Dokumentuaren akzioak
Orekaren bilaketa etengabea
Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi dantzariak Lathe Biósas obra entseatzen, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU
Zapatak kendu. Elkarri begiratu. 3, 2, 1 kontatu. Hasi dira. Bi gorputz, elkarrekin; baina aldi berean bakarrik dantza egiten duten bi gorputz. Soinurik ez, mugimendua bakarrik. Bizkarra bizkarraren kontra, belauna belaunaren kontra. Jorge Jauregi eta Natalia de Miguel dira, Kanpai dantza konpainiako sortzaile, zuzendari eta dantzariak. Egonaldi artistikoa egiten ari dira egunotan Donostiako Tabakaleran. Bertan ari dira prestatzen Lathe Biósas lana. Azaroaren 18an eta 19an aurkeztuko dute Bilboko Arriaga Antzokian.
«Sorkuntza fasearen une hagitz partikularrean gaude. Oraindik sortzen ari gara, baina gauza batzuk dagoeneko oso garatuak gaude; bertzeak, aldiz, galderak bertzerik ez dira oraindik». Azken egunetan murgilduta dauden prozesuari buruz ari da Jauregi. Hilabeteak dira obra prestatzen ari direla, eta, azken egunak Tabakaleran eman ondotik, datorren astelehenetik aitzinera Bilboko Harrobia kultur espazioan izango dira obraren azken xehetasunak lantzeko. 2016an sortu zuten dantza konpainia, baina aitzinetik ibilbide luzea egindakoak dira bai bata bai bertzea. Konpainia gisa egin duten laugarren lana da.
«Lathe Biósas elkar bilatzen duten eta elkarri galderak egiten ari diren pertsonen arteko elkartzea da», azaldu du Miguelek. Zehaztasun gehiago gehitu dizkio Jauregik: «Ezegonkortasunaren barruan onarpen bat nola bilatzen den erakutsi nahi dugu, eta bilaketa hori publikoarekin partekatu». Eta, berriz, Miguelek: «Espazio huts bat aurkezten dugu, espazio horren erdian dagoen slackline batek denbora-lerro bat irudikatzen du, desoreka eta ezegonkortasuna sinbolizatzen dituen bizitza lerro bat». Esperantzarako mezua zabaldu nahi dute obraren bitartez.
Gizarteari egokitu zaion abaguneari buruzko hausnarketak eta bizipenak izan dira obraren ernamuina. Izan ere, Jauregiren ustetan, bizitzaz hausnartzeko «une egokian» daude bi artistak. Gizarteari buruz azkenaldian egindako hausnarketek lanari bide eman diotela kontatu du Miguelek.«Oso azkar doa dena, ez dago hausnartzeko eta pentsatzeko astirik ere, ezta gizartean aldaketak egiteko abagunerik ere».
Koronabirusaren eragina
Pandemia aitzinetik garatzen hasitako proiektua da, urte hasieran hasi baitzituzten lehen saioak elkarrekin. Alta, pandemiak gizartean eragindako aldaketek obraren funtsarekin eta indarrarekin erabateko zerikusia dutela diote. «Konfinatuta geundenean, nork bere buruari aurre egin behar izan zion, eta jende asko bizitzaren inguruan hausnartzen hasi zen. Hau da guk egin nahi genuena, existentziaren inguruko hausnarketa bat», nabarmendu du Jauregik.
Miguel eta Jauregi, bi dantzariak izango dira oholtzan ikuskizunean eta Nico Halfkenscheid musikaria izango dute alboan. Pianoa eta ordenagailua izango ditu musikariak eskura; tresna analogikoa eta digitala. Musikaz gain, testu batzuk ere errezitatutako ditu. Konpainiako kideek esan dutenez, «soiltasuna» lortu nahi izan dute eszenaratzean, eta slackline-ari garrantzia eman. «Espazio hutsa izango da: sakonerari eta osotasunari garrantzia eman nahi diogu». Eta, hor, aipatutako sokak izango du zentraltasuna. «Erdian egongo da slackline-a, elementu nagusia, orekaren bilaketaren metafora dena. Finean, denok ari garelako gure lekua bilatzen, gure oreka bilatzen».
Obra garatzeko hamar eguneko egonaldi artistikoa egiten ari dira Tabakaleran. Biziki eskertuta daude guneak berak eta gunean dabiltzan artistek sorkuntza prozesuari emandakoagatik.«Gure lana kontrastatzeko gune bihurtu da, bertze artista batzuekin elkartzeko eta harremanak sortzeko espazio. Eta, noski, eraikinak berak ere bere energia propioa du», kontatu du Jauregik. «Esperientziaz harago espazioak berak eragin handia izan du. Obra honetan argiaz, handitasunaz mintzo gara, eta espazioa bera ere horrelakoa da, oso argitsua.«Zuzeneko harremana dago bien artean».
Behin Arriaga antzokiko aurkezpena eginda, Euskal Herriko antzokietara eraman asmo dute beren lana, eta, aldi berean, atzerriko bertze emanaldi eta egonaldi artistikoak egin nahi dituzte. «Dantzan egin, aitzinerat jarraitu, orain artean egin dugun bezala».
Dokumentuaren akzioak