Dokumentuaren akzioak
«Orain gazteagoak dira iñude eta artzaiak, baina jartzen duten ilusioa ez da aldatu»
IÑUDE ETA ARTZAIAK 25. URTEURRENA
Berezia izango da aurten, iñude eta artzaien konpartsa. Berezia, 25garrenez abiatuko direlako Urumea ikastolako gaztetxoak, iñude, artzai, barkillero, apaiz, danborrero, erizain edota mediku, Sandiusterrin hasi eta Kaxkora bidean, Plazan bukatzeko: bertan egingo dute ekitaldi nagusia. Baina ez da bihar izango, azkenean, eguraldi txarra emana dagoela eta, atzeratu egin baitute. Otsailaren 25ean izango da, beraientzako hain berezia den eguna.
«Oraindik ere urduri jartzen naiz, iñude eta artzaien egunean», dio Karmele Mujikak, Urumea ikastolako musika irakasle eta iñude eta artzaien konpartsaren arduradunak: «oso polita da, eta haurrek jartzen duten ilusioa, izugarria».
«Hori ez da aldatu», dio Joxe Ramon Berrondok, konpartsaren aurreneko arduradunak: «orain gazteagoak dira konpartsan ateratzen direnak, eta zailagoa da beraientzat, paper horietan sartzea. Baina ilusio berdinarekin aritzen dira».
Zazpi urte egin zituen Berrondok, konpartsaren arduradun gisa; eta zazpi daramazki Mujikak, orain. «Aurrenekoa oso berezia izan zen niretzat, dena zelako berria. Ni ez naiz dantzaria, txikitan ikasi nuena dakit. Oso urduri nengoen, baina ikusten nuen haurren ilusioa... Eta dena oso ondo atera zen. Hunkigarria izan zen», dio Mujikak. 2011n izan zen hori.
1994an aurrenekoz, utzitako jantzi eta danborrekin
Berrondoren aurreneko aldia, berriz, konpartsaren aurrenekoa ere izan zen. 1994an atera ziren estreinakoz, batek eta besteak utzitako gauzekin: «garai batean, badirudi gazte koadrila bat ateratzen zela iñude eta artzaien konpartsan. Duela 25 urte, dagoeneko ez ziren hain gazteak, baina jantziak gordetzen zituzten, eta Pili Lujanbiok lortu zizkigun. Danborrak, berriz, Santa Barbara elkarteak utzi zizkigun. Eta horrela hasi ginen», dio Berrondok.
«Barkilleroen makinak, Oliveira-Lizarribar familiak egin zituen, eta horiek erabiltzen dira oraindik ere»
Orain Hernaniko Musika Bandako kide dena, Urumeako irakaslea zen orduan, eta berak proposatu zuen: «sentitzen genuen, inauterietan zerbait eskaini behar geniola herriari, zerbait ikusgarria. Langilek kaldereroak egiten zituen, Elizatxok karrozak; eta guk iñude eta artzaien konpartsa sortu genuen. Garai hartan, Urumea ikastolan bazen euskal dantzen irakasgai bat, Iñigo Arregik ematen zuena. Bera zendua dago orain, baina izugarrizko lana egin zuen, dantzariak prestatzen. Sekulako lana egin zuen berak, Hernaniko dantza kulturaren mesedetan».
Berrondo bera arduratu zen musikaz: «nire lana izan zen kantak berreskuratzea. Orain denak jotzen dira, baina lehen sei bakarrik. Eta Musika Bandako nire kideei proposatu nien bertan jotzea. Trukean, Portuko Pedro Mari tabernan afaria ematen zigun ikastolak».
Esperientzia gustatuta, jantzi eta danbor propioak
Aurreneko esperientzia hura, gustatu egin zitzaion ikastolari, eta mantentzearen aldeko apustua egin zuen: «baina ezin genuen segi gauzak eskatzen, eta Guraso Elkarteak hartu zuen jantzien ardura. Enkargatu egin zituzten, eta gero, Garbiñe Elizegi irakasle eta jostunak sekulako lana egin zuen jantzi guztiak kudeatzen. Danborrak, berriz, Donostiako Los Corcones danborradari erosi genizkion, aldatu egin behar zituztela eta», gogoratu du Berrondok.
Eta herritarren laguntza ere jaso zuten, pertsonaien zenbait gauza egiteko: «barkilleroen makinak, Oliveira-Lizarribar familiak egin zituen. Artisau lana izan zen, debalde egin zutena, eta oraindik ere makina horiek erabiltzen dira».
Konpartsa, bi urte gazteagoa
Aurreneko urteetan, EGB oraindik indarrean zegoenean, 8garren mailakoak izaten ziren iñude eta artzaiak, 7garren mailakoak pertsonaiak, eta 6garren mailakoak danborreroak. Gero, DBH sortu zenean, DBH 2 eta 1, eta Lehen Hezkuntzako 6garren mailakoak ziren, baina adin berekoak izaten jarraitzen zuten.
Hori aldatu egin zen, Hernaniko hezkuntzan unifikazioa eman zenean: «DBHkoak institutura pasa ziren, eta guk hartu genuen iñude eta artzaien ardura. Ordutik LHko 6, 5 eta 4garren mailakoak ateratzen dira konpartsan. Beraz, bi urte gazteagoak dira orain, eta asko nabaritu da. Plazan oso txiki ikusten dira, baina izugarrizko fundamentua daukate, eta lan haundia egiten dute», dio Mujikak.
Hiru maila horietako ikasle guztiek hartzen dute parte, eta aurten, 200 inguru izango dira: 48 dantzari, 50 danborrero, 50 pertsonaia, eta beste horrenbeste konpartsa txikian. «Urtero izaten da antzeko kopurua, baina iaz gehixeago izan ziren. DBHko ikasle talde batek esan zigun, atera nahi zuela, eta beraientzat pertsonaiak asmatzen aritu ginen», dio Mujikak.
«Oilo ipurdia jarri zitzaidan, Plazan sartu eta Musika Bandakoak zutik ikustean»
Orain, berriro, Musika Bandak ere hartzen du parte, Plazako ekitaldi nagusian. Duela bost urtetik, beraiek jartzen diote musika parodiari: «Roberto Pacheco zuzendariak esan zidan, parte hartu behar genuela. Beti eskaintzen genuen kontzertua iñude eta artzaien ondoren, arrotzak bagina bezala. Baina ez ginen arrotzak, garai batean parodian parte hartzen genuen. Eta duela bost urtetik ere hala egiten dugu», dio Berrondok.
Mujikak ere ondo gogoan dauka aurreneko aldi hura: «oilo ipurdia jarri zitzaidan, Plazan sartu eta Musika Bandako kide guztiak zutik gure zain ikustean».
Joxe Mari Oiartzabalek ereserkia, ikastolaren 50garren urteurrenean
Eta berezia izan zen, 2014koa ere, Urumea ikastolaren 50garren urteurrenekoa. «Nire bizitzako parte inportante bat izan zen Urumea ikastola, asko eman zidan, eta sentitzen nuen zerbait eman behar niola bueltan», dio Berrondok: «eta ikastola denagatik, uste nuen merezi zuela bere ereserkia edukitzea. Horregatik, Joxe Mari Oiartzabali eskatu nion, berak zerbait ederra egingo zuelako; eta Jose Luis Urdangarin bertsolariak jarri zion letra, oso sakona gainera. Ordutik, urtero entzuten da Urumea ikastolako ereserkia, iñude eta artzaien egunean».
«Ederra da ikustea nola laguntzen dioten elkarri»
Aurten ere entzungo da ereserkia, otsailaren 25eko egun haundian. Eguna prestatzen, ordea, urrian hasi ziren, dantzariak, arin-arina eta zortzikoarekin: «lan haundia da, baina oso atsegina. Ederra da ikustea, nola laguntzen dioten elkarri. Batzuk baldarragoak dira, baina elkar laguntzen diote. Eta oso gustora aritzen dira denak, talde lan oso aberatsa da».
Danborreroekin, berriz, urtarrilean hasten dira lanean, «berehala ikasten dute». Eta bitartean, Gabonak iritsi baino lehenagotik, jantziak prestatzen: «adina aldatu zenean izan genuen lan haundia, jantzi guztiak egokitzen. Baina orain ere, beti egin behar izaten dira egokitzapenak».
Otsailaren 25ean ere izango dute zer prestatua. 08:30etarako azalduko dira iñudeak ikastolara, pelukerek denak berdin orraztu eta makillatzeko. Gero, 10:00ak aldera azalduko dira pertsonaiak, prestatzeko; ondoren artzaiak, 11:00etan, gerriko eta alpargatak behar bezala lotzeko; eta azkenik danborreroak. 11:30etan kokatu dira denak patioan, Sandiusterrira igo, eta 11:45etan abiatzeko. Elkano kalera jaitsi, Plazara sartu eta bertan dantzatu; Andrekaletik Plaza Berrira jaitsi eta beste dantza saio bat, eta Zinkoenean hurrena, Kale Nagusitik behera eginda. Izpizua kaletik igota dantzatuko dute laugarrenez, Plaza Berri parean, eta Kale Nagusitik igoko dira Plazara, ekitaldi nagusirako.
«Beti edukiko dut gogoan, nolako zaletasuna zuten artzaiek, panpinak indarrez gora botatzekoa, ea balkoi edo kableren batean zintzilik geratzen zen. Eta iñudeen izu aurpegiak. Baina behin ere ez zen iñuderik geratu, egunaren bukaeran, panpin gabe»
«Ikasketa prozesuan ikusten diren baloreekin eta detaile txikiekin disfrutatzen dut»
25 urte, badira urte batzuk. Eta asko dira, bai Berrondok eta bai Mujikak, gogoan dauzkaten momentuak, bizipenak, xehetasunak... «Ikasketa prozesuan ikusten diren baloreak izugarriak dira, elkarri laguntze hori, laguntasuna. Eta ikasten dute, baita ere, eskatzen ere jakin behar dela, galtza txuriak behar baditut, aurreko urteko artzai batek edo pelotariren batek utziko dizkidala. Hori ere polita da. Detaile txiki horiekin asko disfrutatzen dut. Eta beraiengandik maitatua sentitzen naiz. Horrek asko betetzen nau», nabarmendu du Mujikak.
Bitxikeria bat dauka gogoan Berrondok: «beti edukiko dut gogoan, nolako zaletasuna zuten artzaiek, iñudeen panpinak indarrez gora botatzekoa, ea balkoi edo kableren batean zintzilik geratzen zen. Eta iñudeen izu aurpegiak, panpinak gora botatzen zituztenean. Baina egia esan, behin ere ez zuen iñude batek eguna bukatu, bere panpina gabe».
Dokumentuaren akzioak