Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Oso hunkigarria da Zipotero izatea"

Dokumentuaren akzioak

"Oso hunkigarria da Zipotero izatea"

Fernando Martínez

Komunikabidea
Diario de Noticias, Ander Hualde, Mikel Andoni Lopez eta tutorea, DBH 3. maila
Tokia
Tutera
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/03/17

- Nork proposatu zintuen Zipotero Nagusi izateko?



Inauteri koordinakundeak proposatu ninduen inauterien berreskurapenean egin dudan lanagatik.



- Nork antolatzen ditu inauteriak Tuteran?



Inauterietako koordinakundeak. Dena den, gaur egun Udaletxeak ere parte hartzen du eta babesten du. Finean, koordinakundeak prestatzen du, Udaletxeko Kultur ba-tzordeari igortzen dio eta honek onartu eta diruz laguntzen du.



- Lehen aldia al da Zipotero Nagusia zarela?



Bai horixe, eta azkenengoz izatea espero dut!



- Zergatik diozu hori?



Horrelako ohorea, inauteriak berreskurapenean musutruk lan egiteagatik, errepika ezina delako, nire uste apalean. Behin egitea aski delakoan nago.



- Urtero Zipotero Nagusi ezberdina izaten al da?



Bai, ni hamabigarrena naiz, Zipoteroen hamabigarrena. Begira, 1983. urtean berreskuratu ziren inauteriak eta, beraz, aurtengoa 23. edizioa da. 1989. urtean Zipoteroari buruzko ikerketak hasi genituen Tuterako inauteriei nolabaiteko bereiztasuna eman nahi baikenion. Ez genuen leku guztietan egiten den asteburuko inauteria nahi, geure inauteria baizik. Beraz, 1989. urtean Zipoteroak berreskuratu genituen eta 1994ean Zipotero Nagusia pertsonaia sartu genuen. Geroztik urtero pertsona berezi batek bete du pertsonaia hori izateko ohorea, hala, 1994. urtean Jesus Rota, 1995.ean Alberto Hualde... eta horrela gaurdaino.



- Bultzaru behar izan zintuzten Zipoteroaren pertsonaiaren papera onartzeko?



Hasieran ezustekoa izan zen. Nitaz oroitzeak harritu egin ninduen, baina gogo onez onartu nuen Zipotero Nagusia izateko ohorea. Tuterako herkideen artean eta Erribera osoan Zipotero Nagusiaren lana Zipoteroa zer den azaltzea, bere jatorria argitzea eta bere herburua zein den zabaltzea izanik, gogo biziz onartu nuen eta oso lan atsegina izan da niretzat.



- Errepikatuko zenuke esperientzia hori?



Bai horixe! Baina esan behar dut behingoarekin aski dela beste pertsona batzuk ere, inauterien berreskurapenean egin duten lanarengatik, merezi baitute ohore hori. Aurten niri egokitu zait, ahal izan dudan hobekien egin dut. Nire aurrekoek ere oso ongi egin dute eta haien antzera egiten saiatu naiz.



- Hunkigarria al da Zipoteroarena egitea?



Ja, ja! Beno, lehenengo elkarrizketetan, asko izan baitira hurbildu zaizkidan telebista naiz egunkari, nahiko urduri egon nintzen, baina zer esango dizuet? Ba, oso atsegin eta hunkigarria izan dela. Oso pozik sentitzen zara zure lana saritu dutelako, espero ez zenuen oparia eman dizutelako Tuterako inauteriak bultzatzeagatik.



- Nork egin zuen mozorroa edo nondik atera zenuen?



Zipoteroei buruz ikertzen hasi ginenean, Zipotero Nagusiaren papera berreskuratu nahi genuen eta horretarako dokumento zaharretara jo geneuen. Horrela Zipotero pertsonaiaren deskribapena Yanguas y Miranda idazlearen idazkietan aurkitu geneuen oso ongi zehazturik, detaile guztiak barne, (idazki hau 1842. urtekoa da) Zipoteroaren jantziaren deskribapenetik atera ditugu gaur egungo jantziak. Aldaketaren bat egin diogu, esate baterako, makilaren puntan zahato puztua eraman beharrean, trapuak eta horrelakoak jartzen ditugu. Zipoteroaren funtzioa ere handik hartu genuen: inauterietako hiru egunetan neskak goxoki, txokolate eta abarrekin tentatzea.



- Deserosoa al da mozorroa?



Ez, inola ere ez. Maskarak sortzen ahal dizu arazoren bat, baina gaur egun maskara erosoak erabiltzen dira. Bestelakoak ziren hasieran, Arte Ederretako ikasleek egin zituztenak; haiek bai zirela deserosoak eta ez gaur egunekoak! Jantziak zertxobait aldatu badira ere (lehen ronkalesez, balentzianoz... egiten ziren) galtza txuria, paxa gorria eta atorra loreduna mantendu dira gaurko egunera egokituz. Dena den, Zipoteroarentzat ezinbestekoak dira arropa horiek, besapeko "fula", makila eta goxokiak.



- Euskal Herriko inauteriei buruz, zer diozu?



Euskalerriko inauteriak oso anitzak dira. Esaterako, Tolosakoak oso aberatsak dira, oso bereziak. Tuteran, Fracoren garaian, berrogei urtez debekaturik egon ziren. 1983. urtean, berreskuratu zirenean, jende gehienak hartu zuen parte inauterietan. Asko mozorratzen ziren. Giro ederra izaten zen; Ondorengo urtetan beheraldia izan zuen eta ia-ia larunbata besterik ez zen ospatzen. Baina Zipoteroa berreskuratu genuenean indarberritu zen inauteria. Beraz, uste dut Tuterako inauteriak aski politak direla. Zipoteroen desfilea ere urtez urte gora doa eta jende gehiagok hartzen du parte. Tuterako Alde Zaharrean egiten den desfilea benetan ikusgarri eta hunkigarria da.

Dokumentuaren akzioak