Dokumentuaren akzioak
Oteiza pausoz pauso
Dantza, musika eta bideo-proiekzioa uztartuta, Oteiza eskultoreari egindako omenaldia da Kukai dantza taldeak eta Tanttaka teatroak apailatu duten Otehitzari biraka lana. Taldeok elkarlanean egindako bigarren ikuskizuna da
Mireia Gabilondok egin du zuzendari lana. Joxerra Gartziaren Itsasoan Euri liburua irakurtzen ari zela bururatu zitzaion bergarar antzezleari Jorge Oteiza taulara eramatea. Gartziaren liburuan Oteizaren pentsamendu honek piztu zion arreta: "Globalizazio hitza artean asmatzeko zegoela, inork baino lehenago aldarrikatu zuen Oteizak, geurea onartu, geurean sakontzea dugula unibertsal izateko bide bakarra". Joxe Angel Irigarayren laguntzaz Oteizaren iragana aztertu zuen sei hilabetean, euskal eskultorearen gaineko omenaldi dantzatua aurkezteko.
Oteizaren ideiekin dantzan
Goiburuak dioen bezala, Oteizaren hitzak dantzatu dituzte Kukaiko zazpi dantzariek; Jon eta Alain Maya, Urko Mitxelena, Ibon Huarte, Eneko Gil, Nerea Vesga eta Vanesa Castañok. Jon Mayak egin du koreografia eta horretarako, tradiziozko euskal dantzak izan ditu oinarrian. Oteizaren gogoetekin tartekatu eta horiek azaldu ditu. Ez da beraz, tradiziozko euskal dantzen ikuskizun bat, eta ikusleak dantzen moldaketak aurkituko ditu Otehitzari biraka lanean. Zati batean dantzak diren-direnean jaso dira ia, Gipuzkoako soinu zahar eta Durango aldeko erregelak, esaterako. Baina oro har, ohiturazko dantza kontestu berrietara eraman dute. Egungo aurreskulariak beti berdin dantzatzen direla kritikatu zuen Oteizak, eta horri erantzuteko, aurreskuaren hiru moldaketa egin dituzte, koreografia eta melodia ezberdinekin. Lehenengoan Oteiza sasoi betean dagoen unea islatzen da, bigarrenean Itziar emaztea hiltzen denekoa eta hirugarrenean artistaren bizitzako azken garaia. Baztango mutil-dantza, kaxarranka, banakoa, agurra, zortzikoa, Gipuzkoako soinu zaharrak eta erregelak daude; Zuberoako urratsak ere bai. Mayak esan digu, dantzak aukeratzerakoan halabeharrezko zenbait faktore eta gertakarik eragina izan dutela. Ez dok amairu taldearen ikuskizun bat esaterako, Otehitzari biraka ikuskizunean antzera hasten da. Kaxarrankan ere, Ibon Ugarte txapelarekin jolasten da. Oteizak askotan esan zuen txapela nola jarri, halakoa edo bestelakoa dela pertsona. Horri jarraiki asmatu zuten jolas hori. Gainerako dantzak, gehienetan, gidoiaren arabera bilatu dituzte.
Musika eta jantziak
Hasieran Iñaki Salvadorrek eta Mikel Laboak egindako kantu eta olerki bat entzungo dira eta bukaeran, Antton Valverdek eta Xabier Letek egindako beste bat. Gainerakoan, musika ere propio sortu dute dantzarako, Mikel Urdangarinek, Bingen Mendizabalek eta Rafa Ruedak. Dantzari eta gidoiari atxikitako musika da, nabarmendu gabe iradokizunari bide ematen diona. Biolina, gitarra, ahotsa eta elementu elektro-akustikoak urratsen erritmoaren mende. Irakurritako poesia zatiak ere tartekatu dituzte eta horretarako, Nestor Basterretxea, Pello Zabala eta Joxe Angel Irigarayren laguntza ere izan dute. Jantzietan, tradiziozko gona gorririk ez dugu aurkitu, baina ezta dantzatzen denaren harmonia haustera datorren soinekorik ere. Txapelarekin jolastuko dira dantzariak, abarketa beltzekin eta oin hutsik dantzatzen. Claude Iruretagoienak diseinatu ditu jantziak, sotilak, lirainak, unearen arabera koloreztatuak. Oro har kolore iluneko jantziak aukeratu ditu diseinatzaileak, baina haurtzaroko ideiei bide emateko, bi neskatila soineko zuriekin dantzatuko dira ilunpean dagoen agertokian, purutasunaren adierazgarri.
Arbela eta klariona
Otehitzari biraka Fernando Bernuések diseinaturiko eszenografian janzten da. Agertokiari giro ilun berezia emandio eta horretarako Oteizaren museoan nagusi diren bi elementu jaso ditu: arbelak eta klariona. Lan berrien zirriborroak egiteko erabiltzen zituen horiek maisuak eta horregatik ekarri ditu Bernuések ikuskizunera. Agertokiaren sakonean, klarionazko paretan Oteizaren bideo-proiekzioak jantziko du ikuskizuna. Haren irudiak, haren hitzek, aurpegi keinu eta algarek osoki inguratzen dute ikusleak begi aurrean duena. Mireia Gabilondok aukeratu ditu irudiak, ETBn eta Artelekun jasotako bideoetatik.
Muntaian esku hartu duten elementu guztiak ondo josita daude, elkarreraginean. Musika espresuki sortu dute dantzarako eta ikuskizunari batasuna eman dio horrek. Gainerakoan, agertokira atera eta dantzarien arteko irribarre eta elkar-hartzeek eman dute arreta.
Jon Maya, koreografo eta dantzaria: «Egia da tradiziozko dantza batzuk erabiltzen direla beste gauza batzuk esateko, baina une zehatz horretan dela ahaztu gabe»
Tradiziozko dantzetatik abiatuta sentimendu batzuk azaldu nahi izan dituzue ikuskizunean. Baina dantza hauek, jatorrian, esanahi bat badute, historia bat. Tradiziozko dantzaren urratsak beste gauza batzuk sortzeko erabilita ez al da ohiturazko esanahia galtzen?
Gurea tradiziozko dantzetatik abiatutako ikuskizuna da. Zuzen-zuzenean ez dut uste deskontestualizatu edo tradiziozko esanahia galtzen denik. Batetik, guk beti esaten dugu guk egindako ikuskizunak tradiziozko dantzatik abiatuta egindakoak direla, gu mundu horretatik gatozelako. Zalantzarik gabe, ikusten da askotan beste terreno batzuetara eramanda daudela. Baina gu abiatzen garen lekua tradiziozko dantza da, hortik gatozelako eta gaur egun ere horretan jarduten dugulako nagusiki.
Desitxuratzeaz, deskontestualizatzeaz hitz egin duzu. Berritu beharrak eraginda kontestutik atera eta tradiziozko euskal dantzak deformatzen ari gara?
Ez dut uste desitxuratzea denik, guk ez dugulako inongo momentuan folklorea egiten ari garenik aipatzen, gure ikuskizuna ez da folklore erakustaldi bat. Hori iruditzen zait arriskutsua, alegia, norberak asmatutako kontuak eta talde batek egindako moldaketak Euskal Herriko dantzen erakustaldi gisa aurkeztea. Une jakin batean egindako ikuskizun bat da Otehitzari biraka, jatorrian eta oinarrian, batez ere, tradiziozko dantzak dituena. Asmoa ez da Euskal Herriko tradiziozko dantza moduan ikustea. Tradizioak orain arte ekarri dizkigun dantzak ikusteko, dantzen sinbologia jasotzeko, badaude beste ikuskizun aproposagoak. Errespetu handia diot tradizioari, gaur arte jaso ditugun dantzei, baina hau beste testuinguru bat dela uste dut, egia da tradiziozko dantzak erabiltzen direla beste gauza batzuk esateko, baina une eta gidoi zehatz batean dela ahaztu gabe.
Hori guztia esanda, euskal dantzek beren testuinguruan onena eman dutela eta jendea aspertu egin dela esango zenuke?
Ez dut uste, euskal dantzak ematen jarraitu behar du. Gure kulturaren, folklorearen erakusgarri bat dira eta hain zuzen horregatik iritsi dira gaur arte, eta guk ere horregatik jarraitzen dugu dantzan. Jarraitu behar duen hari bat da eta gabiltzan denon ardura da ahalik eta txukunen egitea. Horren inguruan, garai bakoitzean, historian gertatu den bezala, aurrerantzean, saiakera ezberdinak egitea ez dut gaizki ikusten. Beti dago zer ikertu, zer ikasi eta zer irakatsi. Gainera, belaunaldiak ere aldatuz doaz eta transmisio hori gertatu behar da. Gauzak txukun egin daitezkeela uste dut, eta inondik ere ez tradiziozko euskal dantzak agortuta daudenik, eta epe bat amaituta beste bat hasi behar denik. Orain arte iritsi zaigun ondasun bat da eta ahalik eta ondoen aurrera eramaten jakin beharko genuke.
1937, Gogoaren bidezidorretatik eta Otehitzari biraka
Orain bi urte estreinatu zuten Kukai Dantza Konpainiak eta Tanttaka Teatroak 1937, Gogoaren bidezidorretatik ikuskizuna. Lan-talde berri hark emandako fruituak handiak izan dira, uztarturiko bi taldeek aurretik egindako ibilbidea nola. Max Sarietarako izendapena, Hegoamerikako eta Estatu Batuetako birak, Donostia Antzerki Saria, Biarritz Balletaren Accueil Studio programaren laguntza eta ikusle fidelen harrera beroa eman ditu ikuskizunak. 1937, Gogoaren bidezidorretatik lanaren bizitza ez da amaitu, baina orduan loturiko hariari tiraka Otehitzari biraka etorri da. Ikuskizuna abstraktuagoa da, sentimenduei eta gauza metafisikoei buruzkoa. 1937 lanean narrazio batek gidatu zuen dena, hemen, ezerezetik, abiatu dira. Ikerketa lana egin eta Oteizaren atmosferarekin egin dute topo. Urtarrilaren amaieran izan zen estreinaldia baina aurrerantzean ere herriz herri saioak egitea da taldearen asmoa. Dagoeneko hasi dira emanaldietarako datak zehazten, eta hasteko, otsailean Errenterian izango da Otehitzari biraka ikusteko aukera.
Dokumentuaren akzioak