Dokumentuaren akzioak
Oroitzapen zatiak
Dantza / Zirkua
'Hau da nire ametsen kolorea'
Zuzendaritza koreografikoa: Fanny Soriano. Dramaturgia: Oier Guillan. Eszenografia: Laurent Gauthier, Marine Dubois. Musika eta argiak: Ander Fernandez. Idazketan laguntzailea: Paola Rizza. Antzezleak: Corine Cella, Marine Dubois, Javi Barandiaran, Ander Fernandez. Lekua: Miarritzeko Colisee aretoa. Eguna: Martxoak 22.
Orain dela bi urte inguru ibili zen Euskal Herrian zehar Rouge Elea konpainiaren Zuek izeneko ikuskizuna. Orduko hartan, zirku-karpa txiki bateko ikusleak Corine Cellaren haurtzaroaren lekuko bihurtu ziren, Ander Fernandezen zuzeneko musika emozional samurra lagun eta haren artisau-tramankulu eszenikoen lilura pean.
Niri behintzat zirrara berezia eragiten dit belaunaldi gazteek beren jatorriaren bila abiatzeko duten grina horrek, eta jakingura bera agertu zen pasa den astean Donostiako Tabakaleran, Arrastoak antzezlanaren liburuaren aurkezpenean, entzule kualifikatu batek iradoki zuenean ia fenomeno sozial bilakatzen ari dela erroetara joateko beharrizan deigarri hori. Garai likidoetan —likitsetan ez esatearren— helduleku sendoak behar izatearen seinale? Zerbait eraikitzeko oinarri finkoetatik abiatu beharraren zantzu? Une hauetan jakin ezinean gabiltza: segurutik dakiguna da edertasuna dela mendeku posible bakarra.
Miarritzeko Bi Harriz Lau Xori festibaleko lehen emanaldian ikusi dugun bezala, bide horretatik ibili dira orain ere Rouge Elea konpainiako kideak Hau da nire ametsen kolorea izeneko piezan. Zuek haren garapen miresgarria den lan honetan, aspaldiko Super-8 film xarmagarri haiek izan dira berriz ere proposamenaren abiapuntua, baina oraingo honetan protagonistaren oroitzapen zatikatuek hartu dute protagonismoa off-eko ahotsetan —ederrak, benetan, Ainara Gurrutxagaren tinbrea, intonazioa eta ahoskera garbia—, eta haien artean gauzatu dira Corineren agerraldi eszenikoak. Batzuetan dantzan aritu da, bere arintasun fisikoan eta akrobaziarako gaitasunetan bermatuta, eta beste batzuetan ariketa bertikaletan daukan trebetasuna izan da kontakizunaren oinarri bisuala, musika intimista eta argien diseinu tenebrista une oro zeudela gure artean.
Esan bezala, oraingo hau ez da orduko hura, haren oinordeko garatua baizik, eta nik uste dut prozesu artistiko horretan ezin hobeto gauzatu dela oinordekotzaren kontzeptua, agian nahi gabe gauzatu den arren. Hobeto azalduta, arbasoek esku artean zeuzkaten kartak jokatu zituzten, onerako zein txarrerako, eta guk gureak ditugu eta guri dagokigu orain jokoa, baina beti da komeni aurrekoek egin zutena jakitea. Betiere planteamendu horren zerbitzura, dotorezia handiz trazatu da eremu eszenikoaren eta koloreen erabilera sinbolikoa, keinu eta jarrera delikatuak nagusitu dira interpretazio mota guztietan —dantza, pertsonifikazioa, efektu bereziak...—, ganoraz baliatu dituzte objektu eszeniko esanguratsuak —paraxut bertikalarekin egindako soineko erraldoia, josteko makinari irudiak proiektatzeko emandako ahalmena...— eta, arriskatuena zena, sinesgarri egin dituzte gure mundu fisikoan ez daudenen presentziak.
Emanaldiarekin batera instalazio moduko bat paratu dute bideo-irudiekin, soinu-testigantzekin, agertokiaren maketarekin eta beste objektu batzuekin, eta haien artean, emanaldiaren story-board delakoa ere aurkituko du ikusleak, liburu ezinago eder bihurtuta. Arlo artistikoan ezin da, benetan, gehiago eskatu.