Dokumentuaren akzioak
Oteiza gure artean
Arrakastatsua izan zen kukai-tanttakaren 'Otehitzari biraka' obraren estreinaldia. Euskal kulturako jende ugari bildu zen, eta antzoki zaharra goraino bete zen
Hotz egiten zuen Antzoki Zaharraren kanpoaldean. Ilara luzea zegoen estreinaldira sartzeko. Urduritasuna eta jakin-mina. Aurpegi ezagunak. Bertan ziren, iragan igandean estreinaldiaren trantzetik igaro zen Aitzpea Goenaga, baita Isidoro Fernandez, Amagoia Lauzirika, Kike Diaz de Rada, Patxo Telleria eta Ramon Agirre aktoreak, besteak beste. Agirre «zerbait ederra» ikusteko itxaropenarekin joan zen estreinaldira, aurreko ikuskizunak liluratua. «Nire espektatibak erabat bete dira», azaldu zuen, behin emanaldia amaitutakoan. «Ikuskizuna alde guztietatik iritsi zait, bai dantzaren aldetik eta baita Oteizari buruz ere». Agirrek esan bezala, dantza eta Oteiza izan ziren emanaldiko protagonistak, poesiaren, musikaren eta bideo proiekzioen laguntzarekin. Oteizaren indarra izan zuten dantzariek. Artistaren goxotasuna eta garraztasuna dantzatu zituzten. «Oso-oso haserre nago», zioen Oteizak, dantzariek, beltzez, serio dantza egiten zutenean. Zuriz, «pozik nago». Eta bere hausnarketak, beti interesgarri, haurtzaroko une ederrez, eskultura alboratu eta poesia «inkomunikazio hizkuntza» bere egin zuenekoaz, hezkuntza sistema aldatzeko beharraz, «gobernuaren irrespontsabilitate kulturalaz», Itziar Carreño emaztearen galera gogorraz, eta heriotzaz. Oteiza, gizona, jendearengana iritsi zen, konplizidadea lortuz.
Urduritasuna eta gozamena
Dantza eta Oteizaren esana oso lotuak ikusi zituen Joxerra Garziak. «Ni ez naiz aditu bat, eta ez naiz musikal eta dantzazalea, neu txarra naizelako, baina oso polita, ausarta eta bitxia iruditu zait. Genero berri bat asmatu dute». Garziak kulparen zati bat du obra honetan, Mireia Gabilondok bere Itsasoan euri irakurrita erabaki baitzuen Oteizaren gainean egitea obra berria. Hala ere, lasai ikusi zuen emanaldia: «Urduritasun gutxirekin ikusi dut, baina dantzari bat gora igo denean metro eta erdi-bi metroko kutxa baten gainera igo zen Ibon Huarte dantzaria izerdi pitin bat izan dut eskuetan».
Urduritasun hori gozamenarekin nahastu zen ikusleen artean. Dantzarien adierazkortasuna eta abilezia ikusgarria baitzen, euskal dantza tradizionalak edozelako gertakizunak, sentimenduak kontatzeko balio dutela erakutsiz. Berrituz. Ohiko hainbat dantza tradizionalen inguruko moldaketa modernoak egin zituzten, arbel baten itxurako oholtzan, pausoak hitzak balira bezala, Claude Iruretagoienak eginiko jantzi sotil-ederrekin eta propio ikuskizunerako egindako musikarekin. Musikari erreparatu zion Mikel Urdangarinek, «gertutasunagatik», baina obraz «bere osotasunean» gozatu zuen musikari eta kantariak. Abuztuan hasitako lanaren emaitzaz gozatu zuen herenegun. «Nondik heldu ez genekiela, entsegu batean ohartu ginen edozer eginda ere, bera (Oteiza) kexatu egingo zela, eta geure terrenora ekartzea pentsatu genuen; beti ere, musika laguntzeko dagoela kontuan izanik». Gustura zegoen Urdangarin. Mireia Gabilondo bezala. «Azken unean gauzatxo bat ez zen iristen, eta oso urduri egon naiz hasi aurreko orduetan, baina gero lasai ikusi dut obra. Gozatu egin dut eta hunkitu egin naiz». Ikusleen harrera beroarekin harriturik zegoen zuzendaria, «jendeak esan dit obrak ukitu egin duela, eta ni neu ukitu egin nau horrek».Esparru ugaritako jendea bildu zen Otehitzari biraka egiteko. Mikel Laboa entzun zitekeen Oteiza irakurtzen; Pello Zabala «Oteiza ez da gizon erraza» esanaz; Xabier Lete «uste dut egunean batean hilen naizela» irakurriz; Jose Angel Irigarai... Horrek esparru ugaritako jendea bildu zuen estreinaldira, aktoreez gain, Irigarai bera, Harkaitz Cano, Filgie Claverie, Juan Mari Beltran, EKTko administrazio kontseiluko lehendakari Joxean Lizarribar eta Joanmari Larrarte idazkaria, beste askoren artean.Lehen emanaldiaren ondoren, lunch-az gozatzeko aukera izan zuten guztiek Kasinoan. Dantzariak, koreografoa eta zuzendaria zoriontzeko. Oteiza gogoratzeko, «denborak jarriko du bere lekuan», zioen batek baino gehiagok. Antzoki Zaharreko txalo zaparrada handiaren ondoren, ostera ere, txaloka hartu zituzten dantzariak eta zuzendaria. Bero.
Dokumentuaren akzioak