Dokumentuaren akzioak
Ordu batzuk dantzarentzat
Nazioartean dantza eguna da gaur, eta mugimenduan aldarrikatuko dituzte dantzariek euren beharrak
1982an erabaki zuen UNESCOk apirilaren 29a Dantzaren Nazioarteko Eguna izendatzea. Izan ere, egun horretan jaio zen Jean Georges Noverre frantziar koreografoa (1727an), dantzaren munduan urrats garrantzitsuak ezarri zituena. Hura gogoratuz, urtero egun horretaz baliatzen dira dantza talde asko urte osoan egindako lana publiko zabalari erakusteko.
Tolosako Leidor antzokian izango da egunak emango duen hitzordu garrantzitsuetako bat. M. Plisetskayaren La fille mal Gardée bariazioak dantzatuz hasiko du jaialdia, eta emanaldian zehar atzerrian diren hainbat euskal dantzari aterako dira agertokira. «Gure dantzari askok nazioartean izen handia lortu dute, eta hemen ez dute lekurik. Ekitaldi honetan horietako batzuk bildu ditugu, eta aldarrikatu nahi dugu hemen nahi dugula dantza egin, ez atzerrian», adierazi zuen Gipuzkoako Dantza Elkarteko presidente Katixa Pereak ekitaldia aurkeztean.
Ezbaika obraren estreinaldia
Tolosan, Cadiz koreografiaren interpretazioa egingo dute Beatriz Perez eta David Angulo bilbotarrek; Verdini dantza taldeak Joxan Goikoetxea eta Juan Mari Beltranek sortutako kantuaren gainean egingo du Gure indarra dantza garaikidea; Edu Munduamendiarazek sortutako Ezbaika obra dantzatuko dute Onintza Odriozola, Iker Arrue, Iurre Aranburu, Aiert Beobide eta Eli Alberdi dantzariek. Euskal dantzetan oinarritutako obra garaikidea da, eta lehen aldiz ikusiko da. Baina ez da estreinaldi bakarra izango. Biarritzeko Baletak maiatzean estreinatuko duen obraren zati bat dantzatuko dute Magali Praudek eta Giuseppe Chiavarrok Thierry Malandainek egindako koreografia da, eta horrekin batera Txaikovskiren Intxaur kraskailua-n inspiratutako lana dantzatuko dute Magali Praudek eta Mikel Irurzun del Castillok Maladainen koreografia hori ere.
Nafarroako Antzerki Eskolak Almudena Lobonen Balet Gazteak Tournement galoup koreografia erakutsiko du bihar, eta Nafarroako Dantza Eskolak hiru pieza eramango ditu. Paula Gutierrez Danza eta Ravel Danza eskolek landutakoa ikusteko aukera ere izango da. Ondoren, euskal, andaluziar eta galiziar dantzak nahasiko dira emanaldian. Azkenik, Nafarroako eta Senegalgo dantzarien ikuskizuna izango da.
Iruñetik Bilbora jauzi eginez, Losdedae taldeak Piezas cortadas eskainiko du. Estilo pertsonala eta berrikuntza dira taldearen dantza egiteko moduaren bertuteak. Jorge Jauregi gasteiztarrak sortutako Hemen ikuskizunak, berriz, hiriguneetan sortzen den komunikazioa du hizpide. Urrats bakoitza bilaketa eta aurkikuntza da Jauregirentzat, eta hori islatuko dute Ikutu dantza garaikideko elkarteko dantzariek. Ruth Berikoetxea, Jorge Ferreira, Adriana Gasco eta Jorge Jauregi bera izango dira dantzan.
Bestalde, Donostian datorren astera arte luzatuko dira dantza aldarrikapenak. Maiatzaren 6an Kontxan erakutsiko dute Gipuzkoako ikasleek balet ikastordu batean egiten dutena. «Gure lan egiteko modua eta zenbat jendek egiten dugun erakutsiz, dantza jardueraren garrantziaz ohartarazi nahi dugu», dio Katixa Pereak.
OMENALDIA
J.G. NOVERRE (KOREOGRAFO ETA DANTZARIA)
Dantzako Shakespeare
Nazioarteko dantzaren egunean, 1727. urteko gaurko egunean jaio zen Jean Georges Noverre dantzari, koreografo, ikertzaile eta teorizatzaile frantziarra omenduko dute. Ballet daction mugimenduaren bultzatzailea izan zen. Dantzak ezinbestez dramarekin eta musikarekin loturik hartzen duela bizia pentsatzen zuen, eta dantzariaren mugimenduak ez duela soilik teknikoki bikaina izan behar. Ikuslea hunkitu behar du dramaren bitartez, eta ordura arte erabiltzen ziren mozorroak alboratu zituen, ezkutatzen den dantzariak ezin baitu egia erakutsi.
Lettres sur la dance idatzi zuen 1959an, eta honela dio liburu horretan: «Dantzaren bost posizioak jakitea ona da, baina hobea da horiek ahaztea agertokian. Garrantzi gutxiago eman zangoei eta gehiago besoei. Ez pentsatu dantza mugimendua ondo amaitzen. Sentitu ordura arte dantzatzen duzuna». Pasarte horrek ongi adierazten du bere filosofia, gaur egun ere baliagarria dena. Erresuma Batuan, adibidez, sekulako arrakasta lortu zuten bere idatziek; hortik datorkio Shakespeare dantzaria ezizena.
Dokumentuaren akzioak