Dokumentuaren akzioak
Ortzadar
Plazera izaten da beti Gariren ahots bortitz-gozoa entzutea, are gehiago harresi bihurturiko erriparen ondoan, Karmeldar Oinutsen eta Errekoleten komentu handien artean, jendez beteriko plaza zabalean, ortzi-mugan ipar lainoak Txurregi eta Erga mendietan behera labaintzen diren bitartean, ortzegunak ekarritako sargoriaren freskagarri, noiz eta hiriburuko mezeten bezperetan, Iruñerriko alorretan uzta oparoa biltzen hasi diren honetan.
Badoa, hortaz, ekitaldietan jori baino joriagoa gertatu den ekaina. Eta ekainari akabera ezin hobea emateko, euskal dantzek hartuko dute gaur arratsaldez mukuru egonen den Baluarteko areto nagusia, musika sinfonikoarekin bikain uztarturik, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkartearen mende erdiko ibilbide arras emankorraren erakusgarri.
Berrogeita hamar urte joan baitira Ortzadar Euskal Dantzari eta Kantari Taldea sortu zenetik, Euskal Herriko dantzak eta musikak ikertu, berreskuratu eta zabaltzeko, euskal sorkuntza giroa bor-bor zegoen garai hartan. Iruñean, ortzadar hitza entzuten dugunean, dantza etortzen zaigu berehala burura, baina baita kantua ere, arlo hori hain ezaguna ez bada ere belaunaldi gazteen artean. Ortzadarrek iraupen luzeko bi disko plazaratu baitzituen 1976an eta 1979an Artezi etxearekin, harat-honat eman zituen kantaldien osagarri. Lehen diskoari “Ekialdetik kantuz eta doinuz” izenburua eman zioten, Euskal Herriko Ekialdearen aldeko aldarria egiteko. Bada, aldarri horrek ez du den mendrenik ere indarrik galdu. Aitzitik, inoiz baino beharrezkoagoa baita, Ekialdea “euskaltasun” ofizialetik kanpo gelditu den –garen– honetan. Orain, berrogeita hamar urtemugaren karira, bi diskoak berrargitaratu dituzte gure gozamenerako, eta “Oinutsen” karrikako egoitzan dituzte salgai, Karmeldar Oinutsen komentuaren ondoan, hain zuzen ere. Zorionak eta aunitz urtez!
Dokumentuaren akzioak