Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Orantzaroa: bizirik dirauten usadioak

Dokumentuaren akzioak

Orantzaroa: bizirik dirauten usadioak

Komunikabidea
Erran
Tokia
Leitza
Mota
Albistea
Data
2019/12/19
Lotura
Erran
Orantzaroa: bizirik dirauten usadioak
Eskura dutenarekin, edozein forma, genero eta itxurako panpinak dira Orantzaroak.

Hitz batek hainbat esanahi izan ditzake. Zenbaitetan, antzeko hitzekin nahasi eta gaizki ere erabiltzen ditugu. Hala gertatu izan da, hainbatetan, Orantzaro esapidearekin. Hitzaren atzean dauden esanahi guztiak aletzeko, Leitzako Altzadi Kultur Taldeko Fernando Oiartzunekin bildu gara. 

Azaldu digu Orantzarok aro bati egiten diola errefentzia: «eguzkia ahulena dagoen garaiari. Orduan lehengo euskaldunek hura indartzeko erritual eta festa pagano bereziak egiten zituzten, batez ere sua erabiliz. Orantzaro da Eguberria, eguzki berri garaia». Kristautasunak eguberriak finkatu aurretik, euskal tribuak egiten zituen eguzki edo solstizio festan du oinarria: «gurean ederki jaso dugu horren aztarna baserrietan, suaren inguruan egiten ziren erritual guztietan».

Bizirik dirauten usadioak
Oraindik orain, bizirik dirauten ohiturak dira: «Sorobarrenen, konparaziora, su berria egiten dute Orantzaro egunean. Su zaharra baztertu, eta zahar horren brasak erabilita berria sortzen dute. Berria egin ondoren, arrail edo egur puska bana jartzen dute senide edo etxeko bakoitzarentzat bat, izenez esanda. Pobreentzat beste bat eta Jainkoarentzat beste bat».  Familiako kide guztiak biltzeko aitzakia izaten zen: «egun eta erritual sakratua zen. Migel, nagusi zaharra, gaztea zenean artzain egon zen Leitzalarren eta negua han igarotzen zuen, baina egun horretan etxera itzultzen zen menditik oinez, su berria egin eta apari berezia egiteko».

Ilustrazioa: Mikel Alkoz

Leitzarrek Orantzaro eguna deitu izan diote abenduaren 24ari: «jateko egun edo garai aberatsa; orantza, gure hizkeran legamia, ogia, janaria eta abar erruz jateko garaia baita». Horrekin lotuta, beste hainbat esanahi ere sortu direla azaldu digu Oiartzunek: «Egun horretan suan erretzen zuten enbor kozkor bereziari Orantzaro enborra esaten zioten. Beste zenbait baserritan erre beharrean salan paratzen zuten enbor handi eta berezia, eta apaindu egiten zuten gorostiarekin eta beste belar eta lore batzuekin». Pertsonai magikoa ere ba omen zen Orantzaro: «baserri eremuan batez ere. Erasoten tximinitik sartu, eta haurrak lotara joanak ez baziren, edozein astakeria egin zezakeen mamua zen. Auzmendi baserriko mutilei aizkora kendu zien mamua…». Sakulu auzoan Orantzaro egunean haurrak izutzen ibiltzen zen gizaki beldurgarria ere bazen, soinean maindirea eta buruan kalabaza argitsua zeramana. Haurrek sekulako biraoak esaten zizkioten eta Leitzako Orantzaro abestia kantatu». Begia galtzen zuen jentilla ere bazen, «Erasote auzoan Orantzaro egunean zerbait estreinatu edo oparituz gero, Orantzarok begia galtzen omen zuen…» .

«Abenduaren 23an leiho, balkoi edo tximinietan paratzen ziren panpinak ziren; nahierara eginak»

Panpina desberdinak, guztiak balekoak
Panpina da, ordea, gaur egun hitz horrekin zabalduen dagoen ohitura: «Orantzaroak, panpinak dira, abenduaren 23 gauean herrian eta baserrietan leiho, balkoi edo tximinietan paratzen ziren panpinak». Panpin guztiak desberdinak zirela azpimarratu nahi izan du «eta denak ziren orantzaroak: leihotik zintzilik zegoen amona xaharra, dotore jantzirik zegoen alkate itxurako irudikapena, tximiniaren puntan zegoen segalaria, balkoian josten ari zen emakumezkoa, sorgin itxuran kalabaza buruarekin eginiko panpin beldurgarria…». Urtero egiten zen panpina berri bat: «mutil edo gizon itxuran batzuk, baina baita beste itxura askotakoak ere: neska, amona, sorgina eta generorik zehaztu gabekoa».
 
Emakumeen kexua
Dena den, denborarekin aldatu egin zen panpina nahieran osatzeko ohitura hori: «Kultur taldean gai horretaz galdezka ibili garenean, emakume frankok egin izan digu kexua, gai horrekin gertaturikoa salatzeko asmoan, edo emakume irudiaren bazterketa aldarrikatzeko behintzat. Batek edo bestek lotsa ere aipatzen zuten emakume irudia jarri izanagatik: ‘guk horrela ezagutu genuen, eta horrela egiten zuten gure aurrekoek. Baina orain lotsa ematen du esate hutsak’ entzun izan dugu maiz». Aliñeko Inaxik ere hala kontatu izan omen zien: «halaxe esan zigun. Nahi zuenak nahi zuen bezalakoa paratzen zuela. Baina, ondoren hasi ziren esaten, ezetz. Ez zuela horrela behar eta akabo». Adinekoak ez ziren izan kritikak jaso zituzten bakarrak: «Itziar Sagastibeltzak ere, 2.000. urtean edo, Euskal Telebistako Eguberrien gaineko programa batean esan zuen hemengo ohitura nolakoa zen. Orantzaroa berdin izan zitekeela emakumezkoa nola gizonezkoa. Zenbait lagunek kargu hartu zioten hori esateagatik». 

«Ohitura nolakoa zen jakitea eta ezagutzea nahi genuke. Horri eutsi eta usadioa berritzeko aukera izatea»

Ehun urte baino gehiago dituen ohitura
Historiako erreferentziak hor daude, ordea, ez jakinak isilarazteko: «topatu dugun erreferentziarik zaharrena 1914. urtekoa da eta harritzekoa bada ere, lehen Orantzaro hura emakumezkoa zen. Plazaolako tren txikia jarri omen zuten martxan eta abenduaren 24an, Donostiatik heldu ziren bidaiariak harriturik gelditu omen ziren Garagartza baserrian emakume bat balkoian barandaren kontra jarrita ikusitakoan. Elurra ari zuen eta hura han polit antzean jantzita. Panpina zen, han paratua propio egunaren tradizioari segituz.  Maria Luisa Dendarinekoak aipatu zigun hori 92 urte edo zituela». 

Irudimena dantzan
Irudimena dantzan jartzen zuten eta emaitza bitxiak izaten omen ziren askotan: «Asuntzion Lasartek aipatu digunez behin baino gehiagotan, Katalintxonean Orantzaro izugarri xelebreak paratzen zituzten: gizaseme bat eskutan bi txapa hartuta paratzen zuten, eta norbait hurbilduz gero, txapak, kax-kax-kax, jotzen zituen. 1.920 urteko  erreferentzia da» .

Ilustrazioa: Mikel Alkoz

Eskura zutenarekin osatuak
Orantzaroa osatzeko etxean eskura zituzten gauzak erabiltzen zituzten: «politak, dotoreak eta bereziak izan behar zuten». Hala, «gorputza osatzeko makilak eta barrena osatzeko lastoa edo txurikina erabiltzen zuten. Herrian batzuek manikia ere bai. Burua egiteko, berriz, kalabaza barrendik hustu, panpinen buruak erabili edo oihal batekin barnean lastoa jarrita osatzen zituzten». Jantzi ere egin behar izaten ziren, «batzuek arropa zaharrak baina beste batzuek arropa dotorea erabiltzen zuten. Burua apaintzeko askok botoiak, tela puxka txikiak erabiltzen zituzten». 

«Bideo bat osatzen ari gara, testigantzen bidez jaso duguna herriari erakutsi eta ongi bildurik izateko»

Testigantzak
Ohitura hau memoria kolektiboan gelditu eta etorkizunean eskura izateko, testigantzak biltzen aritu dira Altzadi Kultur Elkarteko kideak: «orain bideo bat osatzen ari gara, testigantzen bidez jaso duguna herriari erakutsi eta ongi bildurik izateko». Helburua garbi dute: «hemengo jendeak, behinik behin, bertako ohitura nolakoa zen jakitea eta ezagutzea nahi genuke. Eta bidenabar nahi duenak horri eutsi eta usadioa berritzeko aukera izatea».

Dokumentuaren akzioak