Dokumentuaren akzioak
On Domingok zulatu zuen putzuaren ura

Ibaeta auzoko Zubietabekoan ondo gogoratzen dute Domingo Zuluaga Uribarrena nor izan zen. Baita Ibarrangeluko udalerri osoan ere. Baita Busturialde osoan ere. Zuluaga, On Domingo modura ezaguna, Ibarrangeluko parrokoa, postaria edota maisua izan zen. Baina hori guztiori baino askoz gehiago ere bai. Frankismoaren itzal astunaren pean, euskalgintzaren, kulturaren eta herrigintzaren aldeko argi errainuak piztu zituen. Isilean. Zalaparta handirik sortu gabe. Umiltasunez. Berak gauzak egiten zekien legez. Ibarrangelutarren memoria gordetzen” gako izan zela diote hura eta bere lana bertatik bertara ezagututako herritarrek: “Geure egunerokotasuna, hizkera, kultura, folklorea, jolasak, abestiak, dantzak eta beste hainbeste eduki gordetzeko egin zuen lana ezin azpimarragarriagoa da”.
‘KANTU ETA KONTU’ LIBURUKO ARGAZKIAK
Espainiako gerrak ikasketa eta abadetza prozesu bete-betean harrapatu zuen On Domigo. Gerraostean itzuli zen jaioterrira, 1949an, eta etenik gabe behar egin zuen tokikoari “zegokion esangura” emateko herri-lana. Akordako Berriotxoa dantza taldearen sortzaile izan zen, baita egun herriko umeen bilgune den Lorea dantza taldearena ere. Bere kabuz doitu zituen eskuak txistu eta danbolinera, eta bere kabuz transmititu zien jakintza hura herritarrei, sortu zuen akademia tarteko. Hamar urte inguruz iraun zuen Ibarrangeluko zinema ere abiatu zuen, eta 2009an Labayru Ikastegiak argitara emandako Kantu eta Kontu liburuaren iparrorratz ere izan zen. Asko eta asko izan ziren On Domingok besteen nahiz tokikoaren mesedetan piztu zituen fronteak; inongo buelta edo irabazi asmo barik, barrua hustu zuen, herriaren mesedetan.
Dena eman duenari zerbait itzultzeko asmoa duenaren prestutasunez, ibarrangelutarrek bere bizitzari buruzko pastorala egin zuten, 2015eko maiatzean. Hamar urteren ostean, berriki atzera elkartu dira kultur etxean, pastorala ikusteko eta proiektu haren bilakaera gogoratzeko. “Ederra eta hunkigarria” izan zen, “herri osoa” bat eginik inplikatu baitzen: “Oraindik ere, baziren pastorala pantailan sekula ikusi ez zutenak, eta haientzako bereziki polita izan zen duela hamarkada bateko bizipenak berritzea”.
Manu Ziluaga ibarrangelutarrak lan handia egin izan du On Domingoren legatuaren garrak piztuta iraun dezan. Ibarrangelutarrek bere ekinaren berri sobera dute: “On Domingori grabaketa ugari egin zizkion, ahal zuena jaso asmoz; jakina da gerra sasoiko zein gerraosteko miseria kontuak albo batera uzten zituela, baina ez, ostera, herriari zegozkionak. Azkenean, lortu zuten On Domingoren isiltasun murru hura eraistea, eta herriko ondareari buruzko Kantu eta Kontu lana horren ondorio da”.
Pastoralaren proiektuak 50 herritar baino gebiagoren parte hartzea eduki zuen
2013 inguruan erein zuen Ziluagak San Andres elizan pastoral bat egiteko ideia. Hura arduratu zen bertsoak atontzeaz eta testuak lotzeaz. Baina hori baino “askoz gehiago” behar zen: “50 lagun baino gehiago mugitu zituen egitasmoak, denetariko lanak egin behar izan ziren eta”. Aldarea txiki geratu zitzaien, eta koru azpian kokatu zuten agertokia. “Inongo propagandarik” egin ez arren, eliza lepo bete zen. On Domingori itzultzeko asko zuten ibarrangelutarrek. Entseguei dagokienez, talde txikitan banatu behar izan zituzten parte hartzaileak, ia urtebetez. Ziluaga ibili zen orkestra zuzendari. Autogestioa izan zen egitasmoaren muina: herria izan zen gidoilari, zuzendari, aktore, atrezzolari eta ikusle.
Belaunaldi arteko herri ekimena izan zen, zerbait izatekotan. “Ume zein nagusi ibili ginen lanean, eta saioetako batzuk gogorrak izan ziren, ez baita inondik inora erraza hainbeste jende koordinatzea eta denek pareko erritmoan aurrera egitea; izan ere, askok eta askok ez zekiten ezta pastoral bat zer zen ere. Beraz, pazientziaz eta konstantziaz heldu behar izan genion bideari, zelan edo halan, On Domingok gauzak egingo lituzkeen erara”, diote prestaketa prozesu hura bizitakoek.
Bizitza baten kontakizuna.
Pastoralak On Domingoren jaiotza izan zuen abiapuntu; eszenaz eszena, bizi zituen toki, pasarte eta egoeretara bidaia egin zuten ekimenaz gozatu zuen ikusleek. On Domingok gurasoak Ameriketan izan zituen hura umea zela, eta arreba zaharrak lagundu zion haurtzaroan. Ibarrangelutik Arteara jo zuen lau urtez, seminariora, eta handik Gasteizkora. Han, Manuel Lekuona edota Jose Migel Barandiaran irakasle izan zituen. 36ko gerrak Bilbon harrapatu zuen On Domingo, baina ez zen han egotera mugatu: Zornotzan morse alfabetoa ikasi zuen. Iurretako parrokoa izatera ere iritsi zen, eta tarte hartan Durangon euskara irakasle ibili zen “isilpean”. Iurretan bertan egin zuen tupust euskal dantzen ekosistemagaz: “Iurretan dantzen tradizio errotua dago, eta han jasotakoa hona ekarri zuen”.
On Domingoren bizitza oinarri hartuta, Ibarrangeluren nortasuna nahiz bilakaera bistaratzen dira obran
Pastoralaren “ardatz nagusienetako bat” herriaren eta herritarraren arteko transbertsalitatea da: “On Domingoren bizitzaren kontakizuna den heinean, Ibarrangeluko herriaren historiaren errepasotik ere badu pastoralak. Herrian arnasten zena errepresentatu genuen, pasatu ziren gertakizunak birgogoratu, eta une historiko esanguratsuak geurean zelan bizi izan ziren erakutsi, esaterako, soldadu faxistak herrira sartu zirenekoa”. Norbanakoa eta jaioterria, izan ere, ezin baitira bereizi: “Ibarrangelu zutabe izan zen On Domingoren bizitza osoan; Ibarrangeluko herri nortasuna ulertzeko, ezinbestean On Domingo aipatu beharra dago”.
Herritarrei geratuko ote zitzaien pena bakarra protagonistak bere omenaldiaz gozatu ez izana izango zen, On Domingo 2010ean zendu baitzen: “Baina, beharbada, ez zuen ikusi nahiko, ze, bere filosofia ez zen ezelan ere zaratarik egitea: auzolan hutsez behar egin zuen bizitza osoan, otzan eta apal. Seguru asko, poztuko zuena herritarrak bat eginda ikustea izango zen, eta herriko ohiturek haiengan guztiengan bizirik dirautela frogatzea”. Urteak igaro dira On Domingoren bihotz taupadak isildu zirenez geroztik. Baina elikatu zituen garunek, bihotzek eta ahoek oraindik bizirik diraute, berak oroitu gura lituzkeen moldean: bat eginda, euskaraz, herritik eta herrirako lanean, ilusioz.
Estadioetako emanaldi kolosalek edo formatu handira jauzia egin duen euskal kulturaren gorakadak lerroburu guztiak hartzen dituen honetan, badago oraindik txikitasunetik jarduten duenik. Horixe gogoratzeko elkartu dira herritarrak, pastoral hura biziberrituz, pantailan barrena izanda ere. Ze, badago kulturan eta herrigintzan eragiteko beste modu bat, zaratatik, handinahitik eta erraldoitasunetik alde egiten duena. Isilean. Zalaparta handirik sortu gabe. Umiltasunez. On Domingok gauzak egiten zekien legez.
Dokumentuaren akzioak









































































