Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ormazarretako zaldiek dantza egiten dakite

Dokumentuaren akzioak

Ormazarretako zaldiek dantza egiten dakite

Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2022/07/05
Lotura
Goierriko Hitza

Ormazarretako zaldiek dantza egiten dakite. Hala erakutsi zuten asteartean Kale Nagusian egindako ikuskizunean. Santikutz jaietan egiten zuten hamargarren erakustaldia zen.

Karrusel, garrotxa eta beste koreografia eta lan batzuetatik harago, sevillanetan trebeak direla eta zortzikoa eta zinta dantza menperatzen dituztela ere agerian utzi zuten, zaldikoen trebeziaren laguntzarekin. Ormazarreta zalditegian, jendeari zaldi gainean ibiltzen erakusteaz gain, dantza klaseak ematen dizkiete zaldiei eta behorrei.

«Lan handia»

Erakustaldiaren atzetik «lan handia» dagoela dio Mariano Fernandez senarrarekin batera duela 20 urte Ormazarreta zalditegia sortu zuen Marian Lasak. Zaldikoen meritua azpimarratu du, «bereziki gaztetxoena, hainbeste jenderen aurrean hain ondo jarduteagatik».

Hamabi abere atera zituzten, bi behor eta hamar zaldi, azken horietatik bi zikiratu gabeak, hau da, urduriagoak. Zaldikoak, 28 ziren, batzuk oso gazteak, eta beste batzuk beteranoak horrelako ikuskizunetan. Laguntzaile batzuk ere izan zituzten, «etxeko guztiak». Rafa anaia mikrofonoa hartuta ibili zen Amaia Arratibelekin batera, eta Jon semea eta Saioa Gutierrez antolaketa lanetan ibili ziren, baita zaldi gainean ere, Marian bera eta Mariano bezala. Guztien artean, ordu beteko ikuskizuna eskaini zuten.

Karruselak egin zituzten, «gurutzaketak, diagonalean ibiltzea, tximeletak… Kalean ikusgarriak dira, baina goitik begiratuta gehiago,figurak oso ondo ikusten direlako». Errazak direla dirudi, «baina oso zailak dira, hankekin kontrol handia eskatzen dutelako». Izan ere, «bridekin baino gehiago, hanken presioarekin gidatzen da zaldia». Garrotxa edo behizainen hezierako ariketa ere erakutsi zuen Marianok, ganadua gidatzeko erabiltzen den makilarekin egiten den lana, hain zuzen.

Sevillana eta zinta dantzak

Ormazarretako zaldi ikuskizunak berritasun bat ere izan zuen, oso ikusgarria gainera. Leo Davilak sevillana bat dantzatu zuen, Jon gaztetxoak gidatuta ondoan zaldia ere dantzan ari zela. Gero, euskal dantza baterako tartea ere izan zen, eta zinta dantza egin zuten: Agurtzane Gabiriak kapitainaren zortzikoa dantzatu zuen Marianorekin eta horren zaldiarekin batera, eta beste zortzi zaldikok zinta dantza bera. «Zalditegian perfektua ateratzen zitzaigun, baina kalean bi aldiz egin behar izan genuen!».

Publikoak oso ondo hartu zituen bi dantzak, baina «askok esan zuten ez zekitela zaldiek ere dantza egiten zutenik». Marianek baietz erantzun zieten, dantza egiten dutela, «ekitazioko goi mailako eskolan egiten diren ariketak dira, musikaz lagunduta».

Ormazarretakoek Zumarragan ere egin dituzte zaldi erakustaldiak, eta beste herrietan egiteko prest daude.

Ikastaroak eta ibilaldiak

Erakustaldiez gain, Ormazarretan zaldi gainean ibiltzen erakusteko ikastaroak ere egiten dituzte, adin guztietako jendearentzat. Zaldian ibiltzen dakitenei zuzenduta, ibilaldiak ere egiten dituzte, eta orain, hamasei haur eta gaztetxoentzako udalekuak ari dira prestatzen.

Gainera, Legazpiko jaietako bi danborradetan, San Joan alardean eta Aste Santuko prozesioan, eta herrian bertako eta beste herri batzuetako Errege zamalkadetan ere ere parte hartzen dute zaldiekin.

Dokumentuaren akzioak