Dokumentuaren akzioak
«Oreka mantentzea da Zubigainekoaren zailtasunik handiena»
Mikel Irigoien, dantzaria
Noiztik dator Lesakan Zubigainekoa dantzatzeko ohitura?
XV. mendean Lesaka erdibituta zegoen, bi auzo garrantzitsu gerran baitzeuden. Bakea sinatzeko zubitik gora bizi zirenek eta zubitik behera bizi zirenek dantza hau egin zuten, eta hortik dator Zubigainekoaren tradizioa.
Zenbat dantzarik hartzen duzue parte eta zeren arabera egiten da hautaketa?
15 dantzarik hartzen dugu parte. Nahi duen oro dantzatu daiteke, entseguetara agertuz gero. Urtero norbaitek uzten du, edo ezin izaten da dantzatu, eta hor egiten dira erreleboak.
Zenbat denborako aurrerapenarekin hasten zarete San Fermin eguneko dantza erakustaldia antolatzen?
Hilabete bat lehenago. Larunbatetan entseatzen dugu, eta sanferminak hurbiltzen diren heinean, astero 3-4 saio ere egiten ditugu.
Zuk zenbat urte daramatzazu dantzatzen, eta zerk bultzatuta hasi zinen?
Aurtengoa zazpigarren urtea dut, 17 urterekin hasi nintzen. Lehenengo urtean dantzatu behar zuen batek min hartu zuen eta dantzan zekien norbait behar zela-eta astebete lehenago niri egin zidaten proposamena.
Zein zailtasun nagusi ditu Zubigainekoak?
Ez dagoela toki handirik jauziak eta egiteko. Oreka mantentzea zaila da, baina pixka bat praktikatuz gero aise egiten da. Nik neuk ez dut sekula ikusi, baina errekara ere erori izan omen da jendea. Ez da maiz gertatzen, baina jendea larri dabilenean kale aldera botatzea ohikoagoa da.
Zubigainekoa al da festetako ekitaldirik garrantzitsuena?
Kanpoko jende gehiena ekartzen duen ekitaldia da Zubigainekoa. Baina, herrikoentzat egun guztiak dira bereziak, eta desfileekin edo musikarekin gehiago gozatzen dute Zubigaineko dantzarekin baino.
Dokumentuaren akzioak