Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Omenaldia bideari eta lagunari

Dokumentuaren akzioak

Omenaldia bideari eta lagunari

Kukai dantza konpainiak 'Adiskideak' «kontzertu dantzatua» emango du ostiralean Donostian

Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/10/20
Lotura
Berria
Ez da aurreneko aldia Kukai dantza konpainiak ia 15 urteko ibilbidean bidelagun izan dituen musikari lagunak bildu —2001ean sortu zuten egitasmoa— eta emanaldi bat propio atontzen duena. 2013ko irailaren 8an Getxofolk jaialdia itxi zuten Kukai & Lagunak lelopean. Oraingoan, lagunak adiskide bilakatu ditu. Ostiralean —20:00etan— Adiskideak izeneko emanaldia eskainiko dute Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. «Ekitaldi berezi bat da. Dantza emanaldi bat baino gehiago, kontzertu dantzatu bat da, gurekin hainbat lanetan aritu diren musikariak omendu nahi baititugu», azaldu du Jon Maia konpainiako zuzendari eta koreografoak. Musikari lagunak eta haiekin batera egindako bidea erakutsi eta omenduko dute, hortaz.

Ikuskizuna atontzen ari dira egunotan, azken moldaketak egiten, Maia bera gidari dela. Iñaki Salvador dago pianoaren atzean, Oreka TX-ko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalaparta jotzen, Sabin Bikandi txistuarekin eta arrabitarekin, DZ DJa musika sartzen, eta Iñaki Telleria perkusioan. Denak dira musikariak, denak Kukairen ibilian noiz edo noiz bidaide bilakatutakoak. Eta ostiraleko emanaldiko «gorputza» osatuko dutenak, Maiaren hitzetan. Eta emanaldian bertan gehiago ere izango dira: Iñaki Letamendia eta Xabi Azkarate perkusionistak, KukaiKaxa ikuskizunean parte hartu zuten dantzariak, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño dantzariak, Beñat Gartzia albokaria eta Hibaikako arraunlariak , «azken horiek kolaborazio txiki bat eginez», besteak beste.

Emanaldiak 75 minutu inguru iraungo du, eta ez da atsedenaldirik izango. «Kontzertu baten gisara prestatua dago, ez horrenbeste dantza ikuskizun baten eran, baina kontuan izan behar da entzungo diren pieza guztiak dantzarako pentsatuak direla. Musikaren eta dantzaren arteko lotura islatuko dugu», zehaztu du dantzari eta koreografoak. Besteak beste, Gelajauziak ikuskizuneko pasarteren bat —Xabin Bikandiren musikarekin— edota Hostoak eta Herritmo-koren bat —Oreka TX-ren musikarekin— entzun eta ikusi ahal izango da. «Collage bat osatuko dugu, eta piezaz pieza eskainiko ditugu, kontzertu baten gisan».

Oraingoz, bakarra

Kazetariak saiatu dira behin eta berriz galdetzen ea ikuskizunak segidarik izango duen, zergatik ez ote duten beste emanaldirik egingo. Mayaren erantzuna. «Oraingoz, ekitaldi bakarra dugu buruan. Aukerak suertatuko balira, planteatu eta ikusiko genuke». Oraingoz, bakarra.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak