Dokumentuaren akzioak
Opari hutsa
Kritika, Scapino ballet rotterdam
Egitarauko lehen pieza --Shadaja-- gogorrena iruditu zitzaidan guztien artean, segur aski oraindik neure estetika parametroak ohituta ez zeudelako Wubberen lengoaia koreografiko askearekin. Bere koreografietan ugariak dira disimetriak eta atentzio fokuaren aldaketak, eta horrek oso jarrera aktiboa eskatzen du ikuslearen aldetik. Baina behin onartuta kontzesiorik gabeko estilo zorrotz hori, beste dimentsio batean sartzen gara eta prest gaude maila goreneko dantzarekin gozatzeko.
Wilsonian piezarekin bere bikaintasunean agertu ziren konpainiaren eta koreografoaren bertuteak. Der BlutHarschen eta Kenny Larkinen soinu-banda bizigarriak lagunduta, aurreko piezan baino konposizio koreografiko erregularragoak burutu zituzten konpainiako 17 dantzariek, mugimendu errepikapen hipnotikoak garatuz eta eskuen jarrera eleganteak jantzien mahuka gorriekin azpimarratuz. Teknika gaindiezin, gorputz-malgutasun eta diseinu koreografikoaren laztangarriari esker bizipoza eta askatasun sakonak transmititzen ditu lan honek.
Atseden pausa baino lehen, Marc Goeckeren Assi pieza etorri zen eta han Tadayoshi Kokeguchik solo paregabea eskaini zigun argitasun apal baten pean, kolibri baten abiadurako mugimenduak eta fauno baten energia konbinatuz, Johnny Clashen hiru balada eder artean sehaska kanta ezagun bat txistukatzen zuela.
Bigarren zatian Ed Wubberen koreografietara itzuli ginen, Sister Fury eta The Green lanekin. Lehenean hiru emakume eta bi gizon agertzen dira; gizonak bigarren plano batean daude emakumeen erreferente urruna eta noizbehinkakoa besterik ez direlako. Forma klasikoetatik hurbil dagoen pieza honetan muturreraino eramaten dira beso eta zangoen ibilbide delikatuak eta garrantzi berezia hartzen dute jarrera estatikoek, begiradek eta elkarren arteko distantziek. The Green-en ordea, gizonak dira protagonista bakarrak, eta bertan animalien kemen basatiak kontraste itzela sortu zuen Bachen musikaren bikaintasunarekin, kaos itxurako baina perfektuki antolatutako koreografia konplexu eta eder batean.
Piezak eta koreografiak: 'Shadaja', 'Wilsonian', 'Sister Fury', 'The Green' (Ed Wubbe), 'Assi' (Marc Goecke). Lekua: Miarritzeko Gare du Midi. Eguna: Irailak 8.
Dokumentuaren akzioak