Dokumentuaren akzioak
Oskorrik antzinako dantzak egungo moldeetara ekarri eta plazara eramango ditu
Proiektu horretako zenbait pieza igandean estreinatuko ditu, Gasteizen egingo duen kontzertuan
Frantziako Iraultzaren garaian galdu edo modaz pasatu ziren Gipuzkoako
doinu eta dantzak ditu oinarri Oskorriren proposamen berriak, Natxo de
Felipe taldekideak azaldu duenez. «Haien berri asko ditugu orduko
dantza maisu baten bidez, Juan Ignazio Iztuetaren bitartez». Galtzear
ziren dantza pauso haiei buruz liburua kaleratu zuen Iztuetak 1824an.
Bi urtera, Donostiako Santa Maria elizako organo jotzaile Pedro
Albenizen laguntzarekin, doinu haiek partituretara ekarri, eta beste
liburu bat kaleratu zuen. «Ia gure hastapenetatik, duela 40 urtetik
ezagutzen ditugu partitura haiek, eta aspalditik genuen haiekin zerbait
egiteko gogoa». De Feliperen hitzetan, «oso material bitxia da, musika
aldetik oso gauza diferentea; oso musika primitiboa da».
Dantza asko dira, baina haietariko batzuk Baztangoen edo Ipar
Euskal Herriko jauzi dantzen modukoak direla uste du De Felipek. Hala,
proiektua martxan jartzeko, dantzaren arloan eskarmentu handia duten bi
lagunengana jo zuen taldeak: Mari Kruz Goñi eta Amadeo Arretxearengana.
Haien esku utzi zituzten dantzak moldatzeko lanak. Halaber,
kontzertuetan Baztango dantzarien talde txiki bat taula gainean arituko
dela aurreratu du De Felipek. Haietariko batek dantza pausoak azalduko
dizkie dantzan egin nahi duten entzuleei. «Haien modura berriz asmatu
edo moldatu dituzte Baztango lagunek guk proposatutako doinuak, eta
dantza eta doinu horiek ekarriko ditugu plazara».
Doinu zaharrak izanagatik ere, ez dute «folklorearen
berreskuratze bat» egin nahi izan, proposamen berri bat baizik. «Doinu
haiek hartu, eta gure modura moldatu ditugu, eta gure modua, jakina, ez
da XVI. mendekoa. Gaur egun sortutako dantza berriak dira, nahiz eta
antzinako pausoetan oinarritu». Taldearen kezka ez da izan XVI. mendeko
Gipuzkoan dantza haiek nolakoak ziren erakustea. «Proiektua ez da sortu
antzinako dantzak sortzen ziren lekutik, ez da nekazaritza giroan,
baserrian sortu, hirian baizik; hiritarra da, urbanita».
Apurka-apurka dantza gehiago estreinatzen joango da taldea
-esaterako, ekainaren 19an Zugarramurdin eta Bilboko Aste Nagusian-,
eta aurrerantzean erromeriak ere egingo ditu, ohiko kontzertuez gain.
Material guztia biltzen dutenean eta dena ondo bidean, heldu den urteko
udaberri aldera, proiektu berriarekin disko, DVD eta liburu bat
ateratzeko asmoa ere badu Oskorrik.
Dantza kluba, sarearen bidez
Proiektu beraren barruan, «dantza klub» moduko bat sortu nahi
du Oskorrik. Internet bidez, dantzazaleen arteko sare bat osatzea da
asmoa. Parte hartu nahi duen orok natxooskorri@euskalnet.net
helbidera mezu bat bidali baino ez du egin beharko, eta klubeko kide
izango da zuzenean. Halaber, kide guztiei mezua bidaliko die Oskorrik
dantza pieza berri bat prestatzen duen aldiro edo kontzertuen berri
emateko, besteak beste.
Ekimena duela hamar bat egun martxan jarri zutela eta «nahiko
ikaraturik» daudela dio De Felipek, dagoeneko 300 kontaktutik gora
dauzkatelako. «Guretzat, ustekabe handia izan da ikustea uste genuena
baino zaletasun handiagoa dagoela». Halaber, igandean egingo dituzten
lau dantza pieza YouTube bideoen sareko atarian jarri dituzte, ikusi
eta ikasi nahi dituenarentzat. Izan ere, pauso bakoitzaren izena eta
nola ematen den ikasteko aukera ematen dute bideoetan.
Dokumentuaren akzioak