Dokumentuaren akzioak
"Ongi pasatu ikasten, ongi pasatzeko dantzatzen"
Patxi Laborda
Zergatik da eztabaidagarria dantzaren definizioa?
Hartzen duzun dantza ereduaren arabera defini daitekeelako. Adibidez, ezkontza batean bi kubatarekin egiten dena dantza da? Niretzat, bai. Zer da ongi dantzatzea? Zer da gaizki dantzatzea? Hori eztabaida daiteke. Dantzatzea, azken finean, musikarekin batera mugitzea da hemen, Errusian eta Japonian. Azken 50 urteetan hartu ditugun ereduak izan dira eszenatokietan ikusi ditugunak, pentsatuz horiek zirela bakarrak, horiek mantendu dutelak plazetan galduta zegoena. Baina hori ez da horrela.
Zergatik?
Eszenatokiko dantzak badu bere hizkuntza, bere forma... eta ez dira plazakoak. Akademizazio prozesu bat eman da gurean eta leku guztietan. Arriskua dago momentu batean pentsatzea akademizazio horren ondorioz sortzen dena dela dantzatzea eta hori ez bada ez dela dantzatzea. Hori bai, eztabaidagarria da.
Eta zein da behar dugun dantza eredua?
Ereduak askoz naturalago izan behar du. Plazako ereduak baldin baditugu erabil ditzagun plazako ereduak eta ez hainbeste eszenatokikoak.
Dantzaren funtzioa goitik behera aldatu da.
Hor dago funtsa. Gure guraso askok dantzatzen ezagutu zuten elkar, aisialdirako gune bakarrenetarikoa zen. Baita ukimenerako ere... Gaur egun hori ugaldu da, eskerrak. Orain, dantzara joaten den jendea ez da bakarrik harremantzeko edota ligatzeko bakarrik joaten, baizik eta dantzatzeagatik; dantza gustuko duelako. Garain batean koreografiak oso sinpleak ziren zeren inportantea ez zen koreografia bera. Pausoak ikasten zituzten hurbiltzeko eta gero gerokoak. Gaur egun ez da hori. Dantzak berak dauka garrantzia eta jendeak nahi du dantza espektakularragoa izatea.
Eszenatokietan ikusten ditugun dantzak oso espektakularrak dira.
Bai, eta askotan nahi izaten dugu hori egitera iritsi. Berez, plazak ez du hori eskatzen. Askoz gutxiagorekin egin liteke. Transmisio horrek etena izan du. Momentu baten plazetako transmisio hori galtzen da eta modelo soil eta erraz horiek, gaur egun debaluatu horiek, galdu ziren eta goi mailakoak iraun zuen. Dantzan zekien jendeak ez zekiela dantzan pentsatzeraino. Ikasle asko etortzen zaizkit lehen egunean "nik ez dakit dantzan", esanez.
Eta "gaizki egiten dut" esanaz?
Gaizki egite horrek gogora ekartzen digu gainontzekoak begira daudela eta ikusten gaituztela gaizki egiten, ridikulo puntua sentitzen. Baina dantzatzen duzunean zure buruarentzako dantzatzen duzu, ez besteentzat. Niretzat une politena da ikasleak konturatzen ez direnean zenbat jende duten inguruan. Hori da benetako funtsa.
La Galeran, Bilbaomusikan, mahatsorri asko dauzkazu ikasle. Zelako lana egiten duzu?
Erro tradizionaleko dantzak irakasten ditut, modu zabalean ulertuta. Tangoa, pasodoblea, mazurka, jota... Bertara joaten den jendeak baliabide desberdinak izan ditzala saiatzen naiz gero dantzatzeko, ez horrenbeste koreografia itxiak irakasten. Nik ematen dizkiet hainbat eredu eta norberak bilatzen du beste bidea eta norberak badaki noiraino iristen den. Ez dute aldamenekoarekin konparatu behar, baizik eta haien buruarekin duela sei hilabete. Ikasketa prozesua ondo pasatzearekin etengabe lotzea oso garrantzitsua da niretzat. Ludikoa izan behar da. Ongi pasatu ikasten, ongi pasatzeko dantzatzen. Ez da sufritu behar ikasketa prozesuan. Ez gara horretaz kontziente izan.
Ikasketa prozesuan asko sufritzea tokatu zaizu?
Oroitzen naiz dantza taldean ibiltzen nintzenean oso disziplina handia ezartzen genuela. Disziplina inportantea da, baina momentua batean jakin behar da baita ere jendea motibatzen. Nire belaunaldian, esaterako, berrogeitik gora sartu ginen dantza taldean eta bi gelditu ginen. Motibazioa garrantzitsua da eta jende helduarekin are gehiago. Akatsekin barre egiten jakin behar da. "Hori ez galdu inoiz ez" esaten diet ikasleei.
Campos antzokian bukatu berri den ikasturte osoa eman du Aiko taldeak Dantzaldi Ibiltariarekin. Zelako esperientzia izan da?
Oso ona. Sistema ezberdina da. Lehenengo mailan laupabost gauza irakasten dira dantzan hasteko eta bigarren mailan dantzagunea sortzen da praktikarako. Jendea oso pozik geratu da eta hurrengo ikasturtean errepikatzekoak gara.
Durango, Donostia, Gorbeia, Urbia... non ez du Aiko taldeak erromeriarik egin?
Guri berdin digu mendi aldean edo hirian egitea. San queremos bat egiten dugu, baietz, "zergatik ez" esan eta egin. Egia da, Aikozale asko daude jada Aikotar bihurtu direnak. Edonon jotzen dugularik badaude agertzen direnak. Dantzazale amorratuak dira.
Aikok daraman sei urteotan, igarri duzu dantzarako zaletasuna ugaritu denik?
Bai, asko atzematen da. Hiru erronkarekin jaio ginen: argitalpenak, erromeriak eta eskolak. Hiruak ezinbestekoak dira. Eskolak gorantza joan ahala erromeriak gorantza joan dira. Denborarekin erromerietako eredua aldatu egin da. Hasiera batean gauza asko azaltzen genituen plazan. Gure helburua izan behar da ezer ez azaltzea. Azalpenak desagertzea. Jendeak behar bagaitu dantzatzeko zerbait gaizki egiten ari gara.
Interneten, youtuben, zure bideo ugari dago. Teknologia berriak aliatu dira dantzaren zabalpenean?
Gure bideoak ez dira pedagogikoak, bideo bidez ikastea ba... gehiago da giroa ikusteko, eta jendea animatzeko. Kosta zitzaigun bideoak egitea. Batzuk alde zeuden, beste batzuk kontra. Azkenean erabaki genuen gauza logikoa, baliabideak badaude munduan erabil ditzagun.
Zelako dantza plaza da Bilbo?
Bilbotarrek ez dakite zer daukaten. Bilbon bertan hilabetero bi erromeria daude. Salbatzaile taldeak Santiago plazan egiten duena eta Urbeltzek Kafe Antzokian egiten duena. Hori izatea askori gustatuko litzaieke. Plaza eginda dago!
Dokumentuaren akzioak