Dokumentuaren akzioak
Oteiza eta Kurosawaren metaforen ehizan
Kaikua. Objektu hori erabili du metaforatzat Mikel
Urbeltz filologo eta ikerlariak bere aita Juan Antonio Urbeltz folklore
ikerlari eta antropologoaren lan egiteko modua azaltzeko: «Ez du era
ortodoxo batean lan egiten. Piezak sakabanatu egiten ditu lurrean, eta,
baten batek zati horiek batu eta kirten bat jarrita katilu bat osatuko
lukeen lekuan, aitak egiten duena da pieza horri kirtena barnealdetik
sartu. Mundu guztiak esaten badu hori ez dela posible, berak esplikazio
oso bat aurkitzen dio egindakoari. Lehen kolpean ulertzen ez baduten,
kaiku deitzen gaituzte; baina, hain zuzen ere, aitak lurreko piezekin
osatu duena horixe da: kaiku bat». Metodo horri fidel aritu dira azken
ikerketa lanean ere.
Jorge Oteiza artistaren eta Akira Kurosawa
zinemagile japoniarraren lanak aztertu dituzte orain Urbeltz
aita-semeek. Bi autoreek erabiltzen dituzten metaforak ikertu dituzte,
eta haien atzean Eurasia osoa hartzen duen oinarri kultural komun bat
egon daitekeela ondorioztatu dute. Oteiza museoak kaleratu du Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa
liburua (Euskal harrespilak eta azeri japoniarrak. Jorge
Oteizarengandik Akira Kurosawarenganaino). Museoak ikerketa saiakerak
argitaratzeko sortu berri duen Centauro izeneko publikazio bildumaren
lehen alea da.
Aspaldiko lan ildoa da Urbeltz sendiarena. Urteak
dira Europako inauterien eta dantza tradizionalen atzean zentzu
primitibo komun bat bilatzen dihardutela. Proiektu oso bat dago beren
lanen atzean, urbelztarrek azaltzen dutenez. «Ez da antropologia, ez da
filologia ere, ezta dantza folklore soila ere. Denak batzen dituen
proiektua da gurea. Kultura bere osotasunean hartu nahi duen proiektu
bat. Metaforen bidez, munduak nolakoak ziren berriro ere amesteko saio
bat».
Orain arte, inauterien inguruan egin dituzten ikerketen
ildoari jarraitzen dio oraingo ikerketak ere. «Nekazaritzak alde batetik
badu teknika bat, baina baita espiritualitate bat ere. Nekazaritza
teknikekin batera, beraz, espiritualitate bat ere hedatu zen Eurasia
guztian, eta horregatik daude hainbat elementu komun. Ezberdintasunak
daude kultura eta hizkuntza bakoitzean, baina bada partekatutako oinarri
bat».
Metaforak dira geruza komun horretara heltzeko bidea.
Haiei esker egin liteke zubi lana egungo mundu ikuskeraren eta garai
batekoaren artean. Hala egin dute lan orain arte urbelztarrek, eta hala
aritu dira oraingoan ere. Kurosawa eta Oteizaren irudiak izan dituzte
bidaide. «Ehiztarien gisa ibili gara haien metaforak harrapatu nahian»,
azaldu du Mikel Urbeltzek. Haien atzean dagoen mundu ikuskeraren
oihartzun bat jasotzea izan da helburua. Bi zatitan banatu dute
ikerketa. Orioko artistaren harrespilen inguruko gogoetak hartu dituzte
abiapuntutzat lehen atalean, eta japoniarraren Ametsak izeneko filmeko Kitsune no yome-iri izeneko kontakizuna, bigarrenean.
Intsektuen aurkako epaiketak
Oteizak
hainbeste landutako harrespilen esanahia ulertu ahal izateko, hipotesi
berri bat proposatu dute urbelztarrek. Intsektu eta izurriteekin lotu
dituzte mairu baratzeak. Azaldu dutenez, mandeulien aurkako hainbat
epaiketa egin zituzten Erdi Aroan Europan, eta dokumentatuta daude
haietariko batzuk. Halakoekin lotuta daude harrespilak. «Epaiketa
horietan ikusten dena da gizakiek hitzarmen bat lortu nahi izaten zutela
intsektuekin. Zomorroentzako espresuki gordetzen zituzten landa lur
batzuk, adibidez, epaiketaren amaieran. Han libre aritzeko aukera ematen
zieten, baina ez handik kanpo». Diotenez, antzerako zerbait gerta
daiteke mairu baratzeekin ere. «Mendian daude harrespila horiek, hain
zuzen, abeltzainek udan zaldiak edukitzen zituzten gunean. Gizakien eta
intsektuen arteko hitzarmen moduko baten lekukoak dira».
Oihartzun
bat izan da Kurosawaren inguruan egindako ikerketaren abiapuntua,
bestalde. Japongo esaera zahar baten eta Euskal Herriko beste baten
arteko kointzidentzia, zehazki: Eguzkia ta euria, axeri boda. «Atsotitza hemengoa zela soilik uste genuen, baina Kurosawaren filmak erakusten digu ezetz». Japoniarraren Ametsak
filmean esapide horren bariante bat da pelikula osatzen duten zortzi
kontakizunetariko lehenaren ardatza, eta metafora horren atzean dagoen
errealitate komunaren bila joan dira urbelztarrak. «Bi mundu horien
artean ez da egon kontaktu historikorik, eta, gure ustez, horrek
erakusten du lotura horrek izan behar duela zerbait oso zaharra».
Ikerlarien ustez, gainera, intsektuak izendatzeko metafora bat izan
daiteke azeriena. Intsektuena tabua zen garai batean; «Aipatuz gero,
errealitate egiten zirela uste zuten».
Maider Urbeltz arduratu da liburuaren diseinuaz.
Dokumentuaren akzioak