Dokumentuaren akzioak
Onin errekaren bi aldeetan, zubi gainean dantzan ospatuko dute lesakarrek bestetako egun handia
Lesakako SanFerminak
Tantirumairuko dantzarietako batzuek zubigainekoa dantzatuko dute gaur; Martxel Rodriguezek lehendabiziko aldiz eginen du eta irrikatzen dago. «Entseatzen aritu gara eta eguna hurbiltzen ikustean ilusioa ere handituz joan da. Hemen ari gara eguraldiari begira, ea ona egiten duen», adierazi zigun. Kezkatzen duen gauza bakarra zubiaren petrilaren zabalera da, baina hor ere entseatu dute eta ongi atera da.
«Dantza gustatzea, zure herriko ohituretan parte hartu nahi izatea eta animoa», ez da bertzerik behar, 21 urteko mutil honen iritziz, zubigainekorako. 6 urtetatik Tantirumairu taldean dabilen dantzariak bestak primeran pasatzeko asmoa du: «Kalkuluak egiten ibili naiz eta ez dut otordu bat ere etxean eginen: dantzariekin, koadrillarekin, lagunekin... beti badut hitzorduren bat!».
Bakea oroitzen duen dantza
Gaizka Sarasolak txistua joko du, ez du dantzatuko aurten, baina bederatzi urtez ibili da Onin errekaren gainean, XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazten duen dantza egiten. Kontatu zigunez, gehienez hamabost laguneko taldea osatzen dute; herriko gazteak sartzen joaten dira, urte batzuk egiten dituzte eta gero belaunaldi berriei uzten diete lekua.
Goizean abiatzen diren momentua, zubira gurutzeak egiten hurbiltzen direnekoa, petrilaren gainean dantzatzen duten unea, gosaria, bazkaria... Sarasolak ez luke une bakarra aukeratuko, beretzat egun osoa da hunkigarria. Txistua jotzeaz gain, txosnan lan eginen du gaur gauean, «pentsua ematen eta sosak biltzen». Eta bihar ere egun ederra pasatuko du lagunekin batera. Peñen Eguna da bihar eta goizean goizetik elkartuko dira koadrillak kolore guztietako atorrak jantzita besta egiteko. Aurtengo berrikuntzen artean, aldiz, aspaldi Txakain inguruan egiten zen eta berreskuratu egin nahi duten herri bazkaria aipatu zuen txistulariak.
Dokumentuaren akzioak