Dokumentuaren akzioak
Oñatiko Korpus Dantzak
Burlatan eman ziren estreinako aldiz abuztuko festetan
Pasa den abuztuaren 15ean Abuztuko Ama Birjinaren egunean, Oñatiko Korpus Dantzak Burlatan ikusteko aukera izan genuen. Burlatako Larratz Dantzari Taldeak eskainitako ikuskizuna Gipuzkoako dantzen artean ikusgarrienetakoa da. Guk hau guztia aurreko urtean ikusteko dantza taldekoek izugarrizko lana egin zuten, alde batetik ikerketari dagokiona eta beste aldetik entseguak egiten. Bolada horretan Larratzen arduradunetako bat izaten zen Cesar Martinezekin hitz egin dugu, eta kontatu digu nola ikasi zituzten eta Oñatiko Korpus dantzei buruzko hainbat kontu eta kuriositate.
Hasteko, dantza hauen deskribapen txikia egingo diguzu?
Beno, bere izenak esaten duen bezala Gipuzkoako Oñati herrian Korpus Egunean dantzatzen dira. Taldea zortzi dantzarik eta buruzagi batek osatua da. Korpus dantza sei zatitan banatua dago, eta oso luzea da. Horregatik guk bakarrik hiru zati dantzatzen dugu: lehenengoa; kontrapasa, agurra modukoa eta oso lasaia dena eta jarraian Mikel Donearen zortzikoa, azkarra eta alaia; bigarrena, banakoa, izenak berak adierazten duen bezala, dantzari bakoitzak zatitxo bat bakarrik egiten duena eta makil dantza eta hirugarrena; arku-dantza, arkuekin egiten dena. Azken hau ez da arkudantza arrunta: arkuak oso malguak dira gurutzatzeak egiten direla eta.
- Zergatik Oñatiko Korpus Dantzak?
Gure taldean dantza hauek ateratzeko asmoa izan zen urte batzuk lehenago, suposatzen dut Nafarroan inork ez dituelako dantzatzen. Bolada horretan, apunte teoriko batzuk begiratu ziren nola egiten den jakiteko eta entseatzen aritu ginen, baina azkenean ez genuen osoa ikasi eta, noski, ez genuen plazaratu. Orain dela bi urte ateratzeko ideia berreskuratu zen eta aurrera jo genuen.
- Zein izan ziren jarraitu zenituzten pausuak?
Gure errepertorioan dauden beste dantza guztiekin egin dugun bezala, gure lehenengo pausua Oñatira bertara ikastera joatea zen. Beti dantza ikastera sorlekura joaten saiatzen gara, horrela gure bertsioa ahalik eta fidagarrien izaten da. Baina batzuetan ez dugu lortzen, kasu honetan bezala. Oñatiko dantza taldearen arduradunarekin hitz egin genuen ea irakasteko prest zeuden jakitearren.
Erabateko ezetz batekin erantzun zigun, hirietako dantza taldeek antzinako dantza bat ikasitakoan nahi duguna egiten dugula argudiatuz. Nik ez diot arrazoia ematen, baina bai ikusten dut nola hirietako taldeek batzuetan jatorrizko dantzak aldatzen ditugun.
Hau ikusita eta originalari ahalik eta leialen izateko, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrean 1986. urtean Oñatin bertan eta Korpus egunean grabatutako bideoa lortu genuen. Hamaika aldiz ikusi genuen pausu bakoitza atera eta ikasi arte. Dantzaren zati guztiak nahiko argi ikusten ziren, arkudantzan egiten diren gurutzatzeak izan ezik eta ahalik eta antzekoen egiten saiatu ginen. Geroago eta kasualitatez, Zornotzan egin genuen erakustaldi batean Irungo dantza taldea Oñatiko Korpus Dantzak dantzatzen ikusi genuen eta beraiengana jo genuen arku-dantzaren zalantza hori argitzeko. Dantza folklorikoan beti gertatzen den bezala, tontakeria baina zaila ikusteko kontua zen.
- Zer daukate Oñatiko dantzek bereziki?
Lehenik eta behin, estimua, dedikaturiko ordu guztiengatik. Honetaz aparte eta beti gure ikuspuntuan, Gipuzkoan gaur egun bilakaera gutxien izan duen dantza da. Gure ustez, Oñatiko dantzetan egiten den pausuan Gipuzkoako beste dantzetako oinarria dago. Adibidez, sencillo guipuzcoanoa, egun askoz landuagoa da eta balet klasikoarekin zerikusi handia dauka. Hori zen bere lilura handia.
- Nolakoa da Oñatiko korpus dantze tan erabiltzen den jantzia?
Aipatzekoa da zortzi dantzariek zuriz eta gorriz janzten direla eta, dantzariek gorria daramatena, buruzagiak urdina janzten du. Gure ustez, jantzia da gehien aldatu dena. Gaur egun Oñatin erabilitakoa hau da: praka zuria eta luzea, atorra zuria mauka luzea, gorbata gorria (aipatu dudan bezala, buruzagiak urdina) eta bularrean eta bizkarrean banda bat zeharkatua. Besoetan bi zinta lotuta daramate: bat zuria besaurrean eta kolorezko beste bat eskumuturrean. Nabarmenena gonatxoa da. Guztiek, aitzitik, txapela gorria janzten dute, bai dantzariek, baita buruzagiak ere. Gure ustetan, jatorrizko jantziak Nafarroako Erriberan erabilitakoarekin antza handia izango luke. Azken hau Mediterraneoko itsasertzetik etorria da: praka motza, galtzerdiak, gonatxoa eta zapia zeharkatua. Guk uste dugu gorbata eta praka luzearen kontua oso berria dela.
- Prozesio batean dantzatzen direnez, zuek uste duzue helburu erlijiosoarekin sortu zirela?
Folklorean oso zaila da jatorria noizkoa den eta zertarako asmatu ziren jakitea. Beraz, ez dakigu sorrera erlijiosoa zenentz, baina egungo egunean, Korpusen prozesioan dantzatzen da. Badira ñabardurak argi eta garbi erlijiozko zentzua adierazten dutenak; batez ere banakoan egiten den belaunikatzea. Hori Mikel Doneari erreberentzia argia da, azken finean dantzak berari dantzatzen baitizkiote. Kontrapasan ere bada zatitxoa non dantzariak makurtzen baitira txapela kenduta. Hau beste erreberentzia da. Gainera, txapela kenduta dutenean joko bat egiten dute txapelarekin: gurutze bat marrazten dute.
- Bada dantzan hauekin zeriku-sirik zuen bitxikeriaren bat?
Nik bi pasadizo aipatuko nuke. Lehenengoa, arku-dantzan izugarrizko nahaspila egiten denez, Oñatikoek txapela kentzen dutela zati hau dantzatzeko eta horrela ez zaie erortzen. Guri erortzearen kontuak ez gaitu kezkatzen eta ez dugu kentzen. Beste dantza batzuetan ere osagarriak erortzen dira eta ez ditugu kentzen... Bigarren bitxikeria da abuztuaren 15ean Burlatan urte askotan ez duela euririk egin eta estreinatu behar genuen urtean, hau da, 2001.urtean, egundoko zaparrada egin zuen. Urte horretan Ama Birjinari elizaren barruan banakoa eskaini genion, baina ez genuen besterik dantzatu. Horregatik 2002ko abuztuan berriro Oñatiko Korpus Dantzak plazaratu genituen.
Dokumentuaren akzioak