Dokumentuaren akzioak
"Orain gai naiz eszenara irten eta aske dantzatzeko"
Lucia Lacarra
Gogoan dut, txikia nintzela telebistan inor dantzan ikusten banuen, negarrez hasten nintzela, esanez zahartzen ari nintzela, denbora pasatzen ari zitzaidala eta ez nintzela dantzan ari. Niretzat dantzatzea behar bat zen, barruan neraman pasio bat. Inork ez daki nondik zetorkidan.
9 urterekin Zumaian hasi zinen, 11rekin Donostian Mentxu Medelekin, 14rekin Madrilenà Nola oroitzen dituzu aldaketa horiek denak?
Niretzat erraza izan zen, ez nuelako pentsatu ere egiten zer zetorkidan. Dantzan zoriontsu nintzen, egunero barran klaseak hartzeak betetzen ninduen. Zumaian Mari Paz irakaslearekin nintzela, udan Tarragonara joan nintzen ikastaro batera, eta han amari esan zioten talentua nuela, eta lagundu egin behar zidala. Orduan jabetu zen ama, zenbat eta hobea izan orduan eta gehiago urrunduko nintzela beragandik. Nik berriz, ez nuen pentsatzen non sartzen ari nintzen. Donostian Mentxu Medelekin hasi nintzen eskolak hartzen, eta azken urtean Donostian bizitzen gelditu behar izan nuen, Madrilera joan ahal izateko beka prestatzen ari nintzelako. Lehenengo gauean, bakarrik gelditu nintzenean jabetu nintzen aurrerantzean bakarrik egongo nintzela, ardura handia hartu beharko nuela nire gain 13 urterekin. Biharamunean klasera joan nintzen berriz, eta ama etorri zitzaidan. Larrituta ikusi ninduen eta galdetu zidanean ea ahaleginak merezi zuen nik baietz erantzun nion. Une horretan barneratu nuen hartutako erabakia. Nire familiarentzat sakrifizioa izan zen hain gaztea nintzela kanpora joaten utzi beharra eta eurak hein batean behartuta sentitu ziren neronek hartutako erabakia onartzera.
Beldurrik, presiorik sentitu zenuen, dantzari izatera iristen ez bazinen dena gainbehera erortzeko?
Inoiz ez dut amaren presiorik sentitu. Amak esaten zidan inoiz ikusten banuen niretzat mundu hori gehiegi zela, edo beste zerbait egin nahi nuela lasai uzteko. Horri esker egunean egunekoa egiten saiatu naiz, pentsatu gabe profesional izatera iritsi behar nuela. Eta eguneroko lana gozatzeari esker, uste gabe 15 urterekin profesional izatera heldu nintzen.
Madrilera Eusko Jaurlaritzako beka bati esker joan zinen. Noraino da erabakiorra, dantzari baten etorkizunean, erakunde publikoen dirulaguntza?
Dantzan zerbait egin nahi duten gaztetxoentzat beka horiek dira Euskal Herrian ematen den gauzarik onena. Nik bekarik jaso ez banu, ezingo nuke Madrilera joan, dirutza izugarria behar delako. Gainera 14 urteko neskatxa bati Madrilera joateko aukera ematea da dena jokatzea, jakin gabe bihar dantzari izatera iritsiko den edo ez. Beka, niretzat, probatzeko aukera izan zen, Madrilen egun osoz lan eginda dantzari izatera iritsiko ote nintzen probatzeko aukera.
Victor Ullateren konpainiatik, Rolland Petit-era. Zergatik? Zer bilatzen zenuen beste konpainia hartan?
Beti izan dut izaera bitxia eta jakinmin handia. Munduan baleteko hainbeste gauza dago ikasteko, toki bakarrean geldituz gero gehiagoren nahiarekin geratuko nintzateke. 18 urte nituen Victor Ullaterengandik joan nintzenean. Konpainia hartan jada beti gauza bera egiten ari nintzen, bizitza ordenatua nuen... gustura nengoen, baina gazteegia nintzen jada hain egonkortua egoteko. Rolland Petit hautatu nuen batez ere izugarri gustatzen zitzaidalako bere errepertorioa. Bere balet guztiek istorio bat kontatzen zuten. Victorrekin gauza abstraktuagoak egiten genituen eta balet laburrak ziren. Rolland-en, berriz, bi orduko baletak ziren, hasieratik bukaera arte rol bat garatzea eskatzen zizutenak. Oso rol dramatikoak ziren, edo komikoak, pasionalak... Horrek dantzaren zentzua aldatu zidan, dena ez da eszena batean dantza egitea, pasio eta tristurak transmititu behar zaizkio ikusleari.
Zentzu horretan, zuk dantzariak artistak zaretela diozuà
Niretzat oinarrizkoa da. Dantza egitea bakarrik balitz dantzari izatea, etxean dantzatuko nuke. Ni eszenara noa, lehendabizi zerbait sentitzeko, eta gero sentitzen ari naizen hori ikusleari transmititzeko, berak ere sentitu dezan. Ez dezatela musikaren erritmora dabilen gorputz baten mugimendua bakarrik ikusi, baizik eta sentimendu bat bizi dezatela, dantzaria transmititzen ari dena. Ikusle batek esan diezadakedan gauzarik onena da oilo ipurdia jarri zaiola, edo malkoak eragin dizkiodala.
Nola lortzen duzu ikuslearengana iristea, nola lortzen duzu sinesgarritasun hori?
Dantza munduak duen gauzarik aberatsena da dantzari oso ezberdinak daudela eta bakoitzak bere rola bete behar du, baina bere modura. Beste dantzari batek egindakoa kopiatu nahian bazabiltza, zure interpretazioa faltsua izango da. Beste dantzarien estiloa miretsi egin behar duzu, eta bakoitzak duen onena zuretzat hartu. Baina gero zeuregan egokitu egin behar duzu. Nik, rol bat antzeztu beharrean, rol hori nire barruan bilatzen dut. Pertsona bakoitzak alde ezberdin asko ditu, (alde zintzoa, gaiztoa, dramatikoa, komikoaà) eta balet bakoitzean saiatzen naiz neroni jartzen pertsonaia horren egoeran, eta bere istorioa nire moduan interpretatzen. Horrek egiten du sinesgarri interpretazioa.
Egun San Francisco Ballet-en zaude. Zer ezberdintasun daude Europako eta Amerikako konpainien artean?
Mentalitate aldaketa izugarria izan da. Han konpainiak oso handiak dira, eta zeure kabuz egin behar duzu lana. Hainbeste jende dagoenez, eurek ez zaituzte zaintzen, mimatzen, Europan egin dezaketen bezala. Han esaten dizute zein balet dantzatuko duzun, eta pausoak erakutsi orduko eurentzat jada prestatua zaude. Eta niretzat pausoak ikastea hasiera baino ez da, gero hasi behar duzu detaileak lantzen, pausoak eta interpretazioa orrazten. Askotan, zazpi orduko entseguak eginda ere, eskola gehiagotara goaz, geure kabuz lantzeko. Jabetzen zara dantza dela lan bat zerorrek egin behar duzuna zerorrentzat. Guk zortea dugu, konpainiako entseguetatik kanpora nire mutil lagunak eta biok elkarrekin landu dezakegulako. Bera gainera, oso ona da akatsak zuzentzen. Elkarri konfiantza ematen diogu eta hori oso garrantzitsua da eszenara ateratzeko.
Mutil laguna, Ciryl Pierre, dantzaria duzu. Eszenategi gainean konfiantza hori mesede edo traba da?
Jendea harrituta dago, zeren orokorrean, elkarrekin bizi diren bikoteak oso gaizki moldatzen dira dantza bikote gisa. Konfiantza handia dute, eta zerbait gaizki irteten denean berehala hasten dira errietan: "Baina zer arraiotan ari zara!". Beste edonori esango ez lioketena erraz aurpegiratzen diote bikoteari, galdu egiten dute profesionaltasun hori. Guri ez zaigu halakorik sekula gertatu, nik uste lehendabizi eszenategiko bikote izan ginelako, eta gero bizitzako bikote. Estudiora sartzen garenean bi profesional gara.
Zuretzat, nolakoa behar luke irakasle on batek?
Nik izan dudan irakaslerik onenetakoa Victor Ullate da, dantzan bere gorputzarekin ulertu duelako zein den oinarria, zein den dantzan lagundu ahal izateko gorputz baten kokagunea. Gaztea zarenean oso garrantzitsua da ikastea badirela bizkarreko posizio berezi batzuk, oreka oinarri batzukà eta horrek karrera osoan laguntzen dizu. Irakasle idealena dantzariak ezagutzen dituena da. Irakasle horrek badaki zein egunetan bultza zaitzakeen gehiago, zein egunetan utzi behar zaituen zure kasa... Eta batez ere, irakasleak ez dezala teknika bakarrik landu; izan dadila alde artistiko osoa landuaraziko dizuna.
Hurrengo urtean, mutil lagunak eta biok konpainiaz aldatuko duzue. Zergatik Munich Operara?
Batez ere jada 4 urte egin ditugulako San Franciscon. Urte hauek maila profesionalean, zoragarriak izan dira, ikasteko benetan zer den zure lana. Baina orain gogoa dut dantzaren sustrai artistikoetara itzultzeko, pasio europarrera. Municheko konpainia memento honetan Europan dagoen onena da eta asko erakartzen nau bere errepertorioak. Balet klasiko, neoklasiko eta kontenporaneoez gain (gaurko koreografo europar guztiak ditu), John Cranko koreografoaren balet dramatiko guztien eskubideak ditu. Balet horietan erabili dezaket San Franciscon ikasi dudan teknika eta Rollanden landu nuen dramatismoa. Urte hauetan ikasi dudan guztia eta gero, orain gai sentitzen naiz eszenara irten eta aske dantzatzeko.
Balet klasikoa, neoklasikoa eta kontenporaneoa egin duzu. Zer gustatzen zaizu gehien, eta zergatik?
Niri neoklasikoaren barruan sartzen diren balet dramatiko horiek gustatzen zaizkit, aske egiten duzulako dantza. Balet klasikoak egiten ere asko gozatzen dut, baina egitura bat jarraitu behar duzu, beti izan behar duzu pertsonaia zurruna, ez duzu espazio askorik pertsonaia inprobisatzeko. Balet neoklasikoan uneoro goza dezakezu modu libreagoan.
Balet klasikoko pauso asko euskal dantzetatik omen datoz.
Balet klasikoa Frantzian sortu zen, Gorteetan. Han hasi ziren hankak kanpoalderantz jartzen. Garaiko zapata puntadunak zerabiltzaten eta hankak kanporantz jartzearen arrazoi bakarra zen zapaten diseinua ondo erakustea. Euskal dantzak berriz, dantza klasikoa bezain zaharrak edo zaharragoak dira. Garai jakin batean, ziur aski bi lurraldeak mugan daudelako, euskal dantzatako pauso asko balet klasikoak hartu zituen. Esate baterako, "pas de basque" (euskaldunaren pausoa) edo aurreskuko hanken birak, edo airean hankak aldatzea ere baletean egiten da.
Gaurko baleta norantz doa?
Horixe jakin nahi nuke nik! Neu harrituta gelditzen naiz askotan. Gauza asko ikusten ditut niri ez zaizkidanak baleta iruditzen. Memento honetan, dantza kontenporaneoan hainbeste gauza berri eta ezberdin egiten saiatzen ari dira, azkenean oso muturrera iristen direla: jendea lurrean arrastaka, elkarri orroaka edo gauzak jaurtitzen. Miresten dut hori egitea hautatzen duen eta horri zentzua aurkitzen dion dantzaria, baina hori ez dut balet gisa hartzen. Niretzat hori antzerki eszenikoa da, dantza teatrala. Nik uste egunen batean muturrera joan behar hori baretu egingo dela eta pixkanaka jendeak eskatuko duela ez ahazteko orain arte egin izan dena. Berrikuntzak miresten ditut, baina iruditzen zait batzuetan urrunegi doazela.
Baleta beti feminitatearekin lotu izan da. Badirudi dantzariak emakume hauskorrak zaretela, delikatuakà
Inori nire oinak erakutsiko banizkio, ez luke esango hauskorrak eta delikatuak ditudanik! Goi mailan aritzeko oso gogorra izan beharra dago. Askotan oinak zartatuak izaten ditugu, haragi bizian, bizkar eta zangoak minberaà baina ez daukazu etxean gelditzerik. 38ko sukarra izanagatik eszenan egon beharra duzu, eta delikatuaren itxura egin, emakume fina agertu, nahiz eta zu barrutik kamioilariaren pare sentitzen zaren! Maila emozionalean ere, mundu horretan izugarri sufritzen da. Inbidia asko dago. Askok uste du gora iritsi zarela zortea izan duzulako eta ez dakite zenbaterainoko lana egin duzun txikitatik. Asko beti saiatzen dira zuri sufriarazten, zu gaizki sentitzeko helburu hutsarekin. Eta itxurak egiten ikasten duzu, horrek guztiak ezertan ez dizula eragiten erakusten duzu, zure ahultasuna agerian jarriz gero zoriontsu egingo baitituzu. Jolasean ari zarela dirudi, baina oso gogorra egiten zaituzte egoera hauek. Eszena gaineko fintasun horren atzean maleta pisutsua dago.
Zein ezberdintasun daude baletean neska eta mutilentzat?
Mutilentzat baleta ikasten hastea pauso zaila ematea da. Oraindik ere baleta homosexualitatearekin, maritxu-itxurakeriekin lotzen da. Baletean hasten direnean inork ez dituela ulertzen sentitzen dute eta begiratu txarrei aurre egin behar diete. Konpainiaren barruan, ni beti askoz hobeto moldatu izan naiz mutilekin, euren artean ez dagoelako hainbesterainoko konpetentziarik. Askoz gehiago laguntzen dute elkar. Bestalde, arazoren bat dagoenean zuzenagoak dira, muturrekoa dago tartean. Emakumeok atzetik erasotzen dugu, zitalagoak gara.
Zure adineko gazteek oso bestelako bizimodua daramate. Nola ikusten dituzu?
Nire adineko askok ez du argi zer egin edo izan nahi duen eta noraezean sentitze hori oso gogorra da. Ikasketa batzuk egiten hasten zara, zerbait egin beharra dagoelako, eta ez dakizu nora iristeko egiten ari zaren bide hori. Nik zorte izugarria izan dut, banekielako zer nahi nuen. Eta zer egin nahi duzun dakizunean, horregatik borrokatu dezakezu.
Nire uste apalean, ikasketak ez daude ondo bideratuta. Gaztetxoei zer den gustatzen zaiena eta zertarako balio duten jakiteko garaiz lagundu behar zaie. Ikasketak orokorregiak dira. Esate baterako, AEBetan oso gazte direla laguntzen diete bilatzen zertarako balio duten eta ikasketak gehiago zuzentzen dituzte euren gaitasun eta bokazioetara. Nik uste horixe dela hemen falta zaiguna, gaztetxoak motibatzea, zailena ere horixe da. Behin motibatuta zaudenean eta helburu bat duzunean, gainerakoa askoz samurragoa da.
CURRICULUMA - Jaio: Zumaian, 1975. urtean. - Ibilbidea: Bederatzi urterekin hasi zen baletean, Zumaian, Mari Paz Egiguren irakasle zuela. Hamaika urterekin Donostiara joan zen, Mentxu Medelen eskolara. Hamalau urterekin Eusko Jaurlaritzako bekari esker Madrilen jarraitu zituen ikasketak, Victor Ullaterekin eta urtebetera Ullateren konpainian sartu zen, profesional gisa. Hemeretzi urterekin Marseillako Rolland Petit balet nazionalera joan zen eta 22 urte zituenetik San Francisco Ballet-en dabil, AEBetako konpainia garrantzitsuenean. Datorren urtean Munich Operara doa, Bavariako balet nazionalera. - Besteak beste, Tokion, Parisen, Montrealen, New Yorken eta Moskun dantza egitera gonbidatu dute. - Sariak: Asko jaso ditu, baina berari ilusio gehien egin diona 2001eko Monacoko Nazioarteko Sarian munduko bost dantzaririk onenen artean izendatu izana da.
BERTSOA Doinua: Hara nun diran Musika noten leuna eta
mugimenduen goxoa,
sentimenduen espresioa
arte mailara jasoa.
Hori lortzeko bidea ez da
beti bide erosoa,
baina lanean eman ondoren
zure karrera osoa,
zure gustuak marka dezala
zure hurrengo pausoa.
Aitor Mendiluze
BIZITZAREN PASARTEA
Nire karreran amaren laguntza izan da giltza. Ama izan ez banu babesa ematen, ezingo nuke ezertara iritsi. Berarentzat oso gogorra izan da, zenbat eta gehiago laguntzen zidan dantzari izaten orduan eta urrunago ninduen, eta bakarrik zegoen, aita bi urterekin galdu bainuen. Mundu honetan gehien miresten dudan pertsona da, bere gogortasunagatik. Beti bere indarra neureganatzen saiatu naiz. Indar hori edozein arazori aurre egiteko atera du; nirekin bidaiatzeko erabili du (hasieran ez zitzaion batere gustatzen bidaiatzea), uneoro niri konfiantza sentiarazteko erabili du. Ama nire konfesio liburua izan da. Beti batuta egon gara, beti urrun egonagatik. Ni dantzan ikustera etorri dela jakitea izan da garrantzitsuena, nitaz harro dagoela ikustea. Eta batez ere sentitzea bere buruaz harro dagoela, nagoen tokira iristen lagundu didalako.
Dokumentuaren akzioak