pello Zabala, Mikel Urbeltz, Claude Iruretagoiena eta Nestor Basterretxea, Jose Angel Irigarai, Jon Buhame... izan dira ikuskizun honetako laguntzaileetako batzuk.
Ikuskizunerako egindako musika
1937, Gogoaren Bidezidorretik lanean ez bezala, kasu honetan musika obrarako idatzi dute espresuki. Gainera, euskal musikagintzan izen handia duten musikariak arduratu dira horretaz: Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Mikel F. Krutzaga eta Rafa Rueda hain zuzen.Biolinarekin, gitarrarekin, ahotsekin eta elementu elektro-akustikoekin osatu dituzte doinuak. Koreografia egiteko, berriz, euskal dantza tradizionaletan oinarritu da Jon Maia Otehitzari biraka-ko koreografo eta dantzaria. Nolanahi ere, euskal dantza tradizionala beste ikuspegi batean jarri dute ikuskizun honetan. Izan ere, euskal dantza tradizionalak edozein gertakizun eta sentimendu kontatzeko balio duela erakutsi nahi izan dute. Hala, ikuskizuneko zati ugari kontatzen dira dantzaren bidez, baina betiere leku berri eta berezi batetik dantzatuta. Ohiko hainbat dantza tradizionalen inguruko moldaketak eta urrats eta mugimendu tradizionaletan oinarritutako koreografia berriak ikusten dira ikuskizunean.
Dokumentuaren akzioak