Dokumentuaren akzioak
On egin zuen txakolinaren festak
Getariako Ameztoi txakolindegian edanari buruzko ikuskizun herrikoia egin zuten dantzariek, txistulariek, bertsolariek eta kantariek
Ameztoi txakolindegiko upeltegian zen jai handia, baina atarian Errenteriako Ereintza dantza taldeko txistulariek eta emakumezko dantzariek Neskatxen soka dantza-rekin berotu zuten giroa. Jai giroan murgildurik, dantzari, txistulari, bertsolari eta ginerako parte-hartzaileak publikoarekin batera sartu ziren upeltegira, Edate dantza-ren doinura. Jendeak inguraturik, upeltegiaren erdian zegoen oholtza. Txistulariak eta Landarbaso abesbatza zeuden oholtza gainean, mahaietan eserita. Behealdean, jendartean, Ereintza dantza taldeko dantzariak, eta balkoian Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euzkitze bertsolariak.
Edateak baduelako alderdi onik
Baratzeko pikuak obrarekin aurkezpen saioa egin ostean, Euzkitzek azaldu zuen jaiaren nondik norakoa: edariaren eta edatearen inguruan gauza txarrak soilik nabarmentzen diren garaiotan gure kulturan edatearen inguruan sortu den ondare aberatsa ezagutarazi eta biziberritzeko ahaleginean jardungo ziren guztiak. Eta bete-betean lortu zuten. Iluntze partean ikusi eta entzun ziren abesti, bertso eta dantza guztiak garai batean giro horretan sorturikoak izan ziren.
Denek parte hartzeko moduko ikuskizuna egin nahi zuen Jon Maiak, Jose Inazio Ansorenaren ideia batetik Txakolinak on egin! ikuskizuna atontzean. Eta jendearen txaloek eta animoak eta festarako gogoak bermatu egin zuten antolatzaileen nahia. Giro beroa sortu zen, gertukoa eta gustagarria. Txakolinarekin eta jai giroarekin batera, dantza, txistua, kantua eta bertsoa izan ziren nagusi herenegun iluntzean txakolindegian. Baina lau elementu horiek ez ziren bakoitza bere kasa aritu, areago elkarrekin eta bat eginik jardun ziren saioaren une askotan.
Dantza erakustaldi ikusgarria
Dantza saioetan Mahaigainekoa izan zen bitxiena. Zazpi dantzarik parte hartu zuten, aurrekoaren lana hobetu nahian, nor baino nor. Gaitasun erakustaldia izan zen hura. Batzuetan bertsolariek lagundurik, bestetan koruak babesturik. Dantzariak eserita zeuden mahaian hasi ziren; oholtza gainean, mahai txikiago batean egin zuten ondoren; beste bat, haiena hobetuz, edalontzi gainean aritu zen denbora luzez; mahai gainean aulki bat jarriz erantzun zuen besteak. Ikusgarria, bat-batekoa, mugimendu handikoa, freskoa, bizia eta azkarra izan zen erakustaldia.
Ondarea ezagutzeko beta ere eman zuen Txakolinak on egin! ekitaldiak. Euzkitzek Maritxu kantua atera zuen sinplekeriaren zokotik: egun kantu inozotzat badugu ere kantu erotikoenetako bat zen bere garaian, azaldu zuenez. Donostian iturrira ur bila joaten zirenean etxekoetatik aldendu eta neska eta mutil gazteak elkartzeko bidea zen kantuan kontatzen dena. Peñagarikano Maritxuren rolean aritu zen, zapia buruan, Bartolori bero kantatzen.
Juan Inazio Iztuetak jaso zuenez, Jorrai dantza eginez amaitzen ziren festak garai batean. Atxurrak eskuetan hartu eta zahagia joz, festa amaitu dela eta edaria utzi behar dela sin-bolizatuz. Hala amaitu zen upeltegiko festa; ez, ordea, jai giroak.
Dokumentuaren akzioak