Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Oroimenetik sortuta

Dokumentuaren akzioak

Oroimenetik sortuta

Blanca Arrieta koreografo eta dantzariak 'Memoria' ikuskizuna estreinatuko du gaur Bilbon

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/06/03

Ez da ohikoa Rekalde aretoan dantza ikuskizun bat ikusteko aukera izatea, baina aretoko kudeatzaileek bat egin dute Arrietak dantza beste lekuetara eramateko duen egitasmoarekin. Horrenbestez, arte erakusketaz gain, ekimen osagarriak antolatzeko duten joera horretan sartu dute Memoria. Ikuskizuna denbora laburrean eta orain denbora oso gutxi gauzatu da; otsaila eta maiatza bitartean, Dublin eta Bilbo artean. Blanca Arrietak bi hiri horietan igarotzen du urtea, erdia eta erdia, eta horrenbestez, ikuskizuna bera ere bi hiri horien usainekin sortu du. «Dublinen, urtean sei hilabete egiten ditut hainbat konpainiatan dantzan, eta han jasotzen dudan hiria, giroa, eragina... guztia Bilbokoarekin alderatuz oso ezberdina da. Horregatik, bertako airea ere nabari da ikuskizunean, eta, besteak beste, dantzari bat ere ekarri dut nirekin».



Izenburuak oso argi adierazten duen moduan, ikuskizuna oroimenari buruzko gogoeta batetik abiatzen da. Oroimena jorratzea, hala ere, Salvador Dali margolariaren hiru margolan (El escritorio antropomórfico, La metamorfosis de Narciso eta Estudio para coloquio sentimental) aztertu ondoren bururatu zitzaion.



«Guztia gorputzaren gehiegizko kuriositate baten ondorioz sortzen da, bere iraunkortasuna, bere mugak eta misterioak. Abiadurari eta denboraren igarotzeari egiten diogu aurre. Hemen geratzen denari eta bidean galtzen denari. Oroitzapenei. Oroimenari».Arrietak hiru koreografia laburretara eraman du pentsamendu hori, orotara ordu bateko dantza saioa prestatuz. Horietako batean, koreografoa bera ageri da bideo proiekzio baten inguruan dantzan. Beste koreografia bateko protagonistak Igor Calonge eta Robert Jackson dantzariak dira. Bien artean bikote dantza bat osatuko dute buruaren mugimendua oinarri hartuta, eta mugimendu hori bera obsesio bihurtu arte. Azkenik, dantzari irlandarrak Agurtzane Arrienek, Helena Golabek eta Fernando Hurtadok gorputzen dinamikaren inguruan egingo dute lan, eta gorputzaren jarrera horiek dantzarien harremanak nola eraldatzen dituzten eta haietan zer eragina duten aztertuko dute.



Aretoko margolanak, ikuskizunaren barrruan



Ikuskizun honen estreinaldia Rekalde aretoan egitea ez da kasualitatea. Izan ere, gaur egun bertan ikusgai dauden artelanak erabiliko dituzte ikuskizunean. Milioi bat gogoren matxinada ikusezina talde-erakusketa dago ikusgai igandea bitartean. «Ez ditugu margolan guztiak erabiliko, baina Rekaldeko leku guztiarekin egin bezala, zenbait artelan ere ikuskizuneko gertakizunetan sartuko ditugu. Esate baterako, zenbaitetan dantzariek sortuko dituzten mugimenduak, irudiak edo jarrerak margolan horietako batzuetatik ateratakoak direla emango du. Margolanek islatzen duten horrek erakusketa aretoan bertan izango du jarraipena».



Nolanahi ere, faktore hau ez da derrigorrezkoa ikuskizunaren etorkizunerako. «Izan ere, bestela ikuskizunaren mugimendua mugatua geratuko litzateke, eta biran aritzeko emanaldiak independentzia izan behar du». Horregatik, kasu honetan Memoria Rekalden dagoen erakusketara egokituko da, baina aurrerantzean bakarrik jardungo du. Gainera, dagoeneko hainbat emanaldi hitzartuta ditu Blanca Arrietaren taldeak. Esate baterako, hilaren amaieran Donostiako Antzerki Ferian aurkeztuko dute, eta baita Gasteizen ere. Euskal Herritik kanpo, Xixonen (Asturias), Santiagon (Galizia) eta Dublinen ere emango dute Memoria.



'Memoria'



Koreografia: Blanca Arrieta. Dantzariak: Igor Calonge, Robert Jackson, Agurtzane Arrien, Helena Golab, Fernando Hurtado eta Blanca Arrieta. Musika: J.S Bach, Antonio Vivaldi, Nicolo Paganini eta Marian Gerrikabeitia. Jantziak: Igor Alustiza.Argiztapena: Oscar Grijalva. Estreinaldia: Gaur eta bihar, 20:00etan, Bilboko Rekalde aretoan.

Dokumentuaren akzioak