Dokumentuaren akzioak
Orekarekin jolasean
Kamigata-Mai Japoniako dantza klasikoa ikasteko mintegia antolatu da egunotan Nafarroako Jaialdien barruan
Hiru egunetan bederen, Nafarroako Jaialdien harira, Kamigata-Mai dantza ikasteko tartea egon da. «Denbora gutxi» izan dutela adierazi dute parte-hartzaileek, denbora gehiago behar dela «dantza konplexu hau» ikasteko, orduak igaro ahala gauza asko ahazten direlako.
Ikasleak kimonoa soinean
Kimonoa eta guzti jantzita, ekialdeko kultura zahar honetan gehiago murgiltzeko prest izan dira ikasleak. Dantza ikasteaz gain, Shintaro Okamurak so-ren musikarekin eta bere kantuekin alaitu ditu dantza saioak. So-a, horizontalki jotzen den harpa da, eta Mai dantzaren antzezpenetan ezinbesteko soinua da.
Mai dantza, Kyoton antzinatik dantzatzen den dantza tradizionala da, eta bere sustraiak mitologian aurki daitezke. Tradizioak esaten duen legez, Mai dantzaren lehenengo dantzaria Miko izeneko apaiz emakume bat izen zen. Horrek dantza xamaniko bat burutzen zuen jainkoen eskuetan jartzeko, eta etorkizuna aurreikusteko asmoz. Liana bat burua inguratzen eta eskuan banbu hosto batzuekin dantzatzen zuen, garaiko usteak lore eta zuhaitzetan jainko bat bizi zela esaten zuelako.
Esanahi erlijiosoa galdu eta estilo artistiko bilakatu
Urteak igaro ahala, dantza honek bere esanahi erlijiosoa galdu, eta estilo artistiko bat bilakatu zen, zenbait ezaugarriri eutsi badio ere. Adibidez, haizemaileak Mikok erabiltzen zituen banbu hostoen ordezkoa bilakatu da.
Berebizikoa da dantza honetan grabitate zentroa. Ardatz horren inguruan dantzatzen da, eta horrela burututako edozein mugimenduk tentsio handia eskatzen du. Mai dantzan ibiltzea neketsua da, oinzola zoruaren kontra ibili behar delako, belaunak tolestuta eta aldakarekin bultzatuz, aurrean erresistentzia bat balego bezala. Dardarka ibili dira, horrela, ikasleak eta hainbat hezurrek beren astragaloak entzunarazi dituzte.
Perfekzionismoa grabitate ardatzari lotu behar zaion beste ezaugarria da. Mugimenduak geldoak dira, lasaiak, baina akatsak onartzen ez dituztenak. Eskuekin, begiradekin, lepoarekin, hatzekin eta abarrekin hizkuntza kodifikatu aberats bat eratzen da. Ulertzeko zaila izan daiteke, baina mugimenduek parekotasunak sortzen dituzte naturako elementuekin.
Agurra burutu ostean, zorutik altxatzeko hezten ari den zuhaitz baten irudia gogoan izatea eskatu zien Yoshimunak bere ikasleei.
Dokumentuaren akzioak