Dokumentuaren akzioak
Ortzaizeko herriak arrakastaz eraman du kabalkada plazara
‘Plazatik harat’ Ortzaizeko kabalkadak azkenean Baxe Nafarroako herriko plaza hartu du igande honetan. Belaunaldi ezberdinak batu eta loturak berriak sortu ditu kultur ekimenak, gazteenetatik adinekoetara. Orotara 100 bat herritarrek parte hartu dute zirtzil, dantzari, musikari edota jostunen artean. Hiru oreneko emankizuna arrakasta handiz iragan da eta heldu den larunbatean bigarrenez eskainiko dute Baxe Nafarroako herrian.
Luze egin zaie ortzaiztarrei estreinaldira bitarteko denbora. Hastapenean 2019an zen egitekoa, baina herriko bozek urtebete gibelarazi zuten. Ondotik 2020ko irailean iragarri bazen ere, Covid-19ak eragin pandemiaren eraginez, berriz data berria ezarri behar izan zuen Urzaiz elkarteak, aurtengo otsaileko biltzar nagusian irailaren 18 eta 24rako antolatzea erabaki zuen arte.
«Urzaiz elkarteak sinesten du herritarrak proiektu zabal baten inguruan bilduz, azken hamarkadetan herriak bizi dituen zatiketa eta oinazeak eztitzen ahal direla», azaldu dute kabalkadaren hastapeneko lehen hitzartzean. Herriari dirdira ekarri nahi izan diotela azpimarratu dute, «oihartzun hau zabalduz plazatik harat!».
Gibelapenak hiru bertsio ezberdin egitera behartu ditu antolatzaileak, denbora horretan gauzak aldatu egin direlako eta mamia egokitu behar izan dutelako zirtzilek Ortzaizeko istorioei buruz antzeztu beharreko testuetan.
Aurtengo gaia ‘tema’ izan da. Hala, herriko bozak aipagai izan dituzte. «Jaun mera», hots, auzapeza pertsonai nagusietariko bat da, eta bere parean herritar talde batek beste zerrenda bat muntatu eta kanpaina egiten du; Ortzaizeko artisauen herrixkaz ere trufatu dira, erranez turistentzako zela; etxebizitza eta espekulazioa ere aipagai izan dira; eta nola ez, Garbi elkarteko aferak ere antzeztu dituzte. Irria, umore ona eta plazera nagusitu dira Ortzaizen, Urzaizekoek nahi zuten bezala.
Dokumentuaren akzioak