Antzina, Anarru Eguna zen Bakioko aratusteetako egun nagusia; urteek aurrera egin ahala, baina, jai hori ospatzeari utzi zioten herritarrek. «90 urte ingurukoek oraindik ere gogoan dute, eta batzuek umetan ezagutu izan dute», azaldu du Anartz Ormaza Bakioko Itxas Alde dantza taldeko kideak. «70 urte baino gutxiagoko jendeak, aldiz, ez du egun hori ezagutu eta ez daki zer den». Ormazak, esaterako, aitak kontatuko anekdotei esker izan zuen duela urte batzuk Anarru Egunaren berri. «Anarru hitzak berezko bi esanahi ditu: mozorroa eta mozorroa janzten duena», zehaztu du. Eta anarruaren tradiziozko jantzia deskribatzeari ekin dio segidan: «Normalean, aurpegia estaltzen zuten, eta baserrian aurkitzen zituzten gauzekin egiten zuten mozorroa. Gehienetan, izarak, zakuak eta arropa zaharrak erabiltzen zituzten». Herriko jende nagusiari galdetuz lortu dute informazio hori guztia, eta, orain, «Bakioko herri aratusteak» berriro martxan jartzea dute helburu. «Otsailaren 17an egingo ditugu aurten lehen aldiz, baina espero dugu aurrerantzean ere ospatzea».
Nagusien oroitzapenetatik harago, baina, Anarru Egunaren zantzu handirik ez dago: «Ez dakigu noiz hasi zen ospatzen; gauza bakarra dakigu: 1950eko hamarkadan egiteari utzi ziotela». Bakioko inauterietako egun nagusia zergatik utzi zuten bertan behera ere misterio bat da herriko biztanle gehienentzat. «Batzuek diote Poliziak frankismo garaian ezarri zuen jazarpenaren eraginez eten zutela; besteek, berriz, kaleetako argiztapenaren ondorioz mozorrotzeari utzi ziotela umeek», jakinarazi du Ormazak. Hain justu, haurrak anarruz janzten zirenean, baserri eta etxe inguruetako kale ilunetan ezkutatzen ziren, hortik igarotzen ziren auzokide guztiak ikaratzeko helburuarekin. Kale horietan farolak jarri zituztenean, aldiz, dibertitzea zailagoa bihurtu zitzaien, eta ordutik ez da antzeko aratusterik egin Bakion.
«Herriko ondarea berreskuratzea da Anarru Eguna ospatzearen helburua, baina uste dugu herritarren inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoak direla».
ANARTZ ORMAZAItxas Alde dantza taldeko kidea
Hain justu, herriko aratusteetako giroa ikusirik, duela bost urte Itxas Alde dantza taldekoek herriko inauteri tradizional horietara jotzeko beharra sentitu zuten, Ormazak berak azaldu duenez. «Azkenaldian Bakion gauza bakarra egiten zen: mozorrotu eta parranda egin, besterik gabe. Ardura horrekin, 2019an, dantza taldeko kideok herri aratusteak sustatzen hasi ginen». Ordutik, Euskal Herriko zenbait eskualdetako aratusteen bertsio propioak egin dituzte. Gaur arte, zehazki, honako hauek landu dituzte: Lantzeko inauteriak (Nafarroa), Altsasukoak (Nafarroa), Iturengoak eta Zubietakoak (Nafarroa), Lapurdikoak, eta Zuberoako maskarada. «Aratusteetako pertsonaiak, elementuak eta horien arteko funtzionamendua ulertzea erronka moduko bat izan da guretzat, geure kabuz egiten baikenituen jantziak eta dantzak», kontatu du Ormazak. «Aurtengo erronka, berriz, bestelakoa izan da: Bakioko herri aratusteak berreskuratzea eta birsortzea».
Ondarea berreskuratuz
Jendearen arreta erakarri eta herritarren interesa pizteko, hitzaldi bat eskaini zuen Ormazak urtarrilaren 19an, herriko Txakolingunean. Itxas Aldeko kideek eginiko ikerketa sakonaz gain, hori guztia martxan jarri ahal izateko batzarrak egin dituzte hilabeteotan udalarekin. «Herriko ondarean berreskuratzea da helburua, baina uste dugu herritarren inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoak direla», berretsi du Ormazak. Horren harira, beraz, gazteak eta zaharrak elkarrizketatzeko erabakia hartu zuten, adin tarte bakoitzak Anarru Egunaren inguruan zuen informazioa jakin ahal izateko. «Hasteko, gazteak elkarrizketatu eta grabatu genituen, eta oso gutxik zuten Anarru Egunaren berri. Askok pentsatzen zuten jai bat zela, baina gehienak ez zeuden ziur». Zaharren eginkizuna guztiz desberdina izan zen: «Haien lekukotzak bildu nahi genituen, azaldu zezaten haiek nola ospatzen zuten Anarru Eguna».
Horrez gain, aurtengo Anarru Egunerako dantza berri bat prestatu du Itxas Alde dantza taldeak, eta hura ikasteko klaseak emango dizkiote ikasi nahi duen orori. Hilaren 17an, kalejiran aterako dira guztiak, eta herria zeharkatuko dute, dantzan. Bakioko plazan bukatuko dute ibilbidea, eta Jose Osturen —XVIII. mendeko lapur ezaguna izan zen Bakion— panpina erreko dute bertan, urte osoko gaitzei agur esateko asmoarekin.