Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ospatu gabe ere, bizirik mantentzen den tradizioa

Dokumentuaren akzioak

Ospatu gabe ere, bizirik mantentzen den tradizioa

Egilea
Jone Olabarria
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Antzuola
Mota
Albistea
Data
2021/07/13
Lotura
Goiena
2019ko alardea, Edurne Iturbe kapitaina eta Lander Domingez buruzagiarekin

Herriko jaietan emakumeen parte-hartzea sustatzeagatik Emakunderen aitortza jaso ostean, aurten ere ez da Mairuaren alarderik egingo Antzuolan uztailean. Egoeraren arabera, udazkenean egitea posible ote den erabakiko dute irailetik aurrera

Jaietako ikur izaten da Mairuaren Alardea urtero Antzuolan. Aurtengoa, baina, 1880. urte inguruan lehena egin eta gero, urte hauetan guztietan egingo ez duten laugarren aldia izango da. COVID-19aren ondorioz bertan behera geratu diren iazko eta aurtengo Alardeaz gain, 1936ko gerran bi urtetan ere ez zuten egiterik izan.

Kanoiak sutuz, keinua

Dena den, Alardea herriko jaien eta kulturaren parte dela gogoan izateko helburuarekin, kanoiak sutuko dituzte hilaren 17an, zapatua, 09:55ean, datorren urtera begira Alardeak bere osotasunean herriko kaleak hartuko dituen esperantzarekin.

Emakunderen aitortza

EAEko herrietako jaietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko estrategiak jasotzen dituen txostena argitaratu zuen Emakundek maiatzean, eta hainbat herriri egin diete aitortza; tartean, Antzuolari. Mairuaren Alardean emakumeen alde egindako lanagatik egin diote aitortza, "herriko jai parekideak antolatzeko bidean urrats bat gehiago egin izanagatik", hain zuzen ere.

Tradizioa, gaurkora egokitu

Alardearen Elkarteko kide Pilar Etxanizek adierazi du azken urteetan Alardea biziberritzeko lanak eragina izan duela herriko jai parekideak antolatze aldera: "Ibilbide bat egin dugu Alardean; ez soilik genero berdintasunean, baita kultura arteko berdintasunean ere. Lehengo Alardea gaurkotu egin nahi izan dugu; askotan esaten da tradizioa mantendu egin behar dela, baina tradizioa gaur egungo balioetara egokitu barik ezin da transmititu".

Hasieran, Udalak sustatu zuen prozesu hura, eta gero, herritarrekin elkarrizketak eta mintegi bat egin zituzten. Ildo horretatik, Eusko Ikaskuntzak iker-keta bat abiarazi zuen, eta, ondorioetatik abiatuta, egin beharreko aldaketak zein ziren zehaztu zituzten. Herriko Oinarin dantza taldeak ere barne-prozesu bat egin zuen, dantza guztiek genero ikuspegia jaso zezaten.

Gaurkotze horren adibide da 2019an egindako aldaketaren ostean Mairuaren Alardeak emakumezko kapitaina izatea. Sasoi hartan erretiroa hartu zuen Jose Angel Arbulu ordezkatu zuen Edurne Iturbek.

Udazkenera begira

Dena den, udazkenean Alardea egitea posible izango ote den aztertzen ari direla azaldu du Lander Dominguez Alardeko kideak: "Irailetik aurrera zehaztuko dugu, egoeraren arabera. Pertsona askok hartzen dute parte bertan eta herritar ugari ere batzen dira. Ez da egun ba-tetik bestera hartzeko erabakia".

Dokumentuaren akzioak