Dokumentuaren akzioak
Ostiralean, 150 dantzarik, musikarik eta bertsolarik heien sustengua ekarriko diete euskal presoei. Artearen jaia izango da
Dantzaz, euskal herrirat!
Antolatzaileen erranetan, "kalitatezko emanaldi
bat izanen da! Leku aproposa, emanaldi landuak eta sorkuntza arras
ezberdinak" azaldu digu Rozkok, Basusarriko dantzariak eta ekitaldiaren
antolatzaileak.
Gaualdia, iluntzeko zortziak eta erditan hasiko da dantza
agerraldiarekin. Orotarat zortzi dantza taldek eskainiko dute heien
sorkuntza: Hazparneko Elgar Oinka, Lekorneko Urtxoko Xoriak, Garaziko
Garaztarrak, Maritzuli Konpainia, Miarritzeko Oldarra, Poporen alde
egindako dantza, Donibane Lohitzuneko dantzariak, Arbonako Primadera.
Hazparneko Elgar Oinka taldeak lehen aldiko aurkeztuko du bere Uztai
Ttiki Dantza bermoldatua. Ohiturazko koregrafia eta urratsetatik
abiatuz, adaptazio berezi eta rokero batean murgilduko dira taldeko
zortzi mutilak. Lekornekoek, kultura biziaraztearen eta gazteen gora
beherak jorratuko dituzte. Garaztarrek aldiz Hip Hop eta Euskal dantzen
arteko nahasketa eskainiko dute. Claude Iruretagoineak zuzentzen duen
Maritzuli konpainiak, Kutx ala Pil bere azken agerraldiaren pasarte bat
eskainiko du, zamaltzainen pasartea hain zuzen ere. Koldo Zabalak bere
Gernika baletaren parte bat ere emanen du; Azken Oihua deitzen da hau.
2003-an, Baigorri, Basusarri, Donibane Lohitzune eta inguruetako gazte
batzuek, Popo Larreik-ko militante desagertuaren alde dantza bat asmatu
zuten; hau ere ikusgai izanen da. Begiraleak dantza taldearen 70.
urtemugaren karietarat egin zen sorkuntza ere taularatuko dute Donibane
Lohitzuneko dantzariek. Eta bukatzeko, azken uneko eranskina,
Arbonatarrek Arin Arin bizi eta berria emanen dute.
Baina agerraldi bat ez da idatziz aurkezten, oholtza gainean ikusi
behar da. Hortarako gomita luzatua da Makean. Ondotik, erromeria bat
izanen da, talo, txaranga eta kontzertu batek alaiturik. Eta oraindik
erakargarriagoa izateko, sartzea biziki prezio merkean finkatu dute
antolatzaieek: 6 euro edo 8 sustenguz. "Jakinez agerraldi bakar bat ez
dela sekulan 20 euro baino merkeago, eroa izan behar litzateke 8
agerraldi ez etortzea ikusterat... Euro bat talde bakotxa ikusteko!!!"
harritzen da Rozko bera.
Askatasuna presoen sustengu elkartea "pozik eta itsaropentsu" agertu da
eta "elkarlana errexki onartu" dutela erran digu elkarteko kide den
Markotxek. "Pertsona ezberdin askok heien elkartasuna adierazten dute
presoen alde eta hori keinu ona da, benetan beharra delako", gehitu du
elkarteko kideak. Apirila eta maiatza artean, hainbat ekimen izan dira
espetxeratuen alde Lapurdi, Baxe Nafarro eta Zuberoan. Eta
"mobilizazioak aintzina segituko du eta areagotuko da" abisatu digu
Markotxek.
Hori horrela gertatuz gero, hemendik laister lan haundia izanen dute
larunbatean dantzatuko dutenek: ehunka eta ehunka ongi etorri izanen
direlarik Euskal Herrian, Aurreskuak dantzatu beharko baitira askatu
guzien parean...
«Gurean egiten
diren lanak
ezagutarazi
nahi ditugu
emanaldian»
Antton Moustirats
antolatzailea
A Noiztik zabiltz dantza munduan
Dantza 8 urtetan hasi nuen nere klaseko lagunak ikastolako
aire-hartzeetan dantzatzen ikusten nituela eta. Honek eman zidan
dantzatzeko gogoa. Basusariko Lapurdi dantza taldean hasi nintzen.
Lehenik taldeko dantzari helduagoak nituen erakasle eta ondotik Patxi
Perez. Eta dantza munduan mutilak eskas direnez, hainbat talderekin
ibili naiz projektu batzuen inguruan sorkuntza, bidaia….
B Zer ekartzen dizu, zuri, dantza egiteak
Lehenik eta behin, dantza plazerrarentzat egiten dut. Basusarriko
taldean mutil guziak oso lagunak gira eta guretzat dantza elkartzeko
aitzaki bat zen. Beraz bereziki dantza lagunekin ongi pasatzeko egiten
nuen, bestari eta bidaiatzeari ere lotua baita. Gero izertze on baten
egiteko ere, dantza kirola baita. Eta azkenik, euskal dantza gure
herriaren ondarea da; garrantzitsua da nere aburuz gure ohituretaz
jabetzea eta kultura bizirik atxikitzea.
C Nola etorri zitzaizuen emanaldi horren antolatzeko ideia
Ikusgarri horren antolatzeko gogoa etorri zitzaigun ohartu ginelarik
azken urteetan Ipar Euskal Herriko dantza talde andana batek sorkuntzak
egin zituela baina ez zuela hainbeste paradarik izan horien hedatzeko.
Egia da aukerak eskas direla herriko plazatik ateratzeko eta publiko
zabal baten aurrean dantzatzeko. Baina ezin genituen hain lan ederrak
aurkeztu gabe utzi. Emanaldi horren bidez lan guzi horien berri eman
nahi dugu ahal bezain bat pertsona ezberdinek ikus eta goza ditzaten.
Bigarren denbora batean, ikusgarri hori proiektu baten alde bideratu
nahi izan dugu. Ez ginuen ikusgarri bat egin nahi ikusgarri baten
egiteko. Dantza adierazpen molde gisa ikusten dugu eta Askatasuna
erakundeko kideekin bildu ostean, presoen sustenguz egitea hautatu
ginuen.
D Zaila izan al da hainbeste dantzari aldarrikapen baten inguruan elkartzea, hau da presoen alde
Harrigarria badirudi ere eta lehen aldia izanik ere, ez da hain zaila
izan! Dantza taldeen gana jotzean eta projektua azaltzean, jendeak bat
egin du. Erran beharra dago presoen aldeko dinamika geroz eta zabalagoa
dela eta ainitzek bat egiten dutela presoen egoeraren hobetzeko
aldarrikapenarekin, bereziki une hauetan, eta horrek ere asko lagundu
du.
E Zer du berezi agerraldi honek Nola emango zenieke irakurleeri etortzeko xedea
Emanaldi honek hiru helburu ditu: lehena, azken bi urteetako zortzi
sorkuntza berriz plazaratzea eta ondorioz ikusi ez duten pertsoneri
ikusteko aukera bat ematea. Gero euskal kultur eragile gisa,
aldarrikapen bat kaleratzea: mezu zehatza eta azkarra hedatzera goaz:
“150 dantzarik eta 8 dantza taldek, dantza ikusgarri bat eskaintzen
diete 700 presoeriâ€! Eta azkenik, publiko zabala eta ugaria bildu
nahi dugu Makean, kalitatezko dantza emanaldi baten aitzakiaren
gibelean, euskal preso politikoen sustengatzeko parada ona baita.
F Kulturaren betebeharra al da aldarrikapen politikoak garraiatzea
Ez dakit bete behar bat denez, baina guk hola sentitu dugu eta hola
egin dugu. Artea barneko sentimenak plazaratzen dituen bitartekaria da.
Eta oinarrizko eskubideen errespetua eta elkartasuna baloretzat jotzen
ditugularik, horrelako konpromisoak hartzea ez da harritzekoa!
Dantzariok gure ekarpen xumea ekarri nahi izan dugu gaur, baina ez gira
hortan mugatzen.
G Nola iraganen da gaualdia Zer da egitaraua
Zazpietatik goiti zintzur bustitze bat izango da ikusleak berotzeko eta
ikusgarri hontan izango den sua hobeki jasotzeko. Bederatzietan denak
prest ikusgarriarentzat! Hamaikak eta erditan erromeria izango dugu
txarangak eta kontzertua lagun.
H Zer nolako publikoa espero duzue
Publiko andana bat eta ainitza! Baina gure erronka nagusia kulturzalea
den publikoa baina presoen alde sobera mobilizatzen ez dena ekartzea
da. Eta alderantziz, kultura sobera ezagutzen ez duen militante eta
bestazale gaztea, dantza emanaldi berritzaile eta eder baten ikusterat
ekarri behar dugu. Interesgarria baita munduak nahastea eta bakotxaren
praktikak itzulipurdikatzea...
Dokumentuaren akzioak